Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iruñean da Alba Heredia flamenko dantzaria

Dokumentuaren akzioak

Iruñean da Alba Heredia flamenko dantzaria

Heredia pasioz mintzo da flamenkoari buruz, eta pasioz dantzatzen da taula gainean: «Intimoenetik kanpora ateratzen da flamenkoa». 4 urterekin jada jendaurrean hasi zen, eta familia transmisioaz aritu da.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/03/11
Lotura
Berria

ALBA HEREDIA

 

Iruñean da Alba Heredia flamenko dantzaria (Granada, Espainia, 1995), Femkultur jaialdian parte hartzeko. Barne-barnetik sortu eta kanpora gorpuzten da haren dantza. Gaur ikastaroa emanen du Kondestablearen jauregian, eta, bihar, Íntimo (Intimoa) dantza ikuskizuna aurkeztuko du Iturrama auzoko Civivox aretoan, 19:00etan.

Íntimo saioan ez ezik, Luna negra (Ilargi beltza) dokumentalean ere zure intimitatea erakutsi zenuen. Hori da flamenkoa?

Bai, flamenkoa intimoenetik kanpora ateratzen da, gure sentimendutik. Adierazi eta ireki behar dugun barne desira bat da. Gure nahiak, sentimenduak eta emozioak mundura irekitzeko modu bat.

Zer duzu esateko?

Flamenkoa nire bizitza dela, nire baitan barne-barnetik sortzen dela. Ikuskizunean ageri dira Albaicingo fandangoak eta nire haurtzaroaren errepaso bat. Sustraietara jo dut.

4 urterekin jendaurrean hasi zinen dantzan. Nola da bizitza oso bat taularen gainean pasatzea?

Sacromonten sortu eta hazi nintzen, La Rocio kobazuloan, amatxirenean, eta han txikitatik egon naiz tablao gainean. Han dantzatu naiz, eta ikusi ditut emakume ijitoak dantzan; mototsa jartzen; mandarrak, soinekoak eta coral-ak [zapatak] janzten... Bularrarekin batean edoski dut flamenkoa, txikitatik.

Flamenkoan zer garrantzi du familia barruko transmisioak?

Sekulakoa. Nire aitatxi, goian bego, dantzaria zen; beste bat gitarra jole; amatxi bat dantzaria eta bestea abeslaria; ama abeslaria; nire osabak dantzariak, gitarra joleak... Heredia-Maya saga familia handia da. Etxe batean denak artistak direnean edo gauza berera aritzen direnean, sukaldean kantuan aditzen dituzu, edo korridorea patada [dantza motza] bat eginez zeharkatzen dute. Zerbait naturala da.

Zein da transmisiorako lekua?

Ikuskizunak sortzeko eta entseatzeko lekua kobazuloa da, beheko solairua. Hor egin gara heldu, baita flamenkoan ere. Hor etortzen zaigu inspirazioa, familia osoaren argazkiak ditugu, eta han ikusi ditugu gure familiakoak denetarik egiten.

Zer du Sacromontek berezi?

Plazara atera eta Alhambra osoa ikusten da, mendiak, Jeneralife eta han bakarrik ateratzen den eguzki hori. Ikusgarria da. Karrika bakoitzeko harri bakoitzean historia, artea eta flamenkoa daude. 

Luna negra dokumentalean duende-az edo flamenkoan sortzen den magiaz ari zara. Zer da hori?

Ezin da azaldu. Unean sortzen den zerbait da. Dantzariok batzuetan esaten dugu: «Gaur ez zegoen duende-a». Tablao batean edo familia besta batean sor daiteke duende hori. Gitarra aditzean, oilo ipurdia jartzen dizun melodia batean, abeslariaren ahots urratuan edo kantu-hitz batean, edo urrats edo mugimendu batean. Urdailean sortu, gora igotzen da, eta orduan gertatzen da, taula gainean.

Eskuen eta oinen mugimenduez gainera, begiradak eta bestelako keinuak ere garrantzitsuak dira dantzatzeko orduan?

Ikasleei beti esaten diet: ez da soilik oinekin edo eskuekin dantzatzen; buruko azken ileak ere dantzatu behar du. Gorputz osoa dantzatzen da, zure izatea. Dantzan begirada bat, keinu bat, transmisioa da.

Ikas daiteke flamenkoa dantzatzen soilik akademia batean?

Akademian han ikasten dira urratsak, oinarria, egitura, flamenkoaren erroak... baina horren ondoren ezinbestekoa da ikasitakoa tablao-an praktikara eramatea. Hor egiten da bat artista. Ikasten duzu kantua entzuten; irakatsi dizutena ez bada denboran sartzen, mozten edo luzatzen; agertokira nola atera... Eta besteak ikusten dituzu.

Zer garrantzi dute kobazuloek flamenkoak jarrai dezan?

Oso garrantzitsuak dira. Bere historia dira, bere kultura eta ondarea. Turistek nahitaez joan behar dute ikustera. Granadako edo inguruetako gazte asko etortzen dira, baita izena duten pertsonak ere. Flamenkoaren tenplu bat dira, eta aukera asko ematen die belaunaldi berriei dantzatzeko eta ikasteko. Gure ikasleek hor ikasten dute benetan.

Atrakzio turistiko soil bihurtzeko arriskua dago?

Ez. Turista asko datoz, eta aretoak betetzen dituzte, baina ez da atrakzio turistiko bat. Guk flamenkoa egiten dugu puristentzat zein turistentzat. Bihotzetik egiten dugu, eta ikuslea asetzen dugu, benetako flamenkoa egiten dugulako.

Iruñera askotan etorri zara. Oso ezberdina da hemen aritzea?

Egia esan, ez. Iruñean lagun onak ditut: Mikel Belaskoain margolariarekin lan egin dut, eta Flamenco On Fire jaialdikoak etxekoak dira. Publikoak ere oso ongi erantzuten du.

Nola ikusten duzu Iruñeak flamenkoarekin duen harremana?

Ederra da, aukera asko ematen dizkiolako. [Espainiako] Hegoaldean ez da hainbeste aukerarik ematen, eta sekulakoa da Flamenco on Fire bezalako jaialdi bat izatea.

Dokumentuaren akzioak