Dokumentuaren akzioak
Itsas milien gainetik bat eginda
Bat eginda daude egunotan Euskal Herria eta Edinburgo; sorkuntzaz, behintzat, hala dihardute. Errenteriaren (Gipuzkoa) eta Eskoziako hiriburuaren artean dagoen 1.050 itsas milako distantzia, adibidez, desagertu egingo da, gaur, une batez; Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen ikuskizuna egingo baitute alde bateko eta besteko sortzaileek: Atlantik 1050. Alain Maia koreografo eta dantzariak, Jen Wren koreografo eskoziarrak eta Amy Geddes musikari eskoziarrak ondu dute pieza, eta Edinburgoko kaleetan dute estreinako zita. Hiriburuaren beste gune batean, euskal dantza tradizionala, garaikidea eta umorea uztartzen jardungo da Tio Teronen Semeak taldea, Fresh Cool ikuskizunarekin. Hirugarren aldiz erakutsiko diote lana gaur Eskoziako hiriburura gerturatuko den ikuslegoari, eta bihar azken saio bat egingo dute, Royal Mile Mercat Stage agertokian.
Edinburgh Festival Fringe nazioarteko arte eszenikoen jaialdirik handienean ari dira parte hartzen. Baina ez dira joan diren euskal sortzaile bakarrak. Atzo eta herenegun 2Theatre antzerki konpainiak, Krego-Martin dantza taldeak, Akira Yoshidak eta Proyecto Colectivo HQPCk aurkeztu zuten beraien lana, beren-beregi, euskal obrak erakusteko antolatutako Basque Showcase izeneko sailean; igandera bitarte, egunero erakutsiko dituzte pieza guztiak. Arte eszenikoetako piezak ez ezik, literatur lanak ere aurkeztuko dituzte bihar hasiko den Edinburg International Book Festival jaialdian. Orotara, 48 euskal sortzaile bilduko baitira Edinburgon egunotan.
Etxepare Euskal Institutuak urtarrilean aurkeztu zuen Scotland Goes Basque egitasmoa, Eskozian 2019an zehar izango diren hogeitik gora kultur ekitalditan euskara eta euskal kultura ezagutaraztea xede duen egitasmoa. Euskal musikariak izan ziren herrialde horretara bidaiatzen lehenak, hainbatek Glasgowko Celtic Connections jaialdian parte hartu baitzuten. Maiatzean, berriz, euskal zinemaren hainbat lan erakutsi zituzten Cinema Attic eta Edinburgoko Nazioarteko Zinema jaialdien programazioetan.
Arte eszenikoen eta literaturaren eremuan dabiltzan euskal sortzailek dira orain Edinburgon, Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan parte hartzen. Aukera garrantzitsua dela azpimarratu dute Etxepareko arduradunek. «Euskal sortzaileek Eskoziako zein nazioarteko ikusleei euren lana aurkezteaz gain, nazioarteko profesional ugarirekin harremanak garatzeko aukera izango dute».
Literaturari lekua
Hilaren 18ra bitarte egingo dituzte euskal sortzaileek emanaldi gehienak. Bihar, liburua aurkeztuko du Iban Zaldua idazleak bertan. Hain zuzen, James Robertson idazlearekin ondutako Txekhov vs Shakespeare egitasmoa aurkeztuko du. Euskarak eta eskozierak bizi duten errealitatetik tiraka, idazle biek gutun trukea egin dute, eta liburu batean bildu dituzte gogoetak. Solasaldia egingo dute biek, Edinburgoko Garden Theathren. Arratsaldean, berriz, Twist eleberriaz arituko da Harkaitz Cano, Jumoke Verissimo poeta nigeriarrarekin batera.
Igandean, arte eszenikoen lana erakusteko Basque Showcase saila egiten ari den bitartean, Living, Lovin and Loss solasaldia egingo dute Miren Agur Meabe euskal idazleak eta Zinzi Clemmons idazle estatubatuarrak. Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte eta Joseba Etxegoien sortzaileek Wine and Words saioa egingo dute gero. Scotland Goes Bertsolaritza! emanaldiarekin bukatuko dute eguna: Sarriugartek, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak eta Eñaut Elorrieta abeslariak prestatu dute emanaldia.
Datorren astean, euskal sortzaileek gidatutako beste hiru saio izango dira Eskoziako hiriburuan. Alberdi Indigenous Voices izeneko zikloan izango da hilaren 12an, Ciara MacLaverty poetarekin eta Rachel Newton kantari eta harpistarekin; Throwing Voices ikuskizuna aurkeztuko dute. Hilaren 17an Bernardo Atxaga izango da Edinburgon. Bere lanak itzuli dituen Margaret Jull Costarekin batera arituko da, eta Nevadako Egunak (Pamiela, 2013) nobelaz hausnartuko dute. Eta Eider Rodriguezek itxiko ditu euskal sortzaileen parte hartzeak, hurrengo egunean. Irakurketa saioa egingo du goizean, eta itzulpengintzari buruzko tailerra gero.
Dokumentuaren akzioak