Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Itsasoak eta mendiak ekartzen duten indarra gorpuztu nahi izan dugu»

Dokumentuaren akzioak

«Itsasoak eta mendiak ekartzen duten indarra gorpuztu nahi izan dugu»

Pantxika Telleria - Koreografoa

Ostiralaz geroztik, Maitaldia dantza festibalean mundu osoko artisten obrak hiri osoan zehar ikusteko parada bada Biarritzen. Nazioarteko izarren artean, bertakoen sorkuntza berriak ere deskubritu daitezke. Elirale konpainiak «Artha» obra berria aurkeztuko du asteartean Colisee aretoan. Pantxika Telleriak sortu zuen 2001ean Lapurdiko taldea eta koreografo gisa hainbat estilo uztartzen ditu.
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Senpere
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/09/09
Lotura
Naiz

Bi urteko lanaren ondoren, obra berria estreinatuko du Eliralek. Sorkuntza prozesu luzea eraman du Telleriak bost dantzarirekin: Oihan Indart, Chloe Sindera, Arantxa Lannes, Jorge Calderon Arias eta Maeva Coelo. Denbora horretan ez dira koreografoa eta dantzariak mundutik deskonektatuta izan, sorkuntzaren sorrera prozesuan ikusleekin harremanetan egon baitira; entsegu publikoak eta mediazioak garatu dituzte hainbat hezkuntza zentrorekin.

Nola aurkeztuko zenuke «Artha» zure azken lana?

Pieza abstraktua heldu da, irudimenezko Artha bat, bost dantzarirekin. Artha Donibane Lohizuneko dikea da, badian dagoen harresia, eta lapurteraz “arta”-k erran nahi du “babestu” edo “sendatu”. Hortik abiatu nintzen; dikea niretzat bizi espazio bat da. Maiz joaten naiz bertara ibiltzera, neure burua erregeneratzeko, eta sentitzera nola nire oinak bermeen bitartez pausatzen diren dikearen zola granulatsu horretan, eta nola sentitzen naizen oso bizirik nire gorputzean.

Aldi berean, inguruan Larhun mendia eta beste batzuk ere badira, sustraitzen gaituztenak. Itsasoa beti ezberdina da, bere bizi mugimenduen arabera, eta beti sentsazio ezberdinak sentitzen dituzu. Hortik abiatuta, duela bi urte hasi ginen emanaldia prestatzen, espazio amestu bat Artharen inguruan bost dantzarirekin, galdezkatuz dike horren gainean garelarik berriz abiatzeko posibilitatea dagoen, edozein izakirentzat.

Hasi gara hizkuntza bat sortzen keinu mailan, eta hor proposatu dizkiet dantzariei Artharen gainean nituen sentsazioen arabera ikustea zer sentitzen zuten, eta sortu dugu hizkuntza abstraktu bat. Hortik landa kolektiboaren bihotza sortu dugu, ikusiz nola bostek beraien artean funtzionatzen ahal zuten kolektibo gisara, eta nola kolektibo horretatik bakoitzak erabakitzen ahal zuen joatea.

Bide horretatik immigrazioaren gaia jorratu dut. Gaur egun anitz aipatzen da, baina ez dut nahi izan alde politikoa tratatu, baizik eta nola gizaki bakoitzak baduen bere bizi momentuetan joateko beharra eta eskubidea. Nolaz kolektiboak babesten ahal duen joateko behar hori, integratuz bertan.

Abstrakzio horretan itsasoaren mugimendua eta mendien eta Artharen babesa atzematen ditugu?

Espero dut. Espazioak, itsasoak eta mendiak ekartzen duten indar hori nahi izan dugu gorputzen organizitateetan eman, baina behin lortzen genuelarik, berriz heldu zitzaigun joatearen beste kezka hori. Babeste horretan, dantzariek atera behar zuten itsasoaren ingurutik, bakoitzak bere indibidualitatea, orduan piezan zehar gaude joan-jin etengabeetan, ñabardura anitzekin.

Dena dago lotuta eta eraikia ñabarduretatik ibiltzeko, ez da sekula hain garbi non garen eta zer garen. Egia erran, nire lanean, eta eskarmentu pixka bat badaukat, beti gure jariakortasuna eta gure gorputzetan den ura xerkatu izan ditut. Konturatu naiz “Artha” beharbada badela harri bat gure ikerketa sakonean, konpainia mailan. Jariakortasun horren bila ibili gara, noiz ura garen, eta noiz uretatik kanpo gure izadien kezkak edo erronkak adierazten diren, beti dantzaren bitartez, eta ez hitzen bitartez.

Sorkuntza prozesua berezia izan da; zailtasunak ere bereziak izan al dira?

Aldiro daude zailtasunak, aklaratzeko beharrak, obra bat sortzeko elementu guztien artean: musika, dantza, argiztapena… Zailtasuna izan da pausatu delarik espazio hori inspirazio iturri gisara; musika mailan dramatizazio puntu orekatua eta amankomuna atzematea Paxkal Irigoyenekin. Espazio mailan Asisko Urmenetarekin lan egin dut, eta espazio frontal batean izango garenez, kontraesanik ez izatea bilatu dugu. Baina bagoaz itsasotik izadiaren joateko eskubidera, eta momentu batez inmertsio bat, nondik ezin garen atera, eta hortik beste espazio bat irekitzen da. Noski behar zen kodigo argi bat sortu, eta batzuetan galtzen nintzen, gehiegi adierazi nahian.

