Dokumentuaren akzioak
Itsasotik dantzaz
Kritika, Dantza
Lekeitioko kale-antzerki jaialdiaren aspaldiko ohitura da festibalerako
bereziki sortua den ikuskariren bat ekoiztea, eta aurten ere hala izan
da Sarritsasoa lanarekin, Dantzaz konpainiaren zuzendaritza artistikopean.
Izenak
berak dioen bezala, proiektuaren asmoa zen itsasoaren presentzia
nagusia eta Sarrionandiaren indar poetikoa batzea, eta emaitza ikusita,
bete-betean asmatu dutela esan dezakegu. Eguneko argia bere azkenetan
zegoela heldu ziren naufragoak itsasotik, herriko arraunlariek batel
handi batean ekarrita, eta, lehorreratu orduko, dantzaren misterioari
ekin zioten, banaka gehienbat hasiera batean, bikoteka gero, eta giza
multzo indartsuak sortuz beranduago.
Kale-ikuskizun bati
ezinbestean dagokionez, pisu handia hartu zuen jarduera fisikoak Josu
Mujikak diseinaturiko koreografia konplexuan, eta dantzariek aukera
ederra eduki zuten beren gaitasun itzela frogatzeko, jakitun zirelako
hondarraren sendotasun falta eta jantzi ederretan hartutako ura arazo
iturri izan zitezkeela mugimenduaren zehaztasunean. Hala ere, eta
esandako zailtasunak gaindituta, maila bikaineko keinu-garbitasuna eta
barne-energia erakutsi zuten uneoro, eta gero eta harrotuago zegoen
harea ez zen oztopo izan dantzarien fintasunaz gozatzeko.
Soinu-bandako
kanta bakoitzak eta ikusleen txaloek ezarritako etenek zaildu egin
zuten lanaren osotasunaz jabetzea, baina proposamenak bazituen beste
alderdi aipagarri batzuk, eta haien artean bereziki polita izan zen
zuriz jantzitako umeen parte-hartzea, Gernikako bonbardaketatik edota
gaurko miserietatik ihes egindako naufrago metaforikoei kontsolamendua
emanez eta, beharbada, biziberritzea ere ekarriz. Lekeitioko Karkabia
taldeko dantzariak ere naturaltasunez integratu ziren koreografiaren
planteamenduan, eta Dantzaz-eko kideekin batera itsasoratu ziren,
apal-apal eta oinez, hildakoen omenez piztutako kandelak ur gainean
utzita eta, Sarrik esan bezala, «olatuak betazalen moduan ixten ziren»
bitartean.
Arratsaldeko egitarauak Japoniako Ojarus bikotearen
umore naif eta samurrarekin jarraitu zuen, eta gauean su-ikuskizun
ahalmentsua eskaini zuen Herri Katalanetako ScuraSplats talde
beteranoak, munduko botereak euskaraz kritikatuz eta, zelan ez, emozioz,
kez eta txinpartez zipriztinduz Lekeitio zaharreko kale eta bazter
guztiak.
Dokumentuaren akzioak