Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iruri eta Zalgizeko herritarrak igande honetan hasiko dira maskaradak egiten

Dokumentuaren akzioak

Iruri eta Zalgizeko herritarrak igande honetan hasiko dira maskaradak egiten

Zuberoako hamalau herritan izango dira emanaldiak. Azken kantua Roger Idiart apaizak idatzi du

Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2004/02/09

Beraz, lehenbizi Zalgizeko herriak izango du aukera ikusteko eta entzuteko Pitxu, Kabana, Gatuzain, Kantiniersa, buhame eta xorrotxen istorioak. Ohitura den bezala, emanaldia goizean hasiko da, barrikaden bidez. Eguerdira arte karrika guztiak zeharkatuko dituzte jokalariek, eta arratsaldeko 3retan ekingo zaio ekitaldi nagusiari.



Beste zenbaitetan gertatu den bezala, orain ere pastoral baten ondorioz ekin zaio maskaradak antolatzeari. Rogert Idiart apaizak 2001ean taularatu zuen Etxahun Iruri pastoralerako ere bat egin zuten Iruri eta Zalgizek, eta hango une atseginek indarra eman zieten gazteei berriro elkartu eta maskaradak prestatzeari ekiteko. Batzuk, gainera, Atharratzeko AEKra joan dira euskara ikastera.



Astean bitan egin izan dituzte entseguak; ostiral arratsaldean, Zalgizen, dantzariak batu izan dira, eta larunbatetan, Irurin, herri antzerki hau osatzen duten pertsonaiena egin behar dutenak. Eskarmentu handia duten Jean eta Beñat Etxegoien aita-semeak arduratu dira dantza-jauziak irakasteaz.



Pitxu pertsonaiarena Belat Larrorik egingo du, eta Kabana Handiarena Nicolas Sagaspek. Tokian tokiko gertaerak aipatuz, ahoberokeria galantak botako ditu Kabana Handiak, eta aurten hauteskundeak direnez Atharratzeko kantonamenduan gai faltarik ez dute izango maskaradetako peredikuen idazleek. Kantu xaramelaz ariko diren xorrotxak, berriz, Felix Ager eta Johañe Etxebarne izango dira.



Maskaradetako agerraldiaren bukaeran eskaintzen den kantua ez da aurten nolanahikoa izango; Rogert Idiart apaiz pastoralgileak idatzia da. Etxahun Iruri pastoralaren idazlea izan zenak ongi ezagutzen ditu Iruri eta Zalgize, batean nahiz bestean apaiz lanean jardun baita zenbait urtez.



Ohitura izaten da lehenengo eta azken agerraldiak antolaketan ari izan diren herrietan izatea, baina aurten ez da halakorik gertatuko. Azken emanaldia Mendikotan izango da, ekainaren 6an.

Dokumentuaren akzioak