Dokumentuaren akzioak
Irudi saturatuak
Dantza
Jeronimo Bosch-en Atseginen lorategia hartu du Blanca Li
koreografoak bere azken sorkuntzaren oinarritzat, eta lan horrekin
Iruñean eta Gasteizen egon da egunotan. Izan ere, Errenazimentuko
margolari sailkaezinaren obrak irudi oniriko eta esoterikoz beteta
daude, eta saturazioraino betea izan da Liren proposamen eszenikoa ere.
Taula gainean piano bat besterik ez da egon hasiera batean,
eta atzeko pantailan margolanaren irudi digitalizatuak proiektatu dira,
beraietan mugimendu apur bat gehituta. Eremu eszenikoak, ordea, kabaret
itxura hartu du noizean behin, Lik bere ahots traketsaz bolero patetiko
bat kanta zezan eta bizitza modernoaren pantomima nonbait gertatu behar
zelako. Margolan famatuan Boschen garaiko gizartea aztertzen da, eta
haren jenialtasuna gaurkotzeko denetarik gertatu da Liren
proposamenean: bezeroen sakelako guztiek batera jo, dantzari bat
haurdun egon eta haurtxoa bertan jaio, interneterako sarbideei buruz
hitz egin, telefono bidezko ahots automatikoekin diskutitu eta makina
txanponjaleen mekanika irudikatu. Era berean, Boschen lanetan bezala,
umorea presente egon da une askotan, adibidez Full Monty pelikularen parodia gordinean, moda desfile groteskoan edota Adam eta Evaren irudikapenean.
Beste pasarte batzuetan, ordea, eszenatokia hutsik egon da
-hala ere, pianoa ez da inoiz paretik kendu-, eta dantzariek beren
gorputzekin irudikatu dituzte Boschen izaki fantastikoak, binaka,
hirunaka edota taldeka jarrita multzo eskultoriko ibiltariak osatzeko.
Halakoetan, ordea, saihestezina izan da Momix konpainiaren estiloa
gogora etortzea, nahiz eta koreografoak kutsu propioa bilatu duen eta
karga erotiko nabarmena eman dion.
Hainbeste pantomima, parodia eta satira artean, dantzaren
benetako lengoaia guztiz ahaztuta egon da fisikotasun atletikoaren eta
gorputz mugimendu soilaren mesedetan, eta diseinu koreografikoa
zokoratuta geratu da jatorrizko koadroaren izaera irudikatzearren eta
haren pareko ikuste-efektuak sortzearren.
Dokumentuaren akzioak