Dokumentuaren akzioak
Itsasi taldeko 60 lagun bilduko dira igandeko bazkarian
Azpeitiko Euskal Kultur eta dantza taldeko kideak partaide ohiekin bilduko dira. Orain dela 30 urte sortu zen elkartea eta gaur egun "oso ondo" doan arren, mutil gazteen beharra dute
Ondoren, Azpeitiko Soreasu San Sebastian Donearen parrokian meza egingo dute eta amaieran taldeko dantzari txikiek emanaldia eskainiko dute. Bazkaltzeko orduan, kide ohiak eta oraingoak Kiruri jatetxean bilduko dira. "Garai batean Itsasin ibili direnekin harremanetan jarraitzeko urtean behin izaten dugun eguna da, hori da helburua behintzat", azaldu zuen Amaia Aranaga kideak.
Igandeko bazkarian, oraingo eta lehengo dantzarien artean, 60 lagun bilduko direla aurreratu zuen Aranagak: "Azken urteetan, gainera, Itsasi sortu zutenak ere etortzen dira eta giro ona izaten dugu".
Jon Arregik 17 urte ditu eta aurten bigarrengo aldiz joango da bazkarira. "Batzuk ezagutzen dituzu orain dela gutxi utzi dutelako, baina besteekin harremana izateko aukera ona da egun hau". Bazkalostean, Itsasiko trikitilariekin kalejira egingo dute.
Bihar, berriz, haurrei zuzenduriko ekitaldiak izango dira. 17.00etan merienda egingo dute Jesus eta Mariako egoitzan eta, ondoren, jolasak antolatuko dituzte. "Bazkarira joateko txikiegiak direla eta arratsalde batez ekitaldi bereziak egiten dituzte beraientzat, dantzaz gain beste zerbait egin dezaten", esan zuen Amaia Aranagak.
Lau sail 1976. urteko urrian eskaini zuen emanaldia lehendabizikoz Itsasik Loiolako Santutegiaren aurrean. Ohitura zaharrak indarberritzeko asmoz sortu zen Itsasi eta dantza talde bezala ezagutzen den arren, musikari, ttunttur eta erraldoien taldeak ere baditu, "beti ere gehien lantzen dena dan-tza izan da", agertu zuen Aranagak.
Gaur egun, 30 urteren ondoren, taldeak osasun ona duela esaten dute kideek, baina mutil gazteen beharra dutela onartzen dute: "Neska asko ditugu, arazorik ez dugu horretan. Baina hamar eta hamabi urte bitarteko mutilak saskibaloian edo pilotan ibiltzen dira eta entrenamenduak direla eta ezin izaten dute etorri eta ez dugu lortzen mutiko asko dantzarako animatzea".
Urrian egoitza aldatu zuten eta, horrekin batera, helduentzat dan-tza eskolak hasi zituzten. "Oso gustura gaude, 20 eta 40 urte bitarteko hamabost emakumezko zein gizonezko etortzen dira".
Dokumentuaren akzioak