Dokumentuaren akzioak
Itsasikoak Azoreetatik bueltan
Italia eta Portugaleko taldeekin batera aritu ziren bertako jaialdian
Bertan, hiru herrik izan dute lekua: Euskal Herriak, Italiak eta Portugalek. Azken herrialde honetatik lau talde aritu ziren, eta horietako hiru Azoreetakoak bertakoak.
Itsasiko dantzari eta musikoek lehenengo bost egunak Terceira irlako hiriburua den Angra Do Heroismon igaro zituzten, bertako ikastetxe batean lo eginez. Bertan eginiko egonaldian egunero eskaini zituzten emanaldiak, hiriburuan bertan eta baita Praja Da Vitorian ere. Emanaldi guztiak ezberdinak eskaini zituzten eta, gehienak musikoez lagunduriko dantza eerakustaldiak izan baziren ere, aurtengo bidaian musikariek garrantzi berezia izan dutela esan daiteke, ohikoa baino erakustaldi gehiago egin baitituzte. Esaterako, Angra Do Heroismoko plaza nagusian Euskal Herriko kanta herrikoiak eskaini zituzten eta Euskal Herriak bere bereak dituen txistua, danbolina eta txirula bezalako musika tresnei buruzko nondik norakoa azaldu zuten. Bestalde, jaialdi beraren barruan, Itsasik euskaldunon aintzinako jantzirik adierazgarrienak ere erakutsi eta agertu zituen musikoen emanaldi batean.
Terceirako egonaldiaren ondoren, azpeitiarrak Santa Maria irlara joan ziren. Irla horretan Terceiran baino egun gutxiago igaro zituzten, bi besterik ez, baina emanaldi oso arrakastatsua eskaini zuten herri txiki bateko hondartza xarmangarri batean. Jende ugari bertaratu zen eta Itsasikoen emanaldiari txalo zaparrada handiarekin erantzun zioten. Azoreetako egonaldiko unerik garrantzitsuenetakoa izan zela esan daiteke, Itsasikoentzat oso hunkigarria eta ahanztezina.
Azpeitiarrek Azore irletan eginiko egonaldia ez da ordea dantza eta musika soilik izan. Izan ere, leku berriak ezagutu eta ondo pasatzeko astia ere izan dute Itsasikoek. Terceira irla ongi ezagutu dute, Atlantikoko ur hotz eta gardenak ezagutu dituzten bezalaxe. Azoreetatik itzuli ondoren, eta atsedenaldi labur baten ostean, dagoeneko hasi dira berriro lanean Itsasiko lagunak.
Oraingoz, aurten ez dute emanaldi gehiago egin beharrik izango, baina hala ere Gabonak bitartean badute zereginik: dantza sueltoko ikastaroa antolatu, Santo Tomas egunerako prestaketak, eta abar. Beraz, Itsasikoek gogor ekin diote lanari, hurrengo urteetan ere euskal kultura eta folklorea lau haizetara zabaltzen jarraitu ahal izateko.
Dokumentuaren akzioak