Dokumentuaren akzioak
Irailean abiatuko da Dantzerti goi mailako antzerki eta dantza eskola
Gradu baten pareko titulua eskainiko die Dantzertik ikasleei, eta lehen urterako hamabost ikasle onartuko ditu arte dramatikoan, interpretazio espezialitatean; eta 25 ikaslek osatuko dute lehen ikasle labealdia dantzan, koreografia eta interpretazio espezialitatean. Uriartek azaldu du asmo orokorra: "Euskadiko inguru sozial, linguistiko, kultural eta laboralarekin harreman zuzena duen zentroa izango da". Euskaraz eta gazteleraz eskainiko dituzte oinarrizko ikasgaiak horregatik, sailburuak zehaztu duenez. Gaztelerazko lerroa hautatzen duen ikasleak ere, euskaraz jarduteko gaitasuna lortuko duela iradoki du Uriartek. "Gure gizartean integratuta egongo diren profesionalak sortu behar ditu zentroak, eta Euskadiko gizartea elebiduna denez, ikasketek irauten duten lau urteetan euskarazko eta gaztelerazko testuekin egin beharko dute lan".
Eskolak kontserbatorioan kokatzeak "sinergia" sortuko duela dio Uriartek, eta zehaztu duenez, Europa iparraldeko herrialdeetatik hartu dute eredua Dantzertiren diseinua sortzeko. "Ikastegi integratua lortu nahi da", azaldu du Uriartek. "Erronka anbiziotsua da. Nahiz eta artikulatzen zaila izan, aukeraz beteta ikusten dut: benetako fabrika artistiko bat bezala".
Eskaera historikoa, eta historiari keinu
Historiari keinu egin nahi izan diote izenarekin. Izan ere, 1932tik 1934ra bitarte antzerkiari eskainitako aldizkari baten izena izan zen Antzerti eta omenaldia egin nahi izan diote horri Eusko Jaurlaritzakoek. Eta antzerkiaz gainera dantza ere eskaintzeko asmoa dutelako bilakatu dute Dantzerti.
Aspalditik dator gisako eskola bat sortzeko eskaria, eta hori ere izan du gogoan Uriartek. "Orain dela hamar urte baino gehiago hasi zen halako eskola bat martxan jartzeko asmoa. Estatuan halako 15 ikastetxe baino gehiago daude eta askotan kanpora joan behar izan dute ikasketa hauek egiteko aukera egiten zutenek. Orain guk eskaintzen dugu, eta batez ere bermatzen gure kultura defendatuko duela eta bermatuko duela. Hemen badugu gure profesionalen beharra".
Dantzerti goi mailako antzerki eta dantza eskolaren aurkezpena./ Eusko Jaurlaritza
Dokumentuaren akzioak