Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Irudimena kaleen jabe

Dokumentuaren akzioak

Irudimena kaleen jabe

Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2009/02/18

Karrozei azken ukituak ematen dabiltza Tolosan (Gipuzkoa). Baita Donostian, Gasteizen eta Bilbon ere. Karrozen desfileak eta inauterietako beste hamaika ekitaldi izango da hurrengo egunetan Euskal Herriko hainbat txokotan.

Bilbo. Ironiaz betetako desfilea

Ostegunean trapu zaharrak jantziko dituzte bilbotarrek, eta ostiral goizean eskola umeak izango dira jaun eta jabe. Iluntzean (20:00) Farolin eta Zaranbolas epaituko dituzte, Bilborocken. Aratusteetako egun handia, baina, larunbatean izaten dute Bilbon. 18:00etan abiatuko dira, konpartsek deituta, 24 karroza Hurtado Ametzaga kalean behera, Zazpikaleetara bidean. Karrikaldia, ostera, 18:30ean Jesusen Bihotzetik Plaza Biribilera. 20:00etatik aurrera Aratustodromoa osatzen duten hiru agertokietan etengabe dantzatzeko aukera egongo da. Igandean goiz hasiko da eguna putxera eta indaba lehiaketarekin. Sei eguneko inauteriak asteartean bukatuko dira: 19:30ean abiatuko da sardinaren prozesioa Plaza Barritik Arriagara. 20:30ean egingo diote hileta.

Mundaka (Bizkaia). Aratusteak kantari

Datorren igandea zuri-zuria hasiko da Mundakan (Bizkaia). Atorra gainean daramatela 12:30ean abiatuko dira Jose Mari Egileorren etxepetik. Gitarra, mandolina, soinu, tinple, pandero eta beste hainbat musika instrumenturekin dantzan eta kantuan jarriko dituzte mundakarrak. 14:00etan iritsiko dira portura, han atorren kantu zaharrak kantatzeko.

Arratsaldean marrauak barik, lamiak nagusituko dira. 18:00etan agertu dira plazan, beltzez jantzita, aurpegia zurbil eta musu gorri-gorriak. Gizonezkoek goizean erabilitako mozorroa erabat iraulita irtengo dira emakumeak. Haien kantu eta zantzoekin herri osoa aztoratuko dute.

Gasteiz. Ezpatari eta faraoiez kaleak hartuta

Sei eguneko egitaraua prestatu dute Gasteizen inauteriak ospatzeko. Bihar emango diote hasiera hainbat abesbatzaren emanaldiarekin. Aurten, Oihulari Klown antzerki taldeko kide Virginia Imazek emango dio hasiera jaiari larunbat goizean. Ekitaldi nagusia, baina, konpartsen desfilea izango da. Burgesak, faraoiak, ezpatariak. Lau mila lagun baino gehiago ibiliko dira hiriko kaleetan gora eta behera, erdiguneko Florida parkera heldu arte. Sasi guztien gainetik dantza ikuskizuna ere ibiliko da erdiguneko kaleak girotzen. Sardina erretzearekin batera emango diote amaiera jaiari astearte arratsaldean.

Zalduondo (Araba). Markitos sugarretara

Urte osoan egindako maltzurkeriengatik epaitu eta sutan erreko dute Markitos Zalduondon (Araba), urteroko ohiturari jarraituta. Mezaren ostean, herritik ibilbidea egin eta herriko plazan zintzilikatuko dute, herriko gaitz guztien erantzule gisa. Beste pertsonaia guztiak, predikaria, atsoa eta hartza tartean, 17:00etan bilduko dira Markitosen ingurura herritik prozesioa egin eta gero. Bestelako mozorroak ere ez dira faltako karroza desfilean. Hotzari aurre egiteko, gainera, ardo beroa banatuko dute festa handira gerturatzen direnentzat.

Donostia. 2.000 lagun inguru karrozen desfilean

Inauteriek iraungo duten bost egunetan 80 ekitaldi baino gehiago izango dira Donostian, tartean, karrozen desfile ezagunak; baina dantzaldi, kalejira, tailer eta lehiaketak ere antolatu dituzte. Ekitaldi nagusiak asteburuan izango dira. Karrozen desfilean 2.000 lagun inguruk parte hartuko dute. 24 konpartsa izango dira karrozen lehiaketan, horietako bi lehen aldiz aterako dira aurten: Intxaurrondo auzoko Intxaur Txiki eta Pasaiako Ziripotz. Arratsaldeko bostetan abiatuko dira. Geroago, 19:30ean, Donostiako konpartsa tradizionalen txanda izango da.

Horrez gain, ostegunean, euskal inauteriak ospatuko dituzte Eskola, Goizaldi, Trebeska, Arkaitz eta Kresala taldekoek. Parte Zaharrean ibiliko dira eta 20:30ean emanaldi berezia eskainiko dute Konstituzio plazan.

Tolosa (Gipuzkoa). Herria mozorrotuta

Jaien suziria bihar eguerdian piztuko dute Plaza Zaharrean, eta ordutik asteartera bitartean festan murgilduko da Tolosa (Gipuzkoa). Hain maiteak dituzten inauterietarako jai giroa ziurtatuta dago tolosarrentzat eta bisitarientzat, 22 txaranga ibiliko baitira egunotan herrian zehar, eta guztira 48 irteera dituzte programatuak. Karroza, konpartsa eta aisialdi taldeetan, 250 lagun ere jardungo dira alaitasuna partitzen. Hori bai, karroza eta konpartsek astelehenean egingo duten ibilbidea zertxobait aldatu da, kolektorearen obrak direla eta. Txosnen gunea aurten ere Euskal Herria plazan izango da.

Uztaritze (Lapurdi). Hartza nagusi

Hartzaro jaialdia ospatuko dute inauterietan Uztaritzen (Lapurdi). Larunbat gauerako emanaldi berezia antolatu dute, gaueko bederatzietan Kiroleta plazan izango da. Lehen zatian, Bodarin eskainiko du Anai gazteak dantza taldeak, eta bukaeran, Errumaniako Vagabotu txaranga ariko da. Ekitaldiaren bigarren zatian, Andrearen Uzta estreinatuko dute, emazteek dantza transmisioan izan duten garrantziaz gogoeta egiteko lana. Inauterietako asteartean, Zanpantzarren auzia eta erretzea egingo dute, 18:00etan, Hiribehereko plazan.

Horrez gain, igandean, kaskarot txikiak eta gazteak ibiliko dira herrian. Beskoitzen (Lapurdi) ere igandean dute egitekoa etxeen itzulia kaskarotek.

Altsasu (Nafarroa). Sardiniako inauteriak, gonbidatuta

Segizioa eta oraingo antolamendu guztia eratu baino lehenago, Altsasuko (Nafarroa) inauteriek ez zuten ordutegirik. Koadrilak elkartzen ziren eliza atzeko kaleetan, eta odolez eskuak busti eta gero, dantzaka hasten ziren jendearen artean. Orain, ordutegia badago. Asteartean, arratsaldeko seietan-edo elkartuko dira denak Zelandiko eskoletan, eta hortik aterako dira lerroan jarrita. Momotxorroak, maskaritak, juan tranposoak, akerra... Aurten, Sardiniako inauterietakoak gonbidatuta daude. Plazan denek egingo dute azken dantza, kioskoaren inguruan.

Lantz (Nafarroa). Denak, Miel Otxinen aurka

Miel Otxin Nafarroako inauterietako pertsonaiarik ezagunenetakoa da. Inguruan barrabaskeriak egin zituen lapurra ote den, ala, oro har, gaizkilearen irudikapen orokorra ote den ez dute oraindik argitu. Asteartea da egun nagusia. Orduan, herri osoa kalera aterako da. Ziripot, baldar, Zaldikoren oldarraldiei eusten ahaleginduko da, eta Zaldikoa, berriz, ferratzaileei ihes egiten saiatuko da. Azkenean, Ziripot lurretik jasoko dute, Zaldiko ferratuko dute, eta Miel Otxin harrapatu eta erre egingo dute herriko plazan. Eta Lantzeko zortzikoa dantzatuko dute errautsen inguruan.

Testua honako kazetari hauek landu dute: Ibai Marurik, Anakoz Amenabarrek, Alberto Barandiaranek, Irune Lasak eta Nagore Rodriguezek.

Dokumentuaren akzioak