Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iraila dantzan

Dokumentuaren akzioak

Iraila dantzan

Maitaldiak Lucia Lakarraren eta MonteCarloKO baletaren mailako ikuskizunak emango ditu Miarritzen

Egilea
Nora Alberbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2003/08/29

Iazko lan guztiak Errusiako baleten gaiari lotuak ziren, baina aurtengo egitaraua nahasketa bat da. «Generoaren aniztasuna atxikitzeari lotua naiz. Miarritzeko publikoaren gehiengoak eredu klasikoa du gustuko. Gaineratekoaz ez da hain kurios. Nahasketa bat nahi izan dut, justuki, estilo anitz preziatzeko aukera eskaintzeko», dio Thierry Malandainek, jaialdiko zuzendari artistikoak.



Ikusminak asetzekoa ukan dezan, hiru sorkuntza berri estreinatuko dira Maitaldi honetan. Hala, Suitzako Philippe Saire koregrafoaren konpainiak Obseen obra garaikidea eskainiko du (irailak 16). Cave Canemek, berriz, dantza garaikidean dabilen konpainiak, L-Dopa aurkeztuko du (irailak 9). Azken berrikuntza EliralE euskal konpainiako Pantxika Telleriak dakar. Hiruki eta Lauki koreografia garaikideak taldeko bi emazte eta bi gizonek taularatuko dituzte (irailak 14).



Lucia Lakarra eta sei izen gehiago



Aipatzekoak diren gaualdietan baliteke hasierako emanaldia Izarrak eta Fantasiak izatea berezienetako bat, Gare du Midi aretoan, irailaren 6an. Gaur egungo dantza munduko zazpi izen ezagun ariko dira dantzan. Tartean Lucia Lakarra zumaiarra. Dantzariaren ibilbidea sariztatzeko eskaintzen den nazioarteko Nijinski saria eskuratua du 2002. urtean. Eta aurten berean Benois sari errusiarra. Gaurko egunean Municheko Bayerisches Staats balett konpainian ari da, eta Cyril Pierre talde bereko kidearekin ariko da. Dmitrij Simkin ere hor izanen da, baita Antonio Marquez flamenko dantzaria ere. Bakoitzak bere maneran, guztiek klasikoa izanen dute eredu. Bigarren zatia ere klasikoan oinarritzen da, baina umoretsua izateko xedea ere badu. Romeo eta Julieta edo Beltxargaren heriotza ikusgarri klasikoa ikusten ahalko da, baina usaian ez bezala, emazteen paperak gizonek irudikatuko dituzte, eta gatz pixka bat sartuko diote ikusgarriari.



Beste hitzordu nagusietan Monte Carloko konpainia dago, Jean Christophe Maillot koregrafoak zuzendua. Irailaren 12 eta 13an Gare du Midi bereganatuko du. Miarritzera Dov'è La Luna eta Opus 40 ikusgarri garaikideekin datoz.



Egitarau klasikoak gustuko dituztenek, hamabostaldia amaitzeko, Het Nationale Baletaren emanaldiak ukanen dituzte, 19an eta 20an, Gare du Midin. Herbeheretatik jin da talde hori, eta 30 dantzarik 5 Tango's eta Paquita dantzatuko dituzte.



Jazza maite dutenek, berriz, Herriko kasinoa ukanen dute eurentzat, irailaren 7an. Han, Anne-Marie Porras konpainiaren Iguzkiaren gibeleko emazteak daukate programatua. Hegoaldeko emazteen gaia taularatu nahi izan du Porrasek, jazz munduan ari den koregrafo bakarrenetarikoak. Hitza ez duten emazteen mundua.



Hip hopak ere, urtero bezala, bere tartea ukanen du. Storm dantza taldeari eman diote egun dantza mota hori inoiz baino emankorragoa dela erakusteko pribilegioa. Irailaren 17an Herriko kasinoan emaztearen sentsualitatea gizonezkoen performance nahiari parekatu nahi izan ditu Christine Bastinek.



Hainbat ekitaldi doan



Hiria bera dantzaren kolorez estaltzeko xedea daukate antolatzaileek. Hirietako leku bisitatuenetan, urririk dantza deskubritzen ahalko da, nahi beste. Lorategi publikoan, eguerdietan, konpainiek beren ikusgarrien erakustalditxo bat eskainiko dute. Taulagain irekiak ere izanen dira, eta dantzan trebatzeko aukerak ere bai. Hitzaldiek, filmek eta dantzari buruz gehiago jakiteko beste hainbat ekitaldik beteko dute aurtengo dantza egitaraua.

Dokumentuaren akzioak