Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itaun asko oraindik

Dokumentuaren akzioak

Itaun asko oraindik

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2020/03/12
Lotura
Berria

<em>Los cuerpos celestes</em>-en irudia.

'Los cuerpos celestes'

Konpainia: Marco Vargas & Chloe Brule. Sorkuntza, interpretazioa: Marco Vargas, Chloe Brule, Gero Dominguez, Miguel Marin, Yinka Esi Graves. Musika: Miguel Marin. Argiak: Antonio Valiente. Jantziak: Ismael Gomez, La aguja en el dedo. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 9.

Zalantzarik gabe, dFeriak duen bertute nagusia kanpotik etorritako konpainia handien lanak ikusteko parada da, eta astearteko ikuskizun nagusian Marco Vargas & Chloe Brule konpainia etorri da Los cuerpos celestes (Gorputz zerutiarrak) izeneko ikuskizunarekin.

Emanaldiaren hasieran Bruleren ahotsean entzun ditugu unibertsoari buruzko azalpen batzuk, eta, horrek, berez, lur handi eta transzendentaletara eraman gaitu. Aurrera jarraitu baino lehen, jakin beharra dago Brule Quebecen jaio eta han jaso zuela dantza klasikoko goi formazioa. Gero, Andaluziara aldatu zen flamenkoa ikasteko, eta Sevillako Marco Vargasekin sortu zuen orain ezagutu dugun konpainia. Biek jardun dute taula gainean, eta haiekin batera Gero Dominguez dantzari bikaina —egia esan, bostak izan dira bikainak— eta Miguel Marin dantzari eta musikaria ikusi ditugu. Azken lekurako utzi dugu Yinka Esi Gravesen izena, aipamen berezia merezi duelako: Londresen jaioa da, gurasoak Jamaika eta Ghanakoak ditu, eta Nikaraguan, Kuban, Guadalupen eta Espainian bizi izan da, horrek ekarri dion kultur aberastasun itzelarekin. Bere esanetan, «flamenkoa oso afrikarra da», eta emanaldian zehar bere jatorrien arrasto ia antzemanezinak utzi ditu han-hemenka.

Ikusten denez, ez gaude flamenko emanaldi arrunt batean. Are gehiago, oso urrun gaude ohiko flamenkotik, oso urrun ere ustezko flamenko garaikidetik. Hasierako azalpen astronomiko haien ostean taula gainean ikusitakoak ez du zerikusirik izan orain arte ikusitako ezerekin, eta zinez esan dezaket Dada Masilo hegoafrikarraren Swan Lake etorri zenetik ez dugula hain emanaldi fresko, irudimentsu eta ausartik ikusi Euskal Herrian.

Hasieratik bertatik eman digu atentzioa arropa guztien dotoretasun beteak, eta laster batean egin zaigu nabarmen elementu eszenikoen arteko osotasun harrigarria. Jantzien edertasunarekin batera, dantzarien keinu definizio itzela flamenkoaren energia-kolpe ezagunetatik askoz harago joan da, eta musikaren pultsuak oin eta eskuen hotsekin zetozen bat, gorputzek kolpez hartutako jarrera estatikoetara matematikoki gidatuz. Zapateatu laburrak ere izan dira atal horietan, baina ia antzemanezinak izan dira, ez flamenkoan ohikoak diren bezain zaratatsuak.

Miguel Marinen soinu-bandak kalitate sinfonikoa erdietsi du une oro, eta bera aritu da noizean behin atabal batean erritmoei bizi handiagoa ematen, eta beste batzuetan zeremonia-maisu, kermesse itxurako eszenan konfeti distiratsuak banatzen, adibidez. Bestetik, haren musikak kalitate elektronikoa hartu du une batzuetan, eta eszena intimo batean Marinek eta Brulek melodika banarekin edertu dute eszena oniriko bat, argi delikatu batean bilduta. Izan ere, argia izan da ikuskizunaren beste osagai nagusia, eta garbi dago hark ere kalitate sinfonikoa eduki duela.

Ezin, benetan, lerrootan laburtu emanaldian zehar jasotako guztia. Bakarrik ekarriko dugu Brulek emandako gogoeta bat, unibertsoari eta geure baitari buruz egina: «Ziurra dena zera da: itaun asko geratzen zaizkigula oraindik».

Dokumentuaren akzioak