Kolektibo hitza aipatu duzu. Bost dantzariak kolektibo bilakatzeko desmartxa nolakoa izan da?

Ainitz ibiliz. 2016an bukatu genuen “Xihiko” gure azken emanaldia eta hori zen jauzien koreografiari buruz eraman genuen ikerketaren emaitza. Ohartu ginen nire hizkuntza koreografikoan bazela kutsu garaikide bat ere, eta kutsu hori jauzi sistemarekin lotua zela. Argiki utziz sistema hau ibiltze prozesu bat dela puntuazio prozesu batekin, berriz lanean sartu gara ibiltzen puntuazio horrekin, eta horrela kolektiboa sortu dugu.

Esaldi amankomunak nik sortutakoak dira, dantzariek bat egin dute hizkuntza proposamen horrekin, eta kolektiboa sortu da eginez eta eginez, ibiltze puntuaziodun horrekin. Egia esan, gorputzak lotu dira ibiltze horiek frogatu eta gero. Sistema koreografiko honek hainbeste eragin du piezan, hainbeste eragin dugu kolektiboa sortzeko, non behar izan dugu hortik at joan, gaur egun gorputz kontaktuetan lantzen den gestual baten sortzeko.

Urte batez ibili gara musikarik gabe. Guk materiala sortu eta gero Paxkal bere musikarekin etorri da poliki-poliki. Orduan behar izan dugu landu gure gorputz abiaduretatik eta arnasketatik; kasik dena isiltasunean sortu dugu. Horrek inposatzen dizu gorputzak oso entzumen handian ezartzea, kolektibo horren sortzeko.

Bagenuen kristoren konfiantza Paxkalengan, zeren eta “Xihiko”-n segitu zuen sorkuntza. Guk gorputza oso argi bagenuen, arnasa eta abiaduretan, kalitateetan, organizitateetan, gero soinu banda sortzeko, sistema horrek kristoren konposatzeko gaitasuna ematen du.

Bagenekien kolektibo eta ardatz horiek argi uzten bagenituen gorputzak bateratu ahal izango genituela; hori gertatzen da jauzien sisteman. Sistema oso abstraktua da berez, bagenekien bat eginen genuela kolektibotasun horretan, frogatua genuen entseguetan jada. Hizkuntza horren sortzeko behar zen elkarrekin izan, eta denbora izan dugu.

Obra honetan musika sorkuntza-prozesua berezia izan da. Aurreko astelehenetik soilik daukazue soinu banda. Egokitzapenik egin behar izan al duzue geroztik?

Bi urte horietan Paxkal Irigoyenekin lan egin dut, berak unibertso sonoroa sor zezan. Nahi izan dugu bai dantzariek sortzen zuten gorpuzkerekin, baita musika mailan ere, Arthak sortzen duen mundu hori izan dadin itsasoa bera, gauez itsas giroan diren itsas argi guztiak, obra hipnotiko bat sortu ikusleentzat. Eman izan ditugu entsegu eta pasarte batzuk publikoaren aitzinean, baina asteartean lehenbizikoa izanen da musikarekin.

Ez dugu batere egokitzapenik egin behar izan. Harrigarria da hariztatzean nola iraupenak biziki zehatzak ziren gorputzean. Gorputzak badu sekulako memoria eta ez gara ohartzen ze ahalmen dituen. Bi urte generamatzan iraupen horiek instalatzen eta gero Paxkal sartu da urtarriletik gogorki. Izan dira joan-jinak eta proposamenak, baina uztailean baziren gauza batzuk ez zirenak idatziak, edo proposamen batzuekin ez nuen bat egiten. Agorrilean lanean aritu da soinu teknikari batekin grabatzen, eta astelehenetik daukagu definitiboa.

Kristoren lana egin du Paxkalek, musikari guztiak ez dira gai horren egiteko, berak badu dantzarekiko grina, Garaztar taldean aritu izan da, eta ulertzen du dantza. Bazen kristoren aukera errazago elkar ulertzeko.

Ikusleekin obraren parte bat partekatu duzue jada entsegu publikoetan, eta ikasleekin elkarlanean.

Izan ditugun entsegu publikoetan jendea gero mintzatzera hurbiltzen zen, sekula ez bezala, eta hori ez nuen espero. Bereziki aipatuz babestokia dela Artha, eta aipatuz babestokiei buruz ze gorputz esperientzia pertsonal zuten. Horretaz oharturik zabaldu ditugu sorkuntzak mediazio mailan. Guk erakusten genien genuena, baina beraiek, kolegio eta lizeoetan aritu gara ere, eta beraiek gorputza nola sentitzen zuten babestoki bati buruz. Sortu dugu publikoarekin joan-jin etengabekoekin, eta hor ere aklaratu beharrak sentitu ditugu, eta orduan horrek aberastu gaitu.

Baionako Albert Camus kolegioarekin elkarlanean proiektu bat osatu duzue, argazki erakusketa bat egiteko zuen dantza oinarri hartuta.

Erakusketa abenduan izanen da. Egin dituzten argazkietan ez gaituzte gu hartu, baizik eta 30 ikasle inguru horiek; beraien artean Artharen inguruan sortutako mugimendu proposamenak hartu dituzte argazkitan.

0909_kul_telleria

Dokumentuaren akzioak