Dokumentuaren akzioak
'Itsasoaren Emazteak' ikuskizuna arratsaldean
Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak aurkeztuko dute gaur kiroldegian Arrantzale Egunaren barne
Ikuskizun honek, Euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko itsasertzeko arrantzaleen emazteen bizipenak (saregileak) kontatzen ditu. Berrogeita hamar dantzari, goi mailako lau musikari (Pello Ramirez, Xabier Zeberio, Fredi Pelaez eta Angel Unzu) eta bi aktore (Miren Gojenola eta Agurtzane Intxaurraga) bilduko dira taula gainean olatuaren joan etorrian, josi eta josi saretan barrena historia bizi eta hunkigarria harilkatuz. Emanaldi bikaina izango da zalantzarik gabe.
Arrantzale Eguna
Lehenik eta behin gogoratu gaurko egunez arrantzale jantzita atera behar dela kalera. Goizeko 9:00etan diana izango da Gazte Alaiak txistulari taldearekin. 11:00etan Arrantzaleen Meza Getariako abesbatzak abestuta, Jazinto Isastiren zuzendaritzapean. Amaieran Karmen Amabirjinaren prozesioa eta Itsas Bedeinkapena, Artzapen. Eguraldiarekin kezkatuta egon arren aurreratu dezakegu prozesioa egingo dela. Eguraldia lagun izan ezkero beti bezala Artzaperaino eramango da Amabirjinaren irudia eta eguraldi txarra egingo balu, elizan bertan egingo da ibilbidea, atariraino eraman eta berriro bere tokira itzuliaz, koruaren laguntzarekin.
Garai batean maiatzaren amaieran egiten zen ekimen hau. Berez uztailean izaten da Karmengo Amabirjinaren eguna baino garai horretan arrantzaleak atunetan egoten direnez aurretik egiten da. Dena den azken urteetan maiatzaren hasierara pasa da Antxuaren Egunarekin lotuta egiteko asmoz.
Gogoratu baita Tecnaliako Iñigo Onandia ikertzaileak, bere kamerarekin, arrantzaleek eta atunek, itsasoko nagusiek, buruz buru egiten duten borroka deskribatzen duela erakusketa batean, Udaletxeko sarreran topatuko duzuena.

Arrantza munduari lotutako ikuskizuna gaur ikusgai Sahatsaga kiroldegian.
Dokumentuaren akzioak