Dokumentuaren akzioak
Irune Azpeitia eta Maria Sanchez, larunbateko aurresku txapelketaren finalean
Larunbateko finalean izango diren Irune Azpeitia eta Maria SanchezTere Madinabeitia
Txapelketako A eta B sailetako finalak hurrengo larunbatean izango dira, Errenteriako Niessen kulturagunean. Han ere izango dira legazpiarrak: Araitz Mantxola eta Nora Lafuente A sailean, eta Araitz Berasategi, Jon Alberdi eta Nora Escudero B sailean.
Zazpi dantzariak Sustraiak taldeko kideak dira, eta Amaia Azpeitia, Maider Encina, Idoia Narbaiza, Irati Olaizola eta Jon Dorronsoro irakasleekin prestatu dute txapelketako jarduna.
Sariak eta epaileak
Larunbatean egingo den saioan 2009 eta 2010 urteetan jaiotako hamalau dantzari arituko dira txapelaren bila. Urtarrilaren 13an Legazpin bertan abiatu zen sei saioko ligaxkan puntuaziorik onenak lortutakoak dira. Horien artetik, Andoaingo Jurgi Errandoneak irabazi du ligaxka, eta dagokion saria jasoko du larunbateko saioan.
Finaleko irabazleak, berriz, buruzagi makila eta garaikurra jasoko ditu, hurrengo bost sailkatuek trofeoa, eta gainontzeko dantzariek, oroigarria. Gainera, irabazlearen irakasleari oroigarria emango diote, jantzi egokienarentzako saria ere izango da, eta ongien sailkatutako Legazpiko dantzariak oroigarri bat jasoko du.
Baina sariak irabazi aurretik, lana egin beharko dute dantzariek, eta hauek dira dantzatu beharko dituzten piezak: Betronio handia, Aurkez aurke eta Xamurra kontrapasa.
Txapelketaren Legazpiko saio guztietan bezala, Goiz Deia txistulari bandako kideek jarriko diete musika dantzarien jardunei.
Epaimahaia Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak izendatu du, eta Jose Luis Vallejok, Maria Ferreirok eta Nahikari Vizuetek osatuko dute, eta Legazpiko Isabel Aztiria eta Maria Luisa Mendizabal arduratuko dira jantzi onena aukeratzeaz. Horiek guztiek erabakia hartzen duten bitartean, zinta dantza egingo dute Sustraiak taldeko dantzari txikiek.
Errenterian bost legazpiar
Aurresku txapelketan parte hartzen ari diren dantzari gazteenek hurrengo larunbatean izango dute hitzordua finalarekin Errenterian, Niessen aretoan, 17:00etan, eta hor beste bost legazpiar izango dira.
A sailean Araitz Mantxola eta Nora Lafuente arituko dira lehian, 2014, 2015 eta 2016 urteetan jaiotako beste hamar dantzarirekin batera. Horien ligako irabazlea Lezoko Lur Lacasta izan da. Finalean Ormatxulo eta Agurra dantzatuko dituzte.
B sailekoek Hondarribi handia eta Legazpi zortzikoa dantzatu beharko dute. Horiek ere hamabi izango dira, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoak guztiak. Amasa-Villabonako June Aguadok irabazi du ligaxka, eta hamabi finalisten artean Araitz Berasategi, Jon Alberdi eta Nora Escudero legazpiarrak izango dira.
Errenteriako bi finaletan Udal txistulari taldeak joko du, eta epaileek erabakia hartu bitartean, Herri Arte dantza eskolako euskal dantzako ikasleek Sorgin dantza eta Zuberoako makil dantza egingo dituzte.
Finalen aurkezpena
Txapelketan, Gipuzkoako 15 udalerrietako eta Nafarroako 2 udalerrietako 70 neska-mutilek parte hartu dute guztira. Aurtengoa seigarren edizioa da, eta atzo aurkeztu zituzten bi finalak Errenterian.
Aurkezpenean Sustraiak taldeko Jon Dorronsoro, Errenteriako Erein kultur elkarteko Juantxo Maya eta Mikel Olaskoaga, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko Esti Iturria idazkaria, eta Errenteriako Udaleko Maite Gartzia Kultura zinegotzia izan ziren.
Dokumentuaren akzioak