Isadora Duncanek XX. mende hasierako dantza klasikoa irauli zuen dantzaria izan zen. Emakume askea izan zen, eta ondare artistiko handia utzi zuen.
1877an jaio zen San Frantziskon. Aita bankaria eta enpresaria zen, eta familia utzi zuen Isadora oso txikia zenean. Ama 4 seme-alabaren kargura geratu zen, eta oso egoera ekonomiko larrian.
Familia Oaklandera joan zen bizitzera, eta han ama piano irakasle hasi zen aritzen, dantza eskola bat sortu zuen arte.
Hamaika urte zituela, Isadorak eskola utzi zuen, berak ere dantza eskolan lan egiteko.
Handik urte gutxira, familia Chicagora aldatu zen bizitzera. Han dantza klasikoa ikasi zuen Isadorak. Baina familiak bere ondasun guztiak galdu zituen sute batean, eta berriz ere mugitu behar izan zuen, zerotik hasteko. New Yorkera joan zen orduan.
Bertan, antzerki-konpainia batean sartu zen. Bistan zegoenez farandula oso gustuko zuen Isadorak, baina argi eta garbi zeukan kulturan aritzeko Europara joan behar zuela, Amerikako kultura maila oso altutzat ez zuelako hartzen.
Horregatik, hortik bi urtera Isadorak ama konbentzitu zuen Europara emigratzeko, lehenik Londresera eta gero Parisera.
Han dantzan jarraitu zuen, baina dantza klasikoaren zorroztasunatik eta naturaltasun faltatik gero eta urrunago kokatzen zen. Munduko oholtzarik hoberenetan hasi zen dantzatzen, tunika fin batez jantzita eta hanka biluziak erakutsiz. Horrek ez zuen zerikusirik ordura arte eszenatokietan ikusita zeuden tutuzko soinekoekin, puntadun zapatilekin eta media arrosekin.
Isadorak, gainera, makillajerik gabe eta ilea aske dantzatzen zen; garai hartan, berriz, makillatzea eta ilea motots edo moño batean jasotzea zen ohikoena.
Bere estilo libre eta originalak ikusleak liluratu zituen. "Dantzaren ninfa" esaten zioten. Baina irainak ere jaso zituen.
Gaur egun, berriz, dantza garaikidearen sortzailetzat jotzen da.
Bere bizitza pribatua bere eszenatokietako estiloa bezain librea zen. Bi aldiz izan zen ama ezkongabea, lehena gaztetatik ezagutzen zuen aktore batekin, eta, bigarrena, Singer aberatsaren semeetako batekin, josteko makinen inperioaren jabea zenarena, duela gutxi atal honetan aipatu genuena, gogoan al duzu? Maitale mordo bat izan zuena, hiru aldiz ezkonduta, eta 24 seme-alaba izan zituela. Izan ere, haren hirugarren emazteak askatasunaren estatuaren aurpegia inspiratu zuen.
1913an, ordea, 7 eta 4 urteko bi haurrak ito egin ziren, umezainaren ondoan zihoan autoa Sena ibaira erori zenean.
Isadora depresioak jota ibili zen. Bere buruaz beste egitea pentsatu zuen. Baina dantzak salbatu zuen. Bere ikasleak eta eskolak babeslekutzat hartu zituen.
Gero, bere bizitza berregiten saiatu zen, eta errusiar poeta gazte batekin ezkondu zen. Baina ezkondu eta urtebetera utzi egin zuen, alkoholismoa eta tratu txarrak zirela eta.
Berrogeita hamar urte zituen, eta bizitza xelebrea zeraman eszenatokietatik urrun. Orduan, egun batean, bere maitaleetako baten Bugatti deskapotablean Nizako errepideetan paseatzen ari zela, bere zetazko fular luzea gurpiletako batean korapilatu eta itota hil zen.
Zorigaiztoko istripu horrek bere izena istorian inprimatu zuen betirako.