Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Irurako dantza taldeko kideak udako emanaldiak hasteko prest

Dokumentuaren akzioak

Irurako dantza taldeko kideak udako emanaldiak hasteko prest

Egilea
Nuñez
Komunikabidea
Diario VAsco
Tokia
Irura
Mota
Albistea
Data
2016/03/27
Lotura
Diario VAsco

Ikasturtean buru belarri sartuta, Irurako dantza taldea urteko ekintzak prestatzen ari da jada. Maiatzean herriko kultur hilabeteko ekitaldien barruan eskainiko duten emanaldiarekin ekingo diote jaiak arte luzatuko diren jendaurreko emanaldiei. Hilabete horietan inguruko herrietako dantzari txiki egunetan ere parte hartuko dute.

Iruran dantza taldea betidanik egon den arren, gaur egungo taldea 1991an sortu zen herriko Auzo Elkartearen baitan, beraz, hogeita bost urte beteko ditu aurten. Urte hartako hauteskundeen ondoren, lehendakari orde zen Marimi Ugalde eta jada antolatzen ziren beste hainbat ekintzen artean, herriko haurrei euskal dantzak ikasteko aukera ematea sortu zen. Garai hartan Marimi bera eta herrian bizi zen begirale bat hasi ziren, hogeiko haurreko taldearekin eta ikasturte honetan bi urtetik hamabi urtera arteko laurogei ikasle dituzte.

Astean ordu beteko ikastaroa izaten dute talde guztiek. Ugaldek txikienei erakusten jarraitzen du eta helduen irakasle duela bi urtetik Olaia Etxeberria eta Xabier Artola ari dira. Biak gaztetatik herriko dantza taldeko ikasle izan ondoren, azken urteotan Udaberri dantza taldean ari dira.

Ikasleei hainbat dantza erakusten dizkiete. Txikienak Ikurrin dantza, ipurdi dantza, txulalai eta kalejirekin hasten dira, jolas moduan ikasiz, eta ondoren hurrengo urteetan ikasiko dituzten hainbat pausu ere erakusten dizkiete: sorgin dantza, Altsasuko dantzak, makil txiki, zapatari, eta abar. Helduagoak direnean zintza dantza edo trokel dantza ikasten dituzte.

Hori bai, Iruran betidanik euskal dantza tradizionalak bakarrik erakusten dituzte eta oraingoz ez dute dantza modernoagorik egiten. Are gehiago, urteetan eskualdean ikurrin dantza eskaintzen zuen talde bakarra ziren. Musika ere ahal duten heinean zuzenean izaten da, herriko txistulariekin.

Hasierako urteetan herrian bakarrik dantzatzen bazuten ere, kultur astean eta Sanmigeletan, laster inguruko herrietako jaietara joaten hasi ziren, Anoetara, Tolosara, Villabonara, eta abar. Gipuzkoatik kanpora ere atera izan dira, Kataluniara, esaterako eta aurten Bizkaiara joateko asmoa dute. Gero, udan bisitatu dituzten herrietako taldeak Iruran antolatzen den Dantzari Txiki egunera gonbidatzen dituzte.

Olaia Etxeberria bere taldeetako batekin.
Olaia Etxeberria bere taldeetako batekin. / NÚÑEZ

Dokumentuaren akzioak