Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Islandiatik urrun

Dokumentuaren akzioak

Islandiatik urrun

'Islandia'

Konpainia: La Veronal. Lekua: BBK aretoa. Bilbo. Data: azaroak 8.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/11/10
Lotura
Berria

Islandiatik urrun eta aldi berean hurbil sentitu gara herri hartako izena izenburutzat duen emanaldian. Aurtengo Dantzaldian programaturiko lan interesgarrienetariko bat izan daiteke honako hau, eta horretan zerikusi handia dute testu mamitsuek, emanaldiaren performance izaerak eta dantzaren kalitate bikainak.

Mahai zuri luze batek bete du agertokiaren atzeko aldea, eta hango mikrofonotik gidatu du Tanya Beyeler-ek proposamenaren bide nagusia, Pablo Gisberten pentsamenduak ingelesez, frantsesez eta italieraz esanez, ahoskera orbangabearekin eta tonu neutroan, testuen karga politikoa eta kutsu satirikoa gorabehera. Merezi du izenen aipamena egitea, biak ala biak direlako El conde Torrefiel taldeko kideak —euren performance bikainak BAD jaialdian ikusi ditugu pasa den astean— eta horrek harreman emankorra adierazten baitu Kataluniako bi konpainien artean.

Ez da ohikoa dantza lan batean hitzak hainbesteko garrantzia hartzea, baina Gisberten dramaturgiaren ondorioz horrela gertatu da, eta atzeko pantailako proiekzioak elkarrizketa etengabean egon dira lau dantzarien gorputz-lengoaia harrigarriarekin. Testu proiektatuak hizlariaren gaztelaniazko itzulpenak ziren gehienetan, eta haietan dentsitate handiko gogoetak plazaratu dira funtsezko gai batzuen inguruan, hala nola adierazle eta adieraziaren arteko harremana, denboraren pertzepzio subjektiboa edota gorputzen mugimenduaren esangura. Gai potoloak inondik ere, ikusten denez.

Tartekako proiekzio askotan, ordea, munduko herri batzuen izenak eta pertsonaia ezagun askorenak agertu dira, eta dantzariek kontzeptuen muinera jo dute, unean uneko talde estatiko adierazgarriak osatuz eta batetik besterako jarrerak era minimalistan aldatuz. Testu luzeak irudikatzeko, berriz, erabateko abstrakzioan murgildu dira soinu-banda eta dantzariak, gehienetan bakarrik eta gutxitan bikoteka, baina uneoro keinu-zehaztasun itzela erakutsiz eta mugimenduaren ausazko itxurari protagonismoa emanez.

Esandako guztiak gehi jantzien zein argien zuritasunak tankera intelektual handia eman diote lanari, azaleko emozioak albo batera utzita. Hala ere, amaiera aldera zertxobait samurtu da dantzaren diseinua, neska bik paraleloan eta harmoniari men eginez dantzatu dutenean, bularraldea agerian zutela eta Islandiako ereserkia entzuten zelarik. Osterantzean, azken pasartean mugimendu deseraikiaren apologia bikaina gauzatu du mutil dantzariak, Sigur Ros taldearen mistizismo sinfonikoan bilduta eta ikusleen txalo beroak entusiasmoraino eramanez.

Dokumentuaren akzioak