Iñaute, kokote! Zerri zahar bat hil dute, puskarik ematen ez badigute, leihoek pagatuko dute” kantatzen zuten Iruñerria inguruko ipar ibarretako gazteek lehenago etxez etxe. Kokote hitzaren erroan koko ageri da, esanahietan oparoa. Nor ote zen edo den kokoa, nork nori erraten zion edo dion kokoa eta zergatik... Aspaldian idatziak dira horri buruzko artikulu mamitsuak. Hitza ere euskaraz jakiteari edo ez jakiteari dago lotua.

Konparaziora, Espartzatik Gulibarko Ziara duela 120 urte ezkondutako gizon txaparro bati Kokomotz erraten zioten, Koko herritik joana zelakoz, hau da, euskara galduxea edo galdua zegoen inguru batekoa zelako, Galar Zendeakoa, alegia. Bertzalde, Patxi Salaberri euskaltzainak Eugiko gizon sumindu bat ezagutu zuen, Baztango aizkolari batek eugiarrei koko direla errateagatik: “baztandar putok guri kokoak erraten zigutek, gu euskaldun osoak izaki-te”.

Bada, 2019tik honat, koko hitza entzuten da hiriburuan, inaute giroan, Iruinkokoa edo Iruñeko inauteri euskalduna dela-eta, urtetik urtera gero eta arrakastatsuagoa, mugaz bertzaldeko inaute moldeak ekarririk, hemengo ezaugarriak erantsirik, karrikadantza, antzerkia, dantza eta bertsoa uztarturik, noiz eta gaur, non eta Alde Zaharrean barna, karrikaz karrika, goizeko 9:30ean Zaldiko Maldikotik zalapartatsu eta koloretsu abiaturik, euskaraz ondurik, jende gaztea (koko xuriak, koko beltzak…) euskararen inguruan bildurik eta, behin karrikadantza bukatutakoan, emanaldia (zirto, ziri eta irri) Santana plazan jokaturik. Iruinkokoa kutsagarria gertatu baita, iaz Arrosadian egin zuten lehendabizikoz Arrosadiko libertimendua izenarekin, eta aurten ere eginen dute hilaren 15ean, auzoko Haizegoa euskara taldeak eta Oberena dantza taldeak prestaturik. Ea datozen urteetan are kutsagarriagoa gertatzen den, bertze auzo batzuk ere animatu daitezen.