Dokumentuaren akzioak
Itsasoa, dantzarako oholtza
Kresala dantza taldeak 'Amoria & Dolore. Elkano, lehen mundubira' obra aurkeztuko du gaur Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, mundu itzuliaren 500. urteurrenaren harira
Aranzabalen hitzetan, Kresalako 30 dantzarik «herri inspirazioz gorpuztutako arte barrokoaren espresioan, dantza preklasikoko bilduma oparoa» osatu dute, eta «era natural eta askean» antzeztu. Ekitaldi bakar batean garatutako hamazazpi eszena sortu dituzte, eta Enrique Solinis musikariak plazaratutako azken diskoa izan dute ardatz. Erdi aroko musikan oinarrituta, gaur egungo emanaldi bat sortu nahi izan dute, betiere garai haietako kultura gogoan izanda. «Azken batean, antzerki nazionalaren dantza sorkuntzako molde berri baten eredua aurkezten da, drama tradizional garaikide bat proposatuz, espazio eta denboratik kanpo kokatzen dena», adierazi zuen Aranzabalek atzo, obraren mamia laburbiltzeko orduan.
Aiora Marigil Kresala dantza taldeko idazkariak BERRIAri azaldu dionez, obrak Elkanoren zirkumnabigazioaren «urrezko aroan» zehar bidaiatzen du, ikerkuntza eta berrinterpretazioa lagun dituela, era horretan «ondare artistiko eta koreografiko berria» sortuz. Iaz 500 urte bete ziren Juan Sebastian Elkanok (1486-1487, Getaria, Gipuzkoa) munduari lehen itzulia emateko bidaiari ekin zionetik, eta gertakari historiko horretan oinarrituta eraman dute aurrera lana. Taldekideak gogora ekarri du mundu bira hartan Euskal Herriaren kokapena nahitaezko igarobidea edo sartu-irten atea izan zela, eta horrek «kultura desberdinak erakarri» zituela.
Marigilen hitzetan, obra ikustera joango den publikoak gertu sentituko ditu portuak, itsasoa eta itsasontziak: hori da lortu nahi izan dutena. Solinisen eta Aranzabalen artean mamitu zen abiapuntuko ideia. Musikariak 2019. urtearen hasieran ekin zion tradizio ezberdinak ikertzeari; ikuskizunaren jatorrizko musika sortu zuen, eta konpainiako zuzendariarekin partekatu zuen. Aranzabal ere ikertzen eta dantza tradizionalak eta munduko beste toki batzuetako dantzen «arrastoak» batzen dituzten koreografiak lantzen aritu zen. Obra honetarako diseinatu diren jantziek «jarraitutasun bat» ematen diote musikak eta koreografiek sortutako batasunari, zuzendariaren ustez. Obraren bidez «publikoa sentiaraztera, pentsaraztera eta hausnarketa bat egitera gonbidatu» nahi izan dutela ere nabarmendu zuen.
Obra lantzeko orduan dantza maisu eta koreografo erreferenteak izan dituzte inspirazio iturri; Juan de Esquivel Navarro, Juan Ignacio de Iztueta eta Antonio Gades, kasurako. Haiekin batera, idazle ezagunen poemek «emanaldia hezurmamitzen» dutela azaldu zuen Aranzabalek, poesia giltzarri bilakatuz. Besteak beste, poeta ezagunotan jarri dute begirada: Joxean Artze, Bernart Etxepare eta Eduardo Galeano.
Obraren aurrestreinaldia joan den urtean egin zuen taldeak, Ekuadorko hiriburuan, Quiton. Pandemiaren aurretik emanaldi ugari zituzten lotuak Euskal Herrian, baina Bilbon eta Getarian (Gipuzkoa) aurkezteko aukera izan zuten bakarrik. Egoera eta neurriak aldatuta, Hondarribian (Gipuzkoa) aritu ziren joan den maiatzean. Iazko apirilean Donostian estreinatzekoa zen obra, baina, azkenean, gaur igoko dira Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara. Udako Arte Eszenikoen programaren barruan antzeztuko dute, eta Elkano nabigatzaile gipuzkoarra omentzeko pentsatutako jardueren barruan kokatu dute ekitaldia.
53 urteko ibilbidea
Kresala dantza taldea 1968. urtean sortu zen, Gene Iurre zuzendariaren eskutik. 1993tik, Aranzabal da zuzendari artistikoa. Mundu tradizionala eta poetika bisuala inspirazio iturritzat hartuta, dantza antzezpen originalak osatzea izan du xede, «emozioetatik sortzen diren mugimenduei erreparatuz». Hainbat obra aipagarri eman ditu taldeak, tartean Hostoak (1996), Sehaska (2006), eta Oteizaren kaxa beltza (2014). Kresala dantza taldearen helburua, arduradunen esanetan, beti izan da dantza tradizionala Europako dantza preklasikoaren eta historikoaren estiloarekin txertatzea. Nazioarteko dantza sari ugari lortu ditu bere ibilbidean.
Dokumentuaren akzioak