Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Irradaka, matxismoaren aurka elkar lotuta

Dokumentuaren akzioak

Irradaka, matxismoaren aurka elkar lotuta

Egilea
Jon Miranda Labaien
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Zizurkil
Mota
Albistea
Data
2022/11/24
Lotura
Ataria
Martxoaren 8an egin zuten lehen aldiz irradaka Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, Bernarda Usabiagaren omenez.

Indarkeria Matxistaren Aurkako egunean irradaka dantzatuko dute emakumeek Joxe Arregi plazan 18:45etik aurrera, Aiztondoko mugimendu feministak antolatutako ekitaldien barruan.

Emakumeak, borobilean, elkarri eskutik heldu, kantuan eta dantzan. Batasun eta dantza irudi hori ikusi da martxoaren 8ko zenbait Euskal Herriko ospakizunetan azken urteotan. Zizurkilen lehen aldiz aurten egin zuten Emakumeen Nazioarteko Egunean eta bihar errepikatuko dute Joxe Arregi plazan, 18:45etik aurrera.



Mundu zabalean hainbat kultura eta garai historikotan dantzatu dira emakumeak. Dantzarako egitura zaharrenetakotzat jotzen da irradaka eta Argia dantza taldea berreskuratze lan horretan aritu da azkeneko urteetan Euskal Herrian. Taldean jarduten du Zizurkilen bizi den Itziar Otamendi dantzariak eta Juan Antonio Urbeltzekin batera, herri ezberdinetan aritu da irradaka erakusten. «Beste tokitan lanketa hori egiten ari nintzela ikusita, nire buruari galdetu nion zergatik ez egin horrelako zerbait Zizurkilen». 2020an hasi zen Otamendi ideia mamitzen, Bukalai dantza taldeko batzordeko kide zela, eta pandemia tarteko urtebetez atzeratu zuten lanketa: «2021ean oraindik ere mugatuta geunden, ezin bildu, baino martxoaren 8an irradaka grabatu genuen udaletxe atarian; gero zabaldu egin genuen bideoa jendeak dantzak ikas zitzan».

Zizurkilerako prestatutako irradakak badu bereizgarri bat: ez da beste toki batetik ekarritakoa, propio bertarako sortua baizik. Otamendik sortu zuen egitura koreografikoa: «Argi neukan edozein emakumek dantzatzeko modukoa behar zuela izan, konplikaziorik gabea. Ez nuen inor dantzarako baldarra denaren ustetan kanpora geratzerik nahi. Ez da zertan dantzaria izan behar irradakan parte hartzeko».

Hiru zatitan osatu dute Zizurkilgo soka dantza hau. Lehenengo zatian Eñaut Agirrek Oiartzungo bertsolari bati jasotako doinua erabiltzen dute; bigarren zatian, Bilintxen Soldadu sartzea bertso sorta musikatzeko Joseba Tapiak erabilitako doinuak erabiltzen dituzte; azkeneko partean, Iturengo arotza doinu herrikoiekin egiten dute dantza. «Belarrira erraz sartzen diren doinuak dira, dantzarako ez oso konplikatuak, eta hitzak ere modu horretakoak izan behar zutela pentsatu nuen». Rosi Lazkano herriko bertsolariarengana jo zuen Otamendik bertso eske eta hark osatu ditu bigarren eta hirugarren zatietarako hitzak.

Aurten, martxoaren 8an dantzatu zuten plazan irradaka. Hil berria zen Bernarda Usabiaga omendu zuten, haren irudira sortutako erraldoia borobilaren erdian zutela. «Belaunaldi ezberdinetako emakumeak bildu ginen eta hori da ederra. Dantza honek baliorik badu, denak elkarrekin egiten dugula da. Bihar ere hori irudikatuko dugu, emakumeak elkar hartuta gaudela indarkeria matxistari aurre egiteko», dio Otamendik.

Jantzi beltzak eta koloretako zapia eramateko deia egin dute eta aurrez dantzak ikasi ez dituenak, bihar, entsegu batean izango du aukera Joxe Arregi plazan, 18:30ean.

Dokumentuaren akzioak