Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Italiako berotasuna

Dokumentuaren akzioak

Italiako berotasuna

Kritika, Aterballeto

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/09/13

Hasiera bikaina izan du aurtengo Maitaldiak Aterballetto konpainiaren egitarau bikoitzarekin. Wolfgang Amadeus Mozarten izenaren laburdurarekin (WAM) izendatu du Mauro Bigonzetti koreografoak jenio gazteari buruzko lan hau, antza denez musikari nerabearen aroa interesatu ziolako bereziki: hortik, segur aski, jostailuzko piano txikiaren eszena iluna. Egiatan, baina, piano handi batek zuzentzen ditu WAM-eko koreografia laburrak, eta Bruno Morettik interpretaturiko musikak konpositorearen alderik intimistena adierazten du denbora osoan, nahiz eta pieza, oro har, umore fin geruza batez zipriztindua dagoen, Mozarten musika bezalaxe. Bitartean, konpainiako hemezortzi dantzariek beren dohain guztiak erakutsi ziguten, neurririk gabe. Haien mugimenduak atletikoak, zehatzak eta energiaz beteak ziren. Gizonezkoen oinek diziplina militarrarekin markatzen zuten erritmoa behegainean, eta behin baino gehiagotan tartekatzen ziren ezusteko keinu laburrak beste pasarte konbentzionalagoen artean. Era berean, oso nabariak ziren erabateko geldotasunetik mugimendu indartsura igarotzeko trantsizio bat-batekoak, eta akrobaziatik gertu zeuden une askotan erakutsitako malgutasuna eta gihar-tonua.



Gaueko bigarren koreografia ÐCantataÐ Bilboko Arriaga antzokian ikusi genuen duela urtebete eta erdi, Gulbenkian baletaren eskutik, Bigonzettik Lisboako konpainiarentzat sortu baitzuen pieza, eta orduan komentatu nuen orriotan. Hala ere, ongi etorri zait berriz ere ikustea, guztiz kutsu diferentea hartu diodalako Italiako bertsioan. Azken finean, Bigonzettik berriz ere lantzen ditu koreografiak dantzari berriekin aritzean eta berak dioenez, «psikologikoki ez dago ongi beste dantzari batzuekin gauza berberak egitea, koreografia koreografo eta dantzarien arteko harremanetik jaiotzen delako».Esandako kutsu aldaketa Assurd musika laukotearen presentziarengatik izan daiteke, Napoliko lau emakume sendoek indar berezia ematen diotelako lanari beren ahots eta instrumentu apal baina eraginkorrekin, arestian aipaturiko konpainiaren ezaugarriek beren eragina izan dezaketen arren. Dena dela, argi dago oraingoan askoz kutsu alaiagoa eman diotelako lanari, gizon eta emakumeen arteko lehia sakonari garrantzia kenduz, sexuen arteko harremanen berotasuna areagotuz eta, azken apoteosian, Mediterraneo aldeko besta giroa azpimarratuz. g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak