Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Isiltasunak gorde duen ofizioa

Dokumentuaren akzioak

Isiltasunak gorde duen ofizioa

Inauterien jiran, inudeak ikusten ditugu. Garai batean, inudearen lanbidea bazen. Oro har, familia onetako haur jaio berriak hazteaz arduratzen ziren, eurenak etxean utzita. Diru iturri zuten, baina ez sufrimendu gabekoa.
Egilea
Araitz Muguruza
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2014/02/06
Lotura
Berria

«Emaztea inude joatea baino nahiago nuke andrea haurra besoetan duela eskean jarriko balitz». Hala erantzun zion Lide Oregiren (Bergara, Gipuzkoa, 1930) aitak ezagun batek egindako proposamenari. Amona inude Palentziara (Espainia) joan zelako, ondoko baserrian egin zituen bizitzako lehenengo urteak Oregiren aitak. Ongi haziagatik ere, ez zuen oroitzapen onik: «Esperientzia txarra izango zuen, gogorra», azaldu du Oregik. Duela gutxi arte bizimodua ateratzeko modu bat zen, ordea, inudetza, ezer ez zegoen garaietarako diru iturria.

Igandean Donostian egingo duten Inude eta Artzainak desfilean,haurrak besoetan dituztela dantzatzen dira, baina zenbaterainoko ezagutza dago haien inguruan? Galdera horri erantzuteko asmoz ekin dio Garbiñe Larreak inudetzaren inguruan informatzeari, familiako gertakizun bat abiapuntu hartuta. Izan ere, ekitaldi kontrajarria iruditzen zaio Donostian egin ohi dena: «Egun seinalatua eta ederra balitz bezala ikusten da, baina horren atzean badago sufrimendu bat, beren seme-alabak etxean utzita joaten baitziren beste haur bat haztera». Bogabloga blogean bigarren posta idatzi du, eta han biltzen ditu baita jendeak esan dizkionak ere. «Harrigarria» egin zaio askok ez jakitea ongi inudeen ofizioa zer zen. «Belaunaldiz belaunaldi transmititu ez den zerbait dago, isiltasun bat».

Inudetza jarduera ekonomiko handia izan zen XIX. mendera bitarte; haurren hesteak esne hautsa toleratzen hasi ziren arte, hain zuzen. Ezinbesteko lanbidea zen ordura arte, erditzean hil zen amaren lekua hartzen baitzuten. Haur bat baino gehiago izaten zituztenek edo esnerik ez zeukatenek ere jotzen zuten inudeengana. Kasu horietan, mantenu truke joaten zen inudea lanera.

Baina arrazoi biologikoekin batera, arrazoi sozialak ere izaten ziren inudeak kontratatzeko arrazoi, familia ahaltsu edo dirudunetan izaten zen, gehienbat. Haurrari bularra ematea ez zegoen ongi ikusia, antza; eta inudeek hartzen zuten haurraren ardura lehenengo hilabeteetan. Familia on batengana joanik, ez zen horren diru iturri eskasa inude joatea, ez, behinik behin, orduko baserri eta etxeetan zegoen behar gorrirako.«Denboraldi bat igarotzen zuten, haurra koskortu arte, esnea utzi arte, eta, ondoren, etxera etortzen ziren», azaldu du Oregik. Egonaldi hori ordaindu egiten zen, eta, gerora, jarraitzen zuten harremanetan. «Gure izeba eta haren auzokide bat ere joan ziren inude Bilbora, eta, gero, hazi zituztenen arropak eta bidaltzen zizkieten», gehitu du Oregik.

Jantzi dotoreak soinean

Arropa dotoreak eramaten zituzten soinean inudeen seme-alabek, baina horregatik ez ziren zoriontsuago. «Gure amonak bertatik bertara ezagutu zuen bere auzokide baten sufrimendua. Egunero joaten zitzaion Donostian lan egiten zuen inudea merkatura semea nola zuen galdezka, ea ongi hazten ari zen, zer moduz zegoen... minez kontatzen zuen hori amonak», azaldu du Larreak. Arropa dotoreak eta onak eramatea baino, nahiago zuen seme-alabak hazten ikusteko zortea izatea Larrearen amonak.

Kasu horretan, Donostian zegoen inudea ez zegoen semearengandik urrun, Urnietakoa baitzen (Gipuzkoa), baina sarri haur biologikoarengandik kilometroetara edukitzen zituzten. Palentzia edo Madrilera joan ziren asko. «Zenbaitek nahiago izaten zuten urrun egon haurra ikustera joateko tentazioari ere eusten ziotelako horrela», zehaztu du Larreak. Inudeek urtean behin baino ezin izaten zituzten ikusi haur biologikoak. Eta ez zen baldintza bakarra hori, kontratu sozial bat izaten baitzuten. Han zehazten zitzaien, besteak beste, haurra adoptatzeko eskubiderik ez zutela. «Zehaztapen horrek erakusten du norainokoa izan zitekeen inudearen eta haurraren arteko afektua, ez da ahaztu behar lehenengo hilabeteetako lotura hori berezia dela». Eta, gaur egun ere, lotura horregatik ematen zaio, besteak beste, garrantzia bularra emateari.

Denborarekin inudeen gainean «hainbat topiko» sortu direlakoan dago Larrea. «Esaten zuten ongi zainduak izaten zirela lan egiten zuten etxean, azken batean nagusien seme-alabak zaintzen zituztelako, baina nik baditut zalantzak, izan behar zuten sufrimendua dela eta».

Nikolas Ormaetxea Orixe idazleak horrelako egoera batek dakarren nahaste psikologikoa deskribatzen du. Quiton arrebarekin liburua Denuxi arrebarekin izandako elkarrizketa batez osatua dago. Hirukiak ziren —11 senide orotara—. Ama biologikoak hirurak mantendu ezin zituenez, Uitziko familia batera eraman zuten Orixe; Denuxik, berriz, Areson egin zituen lehenengo urteak (Nafarroa).Orixek azaltzen du, nola Orexara (Gipuzkoa) egiten zituen bisitak gogorrak egiten zitzaizkion. Orexako festak amaitzeko desiatzen egoten zen, atzera Uitzira joateko. Aipatzen du «bi ama ta bat ere ez» zeuzkala. «Arroxa Aristimuño nenunan iñude: 'Ama Arroxa', nik egiazko ama uste nuna».

Larrearen ustez, gurasoen eta seme-alaben arteko harreman hotzak justifikatu egiten du gerora haur hark izan zezakeen izaera. «Hasierako lotura hori, beste haur batekin eta beste ama batekin izan dute, hori guztia barruan eraman dute, eta markatu egin die bizi osorako».

Gorabehera horiek, hala ere, ezkutatu egin direla dio Larreak. «Gertutik bizi izan dutenek, ez dakite ongi zer esan nahi zuen. Urnietako lagun batek esan dit esaterako, beren amona inude ibilitakoa zela, baina inoiz ez ziela askorik kontatu». Isilune handi batek hartzen omen zuen etxea gaia ateratzen zenetan. Jarduera ekonomiko indartsua izan zen inudetza. Bermeon (Bizkaia), adibidez, herria aurrera ateratzeko beharrezko izan omen zen inude joandakoen ekarpen ekonomikoa. Begoña Ponzianok kontatzen du Ahotsak.com atarian emaniko elkarrizketa batean: «Inudeek ekarritako diruarekin jaso zen Bermeo, horrekin erosi ahal izan zuten arrantza ontzi bat. Haiek gabe ezinezko izango zen».

Etxetik kanpo, inudeek bazuten «ohore» bat. «Haurrak ongi hazi edo bat baino gehiago hazi zutenak oso ongi ikusiak ziren gero; etxekoaz inork ez zekien ezer», azaldu du Larreak. Txanponaren beste aldea izan da, ordea, larruan gelditzen zen aldea.

Inude eta haurren arteko harremanak urteetan iraun egiten zuen. Ongi gogoratzen du Oregik. «Gerora, izan zuen harremana baserri hartakoekin». Bada beste berezitasun bat, hazi zuten etxeko gainerako seme-alabekin ere, anai-arrebekin izaten den antzeko harremana izaten zuten. «Zenbaitetan, belaunaldiz belaunaldi iraun du».

Igandean agertuko dira berriz ere inudeak Donostiako kaleetan, eta desfilatuko dute haurrekin. Kritiko agertu da horrekin Larrea: «Folklorearen tapakiarekin estali dute, ongi azaldu gabe berez zer ziren».

XIX. mendera arte iraun zuen inudeen ofizioak. Orduko garaia eta lanbidea irudikatzeko desfilea egiten dute Donostian urtero. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak