Dokumentuaren akzioak
Iritsi dira San Migel jaiak Iurretara!
Tradizioari jarraituz, txapligoekin hasiko dituzte aurten ere sanmigelak, eta festa girorik ez da faltako
Txapligoek iraun artean, kartelada bat izango da, herriko Gazte Asanbladak antolatuta. 12:15ean, berriz, umeek Txan magoaren ikuskizunarekin gozatu ahalko dute, Amilburu plazan (euria eginez gero Ibarretxe kultur etxean burutuko litzateke ekimena).
Kartelada osterako triki-poteoa antolatu dute Gazte Asanbladakoek; doinuez arduratuko dira Petite eta Konpainia. Gazte eta ez hain gazteek herriko kale zein tabernak girotuko dituzte; bide batez, 14:30ean plazan egingo duten bazkarirako giroa pil-pilean jarriko dute. Azken urteetan ohitura bilakatu da iurretarren artean San Migel bezperan herritik poteoan ibili eta gero plazan bazkaltzea; aurtengo bazkalostean, gainera, bertsolariak izango dira. Bazkalondoko patxaran eta uxuala txupitoen eta bertsolarien arteko nahasketak barre algara ugari eragingo dute herriko plazan.
Iurretarrentzat hain berezia den Doniel-Hatxa jasoko da ondoren. Ohiturari jarraituz, dantzarien eta herritarren artean altxatuko dute. Ia 30 metro luze da Doniel-Hatxa, eta jaiak amaitu artean Iurretako plazaren erdi-erdian egongo da; dantzariek azken proba saioa egingo dute ostean. Gauean Luhartz taldeak iurretarrek hain gustuko duten erromeria eskainiko du. Egun berezia da San Migel bezpera herrikoentzat, eta asko izango dira parranda goizaldera arte luzatuko dutenak; 06:00etan txokolatada banatuko dute plazan, eta ziur bat baino gehiago gosaldu eta gero etxeratuko dela.
Bihar, San Migel eguna
Herriko patroiaren egunari hasiera emateko, 10:30ean, dantzari eta agintariek kalejira egingo dute, Montoitik plazara. Meza Nagusia izango da ondoren, eta, azkenik, dantzari dantza egingo da. Eguerdia hurbildu ahala, bertsolarien txanda iritsiko da. Durangaldeko bertsolariak ariko dira nor baino nor: Igor Elortza, Gorka Lazkano eta Eneko Abasolo Abarkas, hain zuzen. Jarraitzaile ugari ditu bertsolaritzak Iurretan, eta antolatzaileek kontutan hartzen dute hori. Horretaz konturatzeko, urriaren 4rako antolatu duten bertso saioari begiratzea besterik ez dago; bertan Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Xabi Paya, Jon Maia eta Miren Amurizak abestuko dute. Gai-jartzaile lanetan Maite Berriozabal ariko da.
Bertsolariek herri kirolei pasako diete jaiaren testigua. Arratsaldean, 16:30ean, hain zuzen, Kofradien arteko sokatira desafioa izango da. Herri kirolekin amaitu gabe, 18:00etan asto karrera jokatuko da. Dantzarako ere tradizio handia dago herri bizkaitarrean; 18:30ean dantzari dantza eta sokadantza dantzatuko dituzte dantzariek. Egunari amaiera emateko, erromeria izango da, eta Laket taldeak eskainiko du.
Datorren ostegunera arte iurretarrek atseden hartuko dute; hala ere, hurrengo asteburuan ere parrandarako aukera ugari izango da Durangaldeko herrian.
Egitaraua
GAUR
12:00. Txapligoak jaurtiko dira Montoitik jaiei hasiera emateko.
Ondoren. Kalejira dultzaineroekin, herriko tabernetan zehar.
12:00. Kartelada Montoian. Gazte Asanbladak antolatuta.
12:15. Txan magoa. Amilburu plazan.
12:30. Triki-poteoa herriko tabernetan zehar, Petite eta Konpainiarekin. Gazte Asanbladak antolatuta.
14:30. Bertso bazkaria plazan. Gazte Asanbladak antolatuta.
18:00. Ohiturazko Doniel-Hatxa jasotzea. Ondoren, dantzarien azken proba saioa. Plazan.
22:00. Erromeria Luhartz taldearekin. Plazan.
Dokumentuaren akzioak