Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Irrintzi Eguna taldeko iragana eta oraina batzeko topaleku izango da

Dokumentuaren akzioak

Irrintzi Eguna taldeko iragana eta oraina batzeko topaleku izango da

Dantza eta musika protagonista izango dira lehendabiziko Irrintzi Egunean. 155 pertsona bilduko dira bazkaritara. Gero eta mutil gutxiago animatzen da dantzara.
Egilea
Josune Zaradona
Komunikabidea
Otamotz
Tokia
Zumarraga
Mota
Albistea
Data
2022/11/02
Lotura
Otamotz

Urretxuko eta Zumarragako kaleak dantzaz eta musikaz jantziko dira datorren larunbatean. Irrintzi dantza taldeak Irrintzi Eguna antolatu du lehenengo aldiz. Festa taldekoak izandako dantzariei, gaur egun dabiltzanei, dantzari gazteen gurasoei eta dantza gustuko duen edozein herritarri zuzenduta antolatu dute. Guztiei «esker ona adierazteko ideia ona» iruditu zitzaien gisa honetako ekitaldi bat antolatzea, Uxue Kerejeta Irrintzi dantza taldeko kideak esan duenez. Dantza ardatz izango duen egun osoko egitaraua antolatu dute.

Dantza ikastaro batekin emango diote hasiera egunari larunbatean. Irrintzi dantza taldeko hainbat kide arituko dira «fandangoa, arin-arina eta hainbat dantza herrikoi» erakusten. Zumarragako plazan izango da eta «dantza egin nahi duen edo ikasi nahi duen edonori» zuzendutako ekitaldia izango da.

Dantzarekin jarraituz Larrain dantza erraldoia egingo dute 12:30ean Areizaga-Kalebarren plazan Iratzarri dultzainero taldaren laguntzaz. Gero, poteo ibiltaria egingo dute bi herrietako kaleetan Txorotxaranga trotamusikoekin.

Bazkaria topaleku
Eguneko ekitaldi nagusietako bat izango da Zumarragako plazako azokako arkupeetan antolatu duten bazkaria. Bazkarirako tiketak eskuragarri izan dira aurreko asteetan, eta epea amaituta, 155 pertsona bilduko dira mahai ingurura larunbatean. Antolatzaileak «oso gustura» daude parte hartzearekin, Irrintzin dabiltzan dantzarien eta haien gurasoen eta garai batean kide izan zirenen arteko topaleku izango da bazkaria.

Bazkalostea girotzeko bingo jolasa egingo dute 16:30 inguruan eta jarraian, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin batera kantu kalejira izango da bi herrietako kaleetan zehar.
Hasi bezala amaituko dute eguna: dantzan. 19:30etik aurrera Altxa porru taldearekin erromeria antolatu dute Zumarragako plazan. Kerejetak aurreratu duenez, «eguraldi onarekin plazan bertan egingo dugu dantzaldia; txarra eginez gero, azokako arkupeetara joko dugu».
Kide gehienak neskak

Gaur egun 74 pertsonek osatzen dute Irrintzi dantza taldea. 24 dira helduen taldean eta 50 neska-mutilek osatzen duten haurrena. Beste dantza talde batzuetan gertatzen den bezala, neskak dira gehiengoa, eta mutilak falta dira. Irrintzi dantza taldeak ateak irekita ditu urte guztian zehar dantza taldera gerturatu nahi duten neska mutil guztientzat.

Dokumentuaren akzioak