Zinetika jaialdian aurkeztu zuen Olatz Larunbe zurukuaindarrak (Nafarroa) bere lehen lan pertsonala: Uholdeak. Bost minutuko bideo-dantza da, eta beste sei interpreterekin batera dantzan aritzeaz gain, zuzendari artistiko lanetan ere ibili da Larunbe. Ikus-entzunezko zuzendaria Barbara Fernandez izan da. Orotara, 18 pertsonako taldea batu du argitara atera berri den proiektuan lanean.
Lau dira obraren elementu nabarmenak: gorputzen mugimendua, soinua, ura eta lokatza. Artistak argitu duenaren arabera, hasiera batean taldearentzako baino ez zuen grabatu nahi, material gisa izan zezaten. Dantzariak Noaingo (Nafarroa) La Faktoria Choreographic Center dan-tza eskolako lagunak ditu, eta aise osatu zuen zazpikotea. Musikariak ere arin lotu zituen, Ibil Bedi taldeko Amets Aranguren eta Areta Senosiain, aspaldiko lagunak baititu. Talde teknikoa osatzea gehiago kostatu zitzaiola azaldu du, baina, azkenean, Madrilgo bi pertsonarekin jarri zen harremanetan eta, bere hitzetan, haiek gabe ezingo lukeen proiektua aurrera atera. Ikus-entzunezko zuzendari giza Barbara Fernandez izan du lagun, eta elkarlanean zuzendu dute pieza.
Pertsonala
Lanaren motibazioa sakonki pertsonala da Larunberentzat. Iaz Iruñerria erasan zuten uholdeak oso gertutik bizi zituen. Atarrabian lagunak ditu, eta etxea ere galdu zuten batzuk. Berehala gerturatu zen laguntzera zurukuaindarra. “Egun hartan hasi zen proiektua nire buruan”, zehaztu du. Baina, aipatu behar da, aurretik ere bazuela urarekin lotutako proiektu bat garatzeko asmoa.
Hala, uholdeak gertatu zirenean argi izan zuen zerbait egingo zuela. Uraldien hurrengo egunean elkarrizketa bat egin zion bertako bizilagun bati, Txusi, “emozio guztiak azalean zeudela”, eta horrek ardaztu du ikus-entzunezkoaren narrazio osoa: janzkera, musika, mugimenduak, koreografia, narratiba, lekua... Hasieratik garbi zuen film labur bat egingo zuela, gorputzak jarri nahi baitzituen uretan dantzan, eta hori taula gainean aurkeztea ez da posible. Deierri eta Gesalaz haranen artean dagoen Aiotzeko urtegian grabatuko zuela ere argi izan zuen Larunbek lehen unetik.
Elkarrizketatik ateratako emozio horietatik abiatuta sortu zuten koreografia: dantzari bakoitzari bana eman zion Larunbek, inprobisa zezaten. Bada atal bat non denek elkarrekin dantzatzen duten, Aiotzeko urtegian murgilduta, eta hori denen artean sortu zuten, pausoz pauso.
Mugimenduen sorkuntzan inprobisazioak duen garrantzia argitara utzi du Larunbek: “Gehienbat inprobisazioa da, baita grabaketa egunean ere. Ez da berdina estudioan dantza egitea edo uretan zein lokatzetan, harriekin, hotzarekin, intsektuekin... Sentsazio horiek guztiek beste mugimendu batzuk sorrarazi zizkiguten momentuan bertan”. Azaldu duenaren arabera, grabaketa aurreko egunean gerturatu ziren urtegira, baina uretan sartuta entseatzeko aukerarik ez zuten izan. “Nik konfiantza osoa nuen taldearengan eta egia da oso ondo atera zela”, azpimarratu du zuzendariak. Hamabi ordutan grabatu zuten dena, maiatzean, hotz handiarekin. Egun “intentsoa baina oso polita” izan zela kontatu du zuzendariak, eta dena “ondo ordenatuta” egin zutenez, “oso ondo” atera zela.
Kaosetik lasaitasunera, ilunetik argira
Urarekin eta lokatzarekin jolas eginda, uholdeak pairatu zituztenek bizitako emozio eta sentimenduak islatzen saiatu dira dantzariak: antsietatea, beldurra, tentsioa, uraren indarra… eta ondorengo baretasuna, ezer gertatu ez izanaren sentsazioa. Minutuz minutu, mimo izugarriz zaindutako planoen eta soinuen bitartez, ikuslea itolarri sentsaziotik lasaitasunera bidaiarazten dute. Koloreetan ere nabari da: belztasunetik urdin argira egiten du planoen segidak, pixkana-pixkana. Uholdeen hurrengo egunean hala azaldu zion Txusek Larunberi: “Esan zidan hasieran dena zela grisa, urre beltz bat bezala, eta, kontraposizioan, hurrengo egunean urdin argi bat zegoela, ezer gertatu izan ez balitz bezala”.
Bigarren ideia bat ere gordetzen du lanak, kolektibotasunarena. Zuzendariaren hitzetan, horrelako egoerak gertatzen direnean elkartasunera jotzen dugu, “baina bestela ez”. Argi ikusi zuen urak eragindako txikizioaren ondotik laguntza ematera gerturatu zen jende oldearekin, eta horrela islatu nahi izan zuen bere obran.
Festibaletatik ikuskizunera
Zinetika jaialdiaren baitan, dagoeneko Iruñean, Donostian eta Bilbon erakutsi dute pieza, eta espero baino harrera beroagoa izan dutela esan du Larunbek. Banaketarekin jarraitzen dute, eta Madrilen, Bartzelonan edota Kanarietan erakusteko aukera ere izan dute.
Nolanahi ere, bost minutuko pieza labur geratzen zitzaienez eta publikoarekin elkarreragina bilatu asmoz, taula gaineko ikuskizun bat ere presta-tzen ari dira. Zuzeneko musika, dan-tza, proiekzioa eta publikoarekin mediazioa uztartuko dituzte 45 minutu inguruko saioan. Atarrabian aurkeztuko dute, urtarrilaren 13an, eta Lizarran, Aritzalan, Zurukuainen eta Burlatan ere izango dira, besteak beste.