Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iraganari, gaurko begirada

Dokumentuaren akzioak

Iraganari, gaurko begirada

50. urteurrena ospatuko du bihar Bidasoko Kemen Dantza Taldeak Irunen. Sustraiak iraganean ederki errotuta dituen arren, garai eta aldarrikapen berrietara moldatzeko apustua egiten ari da.
Egilea
Imanol Saiz
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Tokia
Hondarrib
Mota
Albistea
Data
2023/10/13
Lotura
Busturialdeko Hitza

 

Amaiur Calbete Olaizola eta Irati Bengoetxea Iruretagoiena, Kemenek Uranzun duen egoitza berrian

Aurtengoa urte oso berezia izaten ari da Kemen Dantza Taldearentzat. 50 kandela itzali ditu, jada mende erdia pasa baita Bidasoko kale eta plazak musika eta dantzaz betetzen hasi zenetik. Garai hartara itzuli dira taldeko Irati Bengoetxea Iruretagoiena eta Amaiur Calbete Olaizola, hastapenak bizitu ez arren, gertutik eta lehen eskutik jaso dituzte garai hartatik bizitakoak. «Atzera begira ohartzen gara gauza pila bat egin direla, 50 urteko ibilbidean pasatako guztia kontaezina da. Emandako urrats bakoitzak osatzen du gure historia, eta horregatik, lehenik, eskerrak eman behar dizkiegu lehen pausoak eman zituztenei, badakigulako ez zela batere erraza izan», azaldu du Bengoetxeak. 


Izan ere, beste eragile asko bezalaxe, klandestinitatean hasi ziren Kemeneko dantzari eta musikariak. 1970eko hamarkadan Bidasoan euskara eta euskal kultura berrindartzen ari zen, eta beste egitasmo askoren artean, dantza talde bat eratzea otu zitzaion Txingudi Ikastolako guraso talde bati. Kemen izango zenaren oinarriak errotzen hasi ziren orduan, auzolanean, alez ale. «Gurasoek arropa eta materiala egiten zituzten, entseatzeko lekuak bilatzen zituzten… Ikaragarrizko lana egin zuten», nabarmendu du Calbetek.

1973-1974an dantza talde ofizial gisa aurkeztu ziren, eta ordutik, lehen minututik, «sorterrian berreskuratutako zenbait tradizio mantendu eta indartzea» izan dute misio dantzari eta musikariek Calbeteren ahotan, eta noski, euskal kultura dantzatua lau haizetara zabaltzea. Hutsune bat betetzera heldu zen Kemen.

Bi hautu garrantzitsu hartu zituzten hasierako urte horietan. Batetik, Hondarribia Dantzan antolatzea, eta bestetik, Euskal Inauteriak Irunera eramatea. «Betidanik beste herrietako dantzak ekarri nahi izan ditu Kemenek, eskualdean Euskal Herri osoko dantzekin goza dezaten herritarrek», zehaztu du Bengoetxeak. Irunen bereziki euskal kulturari bultzadatxoa eman ziola aitortu dute, «askorentzat argi izpi bat» izan zela 1970eko hamarkadan, eta gaurdaino mantendu dela.

Hasierako emanaldi sorta horretatik harago joan da pixkanaka taldea, eta jada galdu ezin diren hitzordu asko ezarri ditu Kemenek eskualdeko egutegian. Bost hamarkadaz askotariko dantza emanaldiak eskaini dituzte, urteroko hitzordu bilakatu dira. Inauterietako puska biltzea, sanmartzialetako soka dantza, Euskal Jira, San Tomas Eguna, edota Euskal Jirarako saioak klasiko bilakatu dira.

Urratsak aurrera
Garai berrietara egokitzen jakin izan dute taldeko kideek, gizartearekin batera aldatzeko apustua egiten ari dira. Irakurketa bat egin dute azken urteetan. «Ohiturak elementu hertsi eta zurrun moduan ulertzetik, gizartearekin bat moldatzen eta egokitzen joaten direla ulertu» baitu Kemenek, Bengoetxearen arabera. Zentzu horretan, iaz, lehenengoz, emakumeek gizonezkoekin batera parte hartu zuten sanmartzialen hasierako soka dantza klasikoan, lehen aldiz historian. «Lehen gizonezkoek dantzatzen zuten eta gero gu agertzen ginen arin-arina eta fandangoa dantzatzera. Gogoeta egin genuen: dantzan emakumeak edo gizonezkoak izan ordez, dantzariak ginela denok, eta dantzari bezala egingo genuela dantza, bereizketarik gabe. Gizartea aldatzen doa eta guk ere aldatzen joan behar dugu», erantsi du Calbetek.

Gogoeta horretatik hasita, jantzien inguruko eztabaida batera ere pasa dira taldekoak. Gizonezkoek