Dokumentuaren akzioak
Iratzarri elkarteak yoga-dantza saioak antolatu ditu
Legazpiko Iratzarri emakumeen elkarteak yoga eta dantza uztartzen dituzten saioak antolatu ditu otsailerako Gorputza eta gozamena izenarekin. Hurrengo astean irekiko du izenak emateko epea.
Sandra Musk izango da irakaslea, eta saio horietan yoga eta dantza leunaz gozatzeko aukera eskainiko du. Yoga-dantzak hainbat onura ditu, irakaslearen arabera: “Gorputza indartu, luzatu eta erlaxatu egiten du; burua lasaitzen du eta bakearekin konektatzen laguntzen du; barruko poza pozten du; eta hobeto arnasteko balio du”.
Bi talde osatuko dituzte. Talde bat otsailaren 15ean eta 22an, asteazkenak, bilduko da, 10:00etatik 12:00etara, eta beste taldea otsailaren 20an eta 27an, astelehenak, 18:30etik 20:30era. Saioak Iratzarriren San Ignazioko eskola zaharretako egoitzan izango dira.
Datorren astean eman behar da izena. Aurrez aurre egin daiteke, elkartearen bulegoan, otsailaren 1ean eta 8an, 16:30etik 18:00etara. Posta elektronikoz ere eman daiteke izena, iratzarri.legazpi@gmail.com helbidera idatzita.
Dokumentuaren akzioak