Dokumentuaren akzioak
Irakasleei gorazarre
Olaeta balleta elkarteko kideak Bittor eta Lide Olaetaren omenez dantzatuko dira gaur Bilboko Arriagan
Denera, Olaeta Balleteko dantzari izandako 90 bat lagunek parte hartuko
dute emanaldian. Baita Ines Uriarteren ikasleek ere. Uriarte Olaetako
dantzari izanikoa da, baina bestelako bideari segitu zion, eta gaur egun
aretoko dantzak irakasten ditu.
Jone Goirizelaiak eta Mari Carmen Muñozek zuzenduta, Kasket
pieza dantzatuko dute aurrena, Jesus Guridiren musikarekin, eta haren
barruan, arku-dantza, zahagi-dantza eta Zuberoako maskarada emango
dituzte.
Dantza tradizionalak, euskal folklorea eta balleta nahasiko
dituzte ekitaldian aurrera, Goirizelaiak azaldu duenez. «Bittor Olaetak
irakatsi ziguna dantzatuko dugu, baina hark irakatsitako bidetik eginiko
ekarpenekin». Hau da, gaur egungo ikuspegitik helduko diete garai
bateko piezei.
Halaxe emango dute Oinkarin obra ere. Guridiren
musikarekin emango dute Olaeta elkarteko dantzari ohiek. Lau
urtaroak etorriko dira segidan, bizitzaren lau etapari buruzko
euskal balleta. Bittor Olaetaren koreografia batean oinarrituriko obra
da, eta Jose Luis Francoren musikarekin emango dute. Bittor Olaetaren
beste bi koreografia ere eskainiko dituzte: Ilargibetea eta Amaia
operako ezpatadantza eta Azkoitiko zalduntxoen minuetoa.
Halaber, Ines Uriartek eta Iñigo Fidalgok Isaac Rovirak
sorturiko Ilunbetik argitara koreografia erakutsiko dute, bals
ingelesa, slow fox-a, tangoa eta quick step-a
uztarturik. Ondarruko Venezia, Uriartek eta Begoña Cregok
osatutako pieza ere izango da Bittor eta Lide Olaetari eskainiko dieten
omenaldiaren parte.
Egitarau zabala prestatu dute Olaeta balleta elkarteko kideek
irakasle izan zituzten Bittor eta Lide Olaeta neba-arrebak omentzeko.
Emilio Sagi Arriagako zuzendari artistikoaren esanetan, «ondo merezitako
omenaldia da». Jose Maria Usandizagaren Mendi-Mendiyan zuzendu
zuen Sagik Donostiako Viktoria Eugenia antzokian duela hogei bat urte,
eta orduan ezagutu zuen Bittor Olaeta, galletaren koreografia hark egin
zuen eta. Sagiren arabera, «euskal kultura modu unibertsalean konprenitu
eta landu zuen» Bittor Olaetak. «Maila handiko musikari eta
dantzariekin lan egin zuen Parisen, eta ezagutza hori guztia euskal
kulturarekin uztartu zuen maisuki».
Dokumentuaren akzioak