Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Irailean, Hernio inguruan jai giroa nagusi

Dokumentuaren akzioak

Irailean, Hernio inguruan jai giroa nagusi

Bihar ere erromeria izango da Antonioren eta Agirretxekoen borden ondoko zelaian. Aspaldiko ohitura jarraituz ehunka lagun hurbilduko dira asteburu honetan ere Herniora, Gurutzera joan eta gero hamaiketakoa egitera

Hernioko Gurutzera igotzeko ohitura jarraituz, ehunka lagun hurbilduko dira asteburu honetan Zelatun ingurura. Han, Agirretxeko eta Antonioren bordako lagunak zain izango dituzte goiz goizetik.
Egilea
Elisa Belauntzaran
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Asteasu
Mota
Erreportajea
Data
2013/09/21
Lotura
Diario Vasco

Salda beroa, txorizo eta haragi egosia, sagardo edo ardoarekin lagunduz dastatu ahal izango dute Hernioko gainera jotzen dutenek. Maixus Etxeberria eta Joxemari Ugartemendiak prest izango dituzte ohi bezala. Etxeberriak zioenez «aurtengo udan lan handia izan dugu. Eguraldia lagun izan dugularik jende ugari izan dugu». Gustora zegoen errezildarra «hemen eguraldiari begira egoten baikara, ona ematen duenean badakigu jendea izango dugula». Asteburu honetan ere hori espero dute ona iragarrita baitago. «Irailean, gainera, giro berezia izaten da Hernion. Jendea mendira etortzeaz gain dantza egiteko gogoarekin etortzen baita». Erromeri doinuak nagusituko dira Zelatungo borden inguruko zelaietan eta «txikienetatik hasita aiton-amonak ere dantzan hasteko irrikitan egoten dira», zion Maixusek.

Ugartemendia-Etxeberria familiko kideak azken hiru urte hauetan Antonioren bordan ikusi daitezke. «Lanik gabe gelditu ginen eta borda hartzeko aukera izan genuenean aurrera egin genuen». Orain pozik agertzen zen Etxeberria. «Urte osoan igotzen gara. Uda partean egunero, neguan asteburuetan eta jai egunetan», kontatzen zuen. Iraileko asteburuak jendetsuenak izaten omen dira baina «udan izan ditugu ehun bazkaldar izan ditugun egunak. Gainera, abuztu bukaeran, San Joan txiki eguna ospatzen hasi ginen eta egun horretan ere lagun asko hurbildu ziren honuntz. Orain, hemendik aurrera, ardikiak ematen hasiko gara Pilarikatik aurrera eta orduan ere lana izatea espero dugu».

Urteetan joaten zirenak

Familiak umeekin, mendizale taldeak, adineko aiton-amonak... denak ere gustora hurbiltzen omen dira Herniora. Urte askotan joaten direnak ere badira, horien artean ezagun ugari dituzte Antonio Aldalurrek eta Pepita Barriolak. Lehena errezildarra, bigarrena berriz, Lizar-tzakoa. Pepitak 27 urtez egin zuen lana Antonioren bordan bere semnarra den Antiorekin. Honek kamioiarekin lan egiten omen zuen baina Zelatunen borda erosi eta gero, bertara joaten zen familiarekin asteburuero. «Antoniok duela 38-39 urte erosi zuen borda. 30 urte egin zituen bertan lanean duela zortzi bat urte arte. Orduan ere jende asko joaten zen Herniora, Asteasu, Aia, Larraul, Villabona, Azpeitia, Errezil, Zarautzetik joaten zen jendea. Nafarroatik eta Oiartzun aldetik ere etortzen zirenak baziren eta batzuk urteetan».

Herniora igotzeko «Errezildik igotzen zirenak Odriagoikoraino joaten ziren kotxez eta handik oinez. Asteasutik, berriz, Iturriotz auzora joaten ziren eta handik oinez ordubeteko bidea dago eta piskanaka- piskanaka igotzen da adinako jendea ere». Pepitaren esanetan, «ohitura zen Herniora igo eta Gurutze ondoan dauden kate edo anillo batzuk gorputzatik pasatzea, erreuma eta hezurretako gaixotasunak sendatzeko. Lehengoek sinesmen handia zuten eta oraindik ere joaten direnak egiten dute». Hernioko Gurutzea burdinezko gurutzez josita dago. Askok galdutako senitarteko edo lagunei oroitzeko jarriak dira.

Gogoan dituzten lagunen artean, Aldalur-Barriolako kideek Elduako Saturnino Iztueta, 'Eldu' artzaina aipatzen dute. «Urte hasieran hil zen, 56 urtez artzaina izan zen Hernio inguruan. Bere artaldea hartu eta hemen igarotzen zituen asteak». «Nahiz eta Tolosaldean egon eta Hernio ez ikusi, ondoan sentitzen» zuela zioen 92 urterekin hil zen artzaina. Iztueta joan zela badira hilabete batzuk eta urte batzuk pasa dira artaldearekin igotzen ez zela Zelatuneko zelaietara baina gogoan izango dute seguru, Antonioren bordara hurbiltzen diren betiko lagunek eta berarekin izandako solasaldiak ez dituzte erraz ahaztuko.

Jai giroa eta lagunak elkartzeko gunea izango da asteburu honetan ere Zelatun, eta Herniko Gurutzea. Han aspaldiko kontuak edo egungoak esanez egun pasa ederra egiteko aukera paregabea izango dute bertan. Kupela, Astiazaran eta Larrañaga trikitilari eta panderojoleak edo inguruko herrietakoak izango dira bertan, aurten Hernioko zelaietara joango diren lagunak dantzan jartzeko prest.

Irailean, Hernio inguruan jai giroa nagusi

Dokumentuaren akzioak