Dokumentuaren akzioak
Iratxe Beorlegik etxean jaso du ibilbide artistikoaren saria
Mexikoko Dantza konpainiako dantzari donostiarrak saria jaso du, Iker Murillo eta Hilde Kochekin batera.
Familiari eskainitako sariak
Iratxe Beorlegik izugarri eskertu zuen saria: «Eskerrik asko
nirekin gogoratzeagatik. Nire familiari eskaini nahi diot saria, bate
ere nire amari, hainbeste urtetan etxetik kanpo aguantatzeagatik».
Iratxe Beorlegi Mexikoko dantza konpainiako lehen dantzaria da. Duela
32 urte jaio zen Donostian. Bere lehen pausoak Anaiak eskolan eta
Donostiako Goi mailako Eskolan eman zituen Peter Brown-ekin. Saria
jasotzean ere gogoan izan zituen bere lehen irakasleak: «Eskerrak eman
nahi dizkiet, dantzaren pozoia nire zainetan sartzeagatik. Asko
gogoratzen naiz hasierako urte horietaz».
14 urterekin profesional moduan hasi zen Euskadiko Balletean
eta handik, ustekabean, Mexikoko dantza konpainian lan egiteko deitu
zioten. 12 urte darama bertan. Azkeneko momentua arte ez zekien
Donostiara etortzeko tarterik izango zuen. La fierecilla domada
ikuskizuneko entseguekin lanpetuta dabil-eta. Beorlegik ez du sekula
profesional moduan dantzatu Donostian eta saria jasotzeak harrituta
utzi duela onartu du. Noizbait Victoria Eugenia Antzokian dantzatzea
gustatuko litzaiokeela dio, publiko donostiarrak berak ikasitako guztia
ikus dezan.
Iker Murillo eta Hilde Koch
Dantza tradizionalaren munduan hasi zen eta egun, Zurich
Balleteko dantzari bakarlaria da Iker Murillo pasaitarra. Bere
familiari eskaini zion saria: «Nire familia gabe orain ez nintzateke
hemen egongo», esan zuen hunkituta.
Hilde Kochek kanpoan lan egiten duten dantzariekin gogoratzea
eskertu zuen eta dantzaren alde egitea behar beharrezkoa dela
azpimarratu zuen.
Hilde Kochek ez zuen bere familiako argazkilari ezagunen
bidea jarraitu. Iruñean jaio zen, baina Donostian jaso zuen dantzarako
hezkuntza Peter Brown eta Ageda Sarasuarekin. Goi mailako Dantza
eskolako ikasketak amaitzean Sttutgart Ballet-ean hasi zen. Frankfuteko
balletera pasa zenean, Willliam Forsythe zuzendaria ezagutu zuen. Egun
Nacho Duato eta William Forsythen estiloaren irakasle-errepikatzailea
da.
Bihar, Dantzaren Nazioarteko Egunaren gala
Apirilaren 29an Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da hainbat tokitan. Honen harira, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Donostia Kulturarekin elkarlanean gala prestatu du bihar Victoria Eugenia Antzokian. Etxeko eta kanpoko hainbat dantzarik parte hartuko dute: Nederlands Dans Teatherreko Iratxe Ansa, Frankfurteko The Forsythe Balleteko Jone San Martin eta Amancio Gonzalez, Aukeran konpainia, Maruxa Salas eta Alexis Ferrera, Elena Serna eta Lienz Chang, Leire Amonarriz eta Jose Luis Sendarrubias, Naroa Guruzeta, Kukai konpainia, Judith Argomaniz eta Jon Vallejo. Sarrerek 9, 7 eta 5 euro balio dute.Dokumentuaren akzioak