Dokumentuaren akzioak
Irrintzi dantza taldeak argazki erakusketa ireki du
Taldearen 50 urteko historian ateratako irudiak jarri dituzte ikusgai
Erakusketan jaialdietako, Dan-tzari Txiki egunetako eta Santa Isabel eguneko argazkiak ikus daitezke. Baita 50. urteurreneko ekitaldietan atera dituztenak ere. Horretaz gain, argazki zaharrak eta elkarlana erakusten dutenak ere jarri dituzte. Hauen artean daude, Herri Operakoak eta Antxiñako Ama txistulari taldearen alardekoak, besteak beste.
Erakusketa hilaren 12a bitartean egongo da zabalik. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretoa egunero irekitzen dute: astelehenetik ostiralera 17.30etik 20.30era eta larunbat eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30era.
Irrintzi dantza taldekoek makina bat ekitaldi antolatu dituzte 50. urteurrena ospatzeko eta azkenak hilabete honetan izango dira. Hilaren 11n, San Martin egunean, erromeria egingo dute Aginaga auzoan. 18.30ean hasiko da. Afalostean ere dantza egiteko asmoa dute.
Autobus zerbitzua egongo da Aginagara joateko eta bertatik herrigunera itzultzeko. Igotzeko bi autobus egongo dira: 18.00etan eta 22.30ean. Autobusak Elizkaletik irtengo dira. Jaisteko beste bi autobus egongo dira: 21.30ean eta 2.30ean.
Urteurreneko azken ekitaldia hilaren 18an izango da. Egun horretarako bazkaria antolatu dute, Zumarragako Etxeberri jatetxean. 130 lagun baino gehiago elkartuko dira.
Irrintzi dantza taldeak urte osoa darama 50. urteurrena ospatzen. Hilaren 11n Aginagan egingo duten erromeria urteko bosgarrena izango da. Lehenengoa urtarrilean egin zuten Zumarragako Euskadi plazan, martxoan bi herrietako kaleetan dantza egin zuten, hirugarrena Eitza auzoko jaietan izan zen eta laugarrena geltokietako jaietan.
Jaialdiak Erromeriez gain, bi jaialdi antolatu dituzte. Apirilaren 8an garai bateko eta egungo dantzariek parte hartu zuten. Taldetan banatu ziren eta bi herrietako kale eta plaza guztietan dantza egin zuten.
Bigarren jaialdia uztailean izan zen. Antxiñako Ama txistulari taldearekin batera antolatu zuten. Izan ere, talde honek ere 50 urte bete ditu aurten. Dantzariek hainbat koreografia dantzatu zituzten, txistulariek lagunduta.
Irailean, urteroko moduan, Urretxuko Euskal Jaian parte hartu zuten. Karroza desfilean inude eta artzainen konpartsa atera zuten. Konpartsa honetan garai bateko eta egungo dantzariek parte hartu zuten.
Ekitaldi hauek guztiak antola-tzeaz gain, Irrintzikoek ezpata-dantzari buruzko ipuina eta dokumentala argitaratu dituzte. Bi lan hauek Antxiñako Ama taldekoekin batera egin dituzte.
Zumarragako ezpata-dantza, magia dantza ipuina Antxiñe Mendizabalek idatzi du. Marrazkiak, berriz, Josu Marotorenak dira. Bertan, Zumarragako historia laburtzen da, ezpata-dan-tzaren eskutik. Dokumentalean, berriz, ezpata-dantzari ohien testigantzak jaso dituzte.
Dokumentuaren akzioak