Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itsasik 'Soka dantzan' ikuskizuna estreinatuko du larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Itsasik 'Soka dantzan' ikuskizuna estreinatuko du larunbatean

Komunikabidea
Uztarria.com
Mota
Albistea
Data
2011/07/15
Lotura
Uztarria.com

Joan den astean hastekoa zen Azpeitia Dantzan, baina arazo teknikoak tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten Jose Mari Orbegozoren saloiko dantzen saioa. Udaleko Kultura bulegotik gaur bertan jakinarazi dutenez, ordea, Itsasik larunbat gauean aurkeztuko duen Soka dantzan ikuskizunaz gain, aurreko astebukaeran Sanagustinen bertan behera gelditu ziren emanaldiak ere -Jose Mari Orbegozoren taldearena eta DJena- etzi eta igandean emango dituzte.

Etzi, larunbata, DJ Beba eta DJ Etxaun ariko dira Sanagustinen, gauerditik aurrera, Azpeitiko Tabernarien Elkarteak antolatuta. Igandean, Jose Mari Orbegozoren eta haren taldearen txanda izango da Azpeitia Dantzan-en. Saloiko dantzen ikuskizuna 20:00etan hasiko da.

Soka dantzan

Beraz, ustekabekorik ezean, larunbatean ekingo diote Azpeitia Dantzan egitasmoari. Oraingo honetan, Azpeitiko Itsasi Dantza Taldeak Soka dantzan izeneko ikuskizuna taularatuko du estreinakoz. Emanaldia Sanagustin kulturgunean izango da, 22:00etatik aurrera.

Itsasik dantza tradizionaletik abiatuko du ikuskizuna, Nafarroa Beheko eta Luzaideko soka dantzekin, eta, horren haritik, beste pieza tradizional batzuk ere taularatuko ditu jarraian: Axuri beltza, Luzaideko polkak eta desafio bat. Ondoren, saioa biribiltzeko, dantza taldeak berak sortutako koreografia berriak aurkeztuko dituzte; besteak beste, Mikel Laboaren Negu hurbilak abestian eta Heviaren musikan oinarritutakoak. Gutxi gorabehera, ibilbide bat planteatuko dute dantza tradizionaletik garaikidera.

Maite Maizek eta Ainara Bidalek zuzenduko dute ikuskizuna. Bikotea arduratu da ekoizpena osatzeaz, egituratzeaz eta koreografia berriak lantzeaz. "Euskal dantzako pausoak hartuta, gure erako edo gustuko koreografiak egin ditugu. Nolabait esateko, gure baitatik irtendako dantzak dira", nabarmendu du Maite Maiz zuzendariak.

"Dantza tradizionala oso barneratuta dugu. Alde horretatik, ez dugu inolako zailtasunik izan", dio: "Beharbada, koreografiak sortzeak lan gehiago eskatu digu. Azken finean, sormen lana delako, eta tradizionalarekin lortu behar delako. Ainara Bidalek izaten ditu ideia polit gehienak, eta hari esker egin ahal izaten ditugu".

Soka dantzan izenburua jarri diote, ikuskizunaren oinarria eta hari gidaria soka dantza delako. Maizek argitu duenez, "emanaldian taularatuko ditugun dantza askotan kulebroia edo soka dantza estiloko mugimenduak ikus daitezke. Horrez gain, nola ez, soka dantzan ere ariko gara".

Urtero, ekoizpen berria

Itsasi Dantza Taldeak beste ikuskizun bat prestatu eta aurkeztu ohi du urtero-urtero Azpeitia Dantzan kultur egitasmoan. "Herriko jaietako erakustaldiez aparte, ikasturtea horretara bideratzen dugu. Ondoren, emanaldi gehiago ateratzen baldin bazaizkigu, saiatzen gara eskaintzen", dio Maizek.

Azken urteetan, gainera, garapen nabarmena izan dute taldearen dantza proposamenek; hau da, izaera garaikideari bide eman diote. "Nolabaiteko haustura duela hiru urte inguru egin genuen. Ordura arte dantza tradizionalean bakarrik oinarritzen ginen gure ikuskizunetan, baina pixkanaka-pixkanaka gauza berriak sartzeari ekin genion. Azkenaldian, betiko dantza tradizionala mantendu dugu, baina guk sortutako pieza modernoagoak ere txertatu ditugu".

Euskal dantzazaleen artean denetariko gustuak daude. Batzuk puristak dira, eta beste batzuk, berriz, proposamen berrietara irekita daude. Itsasiren ikuskizunek oro har harrera ona izaten dutela adierazi du dantza taldeko zuzendariak: "Ikustera etortzen zaizkigun jendeak asko eskertzen du zerbait berria eta ezberdina. Dantza tradizionalak ikusiegiak daude, eta pixka bat aldatu eta bestelako zerbait eskaintzea estimatzen du ikusleak".

Soka dantzan ikuskizuna estreinatuko du Itsasi Dantza Taldeak, datorren larunbatean. (ITSASI DANTZA TALDEA)

Dokumentuaren akzioak