Dokumentuaren akzioak
Irrintzi Alai dantza taldeak gerra aurretik erositako ikurrina jaso du Legorretako udalak
Legorretan bazuten altxor handi bat, ondo ezkutatua izan zuten oihala, 1933.urtean Legorretako Irrintzi Alai Dantza Taldeak erositako ikurrina. Urtez urte, belaunaldiz belaunaldi gorde du Ezkiaga-Lasa familiak, gerrako urte gogorrenetan ere hau ezkutuan izanez. Gaur, udalari eman diote ikurrina eta udaletxeko areto nagusian egin diote tokia. Ekitaldia egin dute honetarako gaur goizean Legorretako udalean eta bertan izan da bzizipenak kontatzen Ezkiaga-Lasa familiako Feliciano Ezkiaga Lasa.
Ekitaldiari hasiera emateko Irrintzi Alai Dantza Taldeko kideek ikurrin dantza eskaini dute. Jende ugari elkartu da bertan, eskualde osotik joandakoak, eta udaleko goiko solairutik ikusi dute lehenengo dantza hau. Ondoren, behera jaisteko dei egin diete ekitaldirako. Iñaki Agirre alkateak eman dio hasiera ekitaldiari, gainetik azalduz nondik norakoak eta eskerrak emanez Ezkiaga-Lasa familiari, Irrintzi Alai dantza taldeari eta horren parte izan diren talde zein pertsona guztiei. Horrez gain, ikurrina honen «balio historikoa» azpimarratu du Agirrek eta Feliciano Ezkiagari berari eman dizkio eskerrak, ekintza honekin erakutsitako «aberriarekiko maitasunagatik».
Ondoren, Ezkiaga Lasak hartu du hitza eta bizipenak kontatzeari ekin dio. Errepublika garaian kokatu du istorioaren hasiera, 1933. urtean, hain zuzen ere. Legorretako EAJren Batzokiaren baitan sortu zen Irrintzi Alai Dantza Taldea eta herritarrek emandako diruarekin ikurrina bat erosi zuten. Gerra hastearekin batera, ikurrina eta euskal ikur oro debekatuak izan ziren –dantza taldea ere desegin egin behar izan zen– eta ikurrina hau Ezkiaga-Lasa familiak hartu zuen, gordetzeko asmoz. Egun gutxi batzuk egin zituen Esnal anaien tailerreko makinan, baina gainerako urteak Ezkiaga-Lasatarren etxean egin ditu ezkutatuta. Ezkiagak hainbat oroitzapen «eder» ditu ikurrina horrekin: adibidez, aitak aberri egunean ohe gainean jartzen zionean ikurrina edota anaia Manchesterrera (Ingalaterra) joan zenean ikurrina atera izana aipatu ditu, besteak beste. Urteen poderioz «nahiko izorratuta» geratu dela atsekabetu da.
Hau esanik, gaurko ekitaldia bere aitari eskaini nahi izan dio Feliciano Ezkiagak, berak hartu baitzuen ikurrina eta berak azpimarratu baitio beti ikurrina hori gordetzearen eta aurrera egitearen «garrantzia». Erabat emozionatuta esan ditu azken hitz horiek Ezkiagak eta areto nagusiko horman zegoen gortina ireki du txalo artean, agerian uzteko ikurrina «historiko» hori.
Dokumentuaren akzioak