Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Iremiñek jende asko elkartu du eta herriko bizitzan egon da beti"

Dokumentuaren akzioak

"Iremiñek jende asko elkartu du eta herriko bizitzan egon da beti"

Egilea
Aitziber Basauri
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Berriz
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/06/10
Lotura
Anboto
Laida Ugarte, Andoni Urtiaga eta Jose Alberto Narbaiza.

Laida Ugarte Rementeria (2002, Berriz), Andoni Urtiaga Arrizabalaga (2000, Berriz) eta Jose Alberto Narbaiza Mandiola (1957, Berriz) belaunaldi biren isla dira. Hirurak Iremiñeko dantzariak dira eta buru-belarri dabiltza lanean taldearen urteurren jaia antolatzen. Antolatu duten herri bazkarian parte hartzeko dantza taldeagaz jarri daiteke hartu emanetan.

Zelan doaz prestaketa lanak?

Andoni Urtiaga: Ondo. Urte hasieratik gabiltza elkartzen, eta ia dena dago lotuta. Ekitaldi nagusia, Iremiñeko orain arteko dantzariak batuko dituena, ekainaren 16an izango da. 

Jose Alberto Narbaiza: Lehenengo taldeko bost dantzari ere egongo dira bertan. Bederazi ziren, txistulariagaz hamar, eta euretarikoren bat animatuko da dantzara. Guztira, 170 bat dantzari elkartuko gara; nagusienak 71 urte ditu, eta gazteenak bi.

Zelan hartu dute gonbidapena?

Laida Ugarte: Gogotsu daudela esango nuke, gogo handiagaz datoz entseatzera. Batzuek beldur apur bat dute hamar urtean ez dutelako dantzan egin, baina gogo handia dute eguna heltzeko. Beste batzuek pena dute taldea utzi zutelako, eta orain poza hartu dute plazara irteteko aukera dutelako berriro.

Ekainaren 16a egun handia  izango da.

A.U.: Bai. 11:00etan kalejira egingo dugu Berrizburu futbol zelairaino, eta 12:30ean lehengo eta oraingo dantzarien erakustaldia hasiko da. Herritar guztiak joan daitezkeen bazkaria antolatu dugu. Eskolako patioan izango da eta Ansorregik eta Larrañagak girotuko dute euren erromeriagaz. Dena dela, aurretik berotuko dituzue motorrak.

A.U.: Bai. Ekainaren 14an, barikuan, kalejira egingo dugu Elizondo plazatik Kultur Etxera, 19:00etan. Bertan, prestatu dugun argazki erakusketaren inaugurazioa egingo dugu. Trikipoteoa ere egingo dugu, 20:00etan. Zapaturako erakustaldia antolatu dugu. Olakuetako frontoian izango da, 20:30ean.

J.A.N.: Agintarienagaz hasiko gara, eta gero Euskal Herri osoko hainbat dantza egingo dugu.

Jose Alberto, zuk gogoan dituzu Iremiñeren sorrerako urteak?

J.A.N: Taldea sortu eta urte bira hasi nintzen ni. Orduan, Iremiñekoek abesten zituzten Santa Ageda koplak, eta, kantatzeko asmoz joan ginenean, ea dantzan ikasi gura genuen galdetu ziguten. Halantxik hasi ginen hamar bat lagun. Gero, bost urteren barruan, nesken taldea sortu zen lehenengo, eta umeena gero. 

Taldeak gorabehera asko izan du?

J.A.N: Bai, baina nahiko ondo mantendu gara beti. Iremiñe ez da dantza taldea izan bakarrik. Taldeak jende asko elkartu du eta herriko hainbat ekintzatan parte hartu du beti. Herriko bizitzan egon da.

Zelan dago orain harrobia?

J.A.N.: Beste herri batzuetako egoera ikusita eta Berrizen talde bi daudela aintzat hartuta, harrobia badagoela esango nuke. Sanantonioetan 50 bat ume irten dira dantzara aurten.

Berriz herri dantzaria da?

A.U.: Bai. Dantzari zirenik ere pentsatuko ez nuen lagun asko ikusi dut urteurrenerako entseguetan. Ia herri osoak dantza egin du Iremiñen, eta hor gaude oraindino.

L.U.: Pandemiak min egin zuen eta kostatu egin zitzaigun bueltatzea. Baina umeak gogotsu dabiltza eta hori seinale ona da. 

Dokumentuaren akzioak