Dokumentuaren akzioak
Irudi zentzugabeak
Kritika, 'COPLAS DEL BLANCO MIGUEL'
Hasi egin da Bilbao Antzerki Dantza (BAD) jaialdia, eta lehen emanaldietariko batean Kataluniako Andres Corchero eta Rosa Muñozen dantza ikuskizun bat ikusi dugu La Fundición aretoan.
Egia esateko, nire lehen asmoa zen ezer ez idaztea, baina ikusita dantza garaikidearen arloko lagun esanguratsuak emanaldira bildu direla, behartua sentitu naiz zerbait esatera; azken finean, kritikariaren beharra delako iritziren bat ematea gertakizun artistikoei buruz.
Coplas del Blanco Miguel ikuskizunak iritzi kontrajarriak eragin ditu, eta niri, behintzat, hustasun sentsazio sakona utzi dit. Taula gainean lau lagun bina emakume eta gizonezko aritzen dira, eta bikoteka jokatzen dute gehienbat, koreografiako une guztiek indibidualtasunik gordinena azpimarratzen duten arren. Izan ere, dantzari bakoitzak bere mugimendu segidak egiten ditu inolako kontaktu fisikorik sortu gabe aurrean duen beste interpretearekiko. Eta ez hori bakarrik, zeren eta bakoitzaren mugimenduek ez baitute zerikusi edo isla nabarmenik besteengan, eta, edukitzekotan, aurrez aurrekoa adierazteko dira. Izaki isolatu eta zentzugabez osaturiko mundu batean sentitzen gara. Kontrako muturrean lau dantzarien formazio harrigarria eta mugimenduen dotorezia daude, horretan ez dago zalantza izpirik. Baina horrek ere sortzen digu halako artega puntu bat, lana aurrera doan heinean gero eta argiago ikusten baitugu edertasun horren atzean ez dagoela ezer, ez dutela ezer eraiki nahi, dena une batetik bestera desagertzen dela eta datozen orduetan betiko ahaztuak izango direla ahaleginaren ahaleginaz sortutako irudi zentzugabeak. Geroko debatean Rosa Muñoz koreografoak Michael Jackson eta Gloria Fuertes aipatu zituen lan honetako inspirazio iturritzat. Sentitzen dut, Rosa, baina ez bata ez bestea ez dira izan inoiz nire estetika ereduak. Agus Perez
Dokumentuaren akzioak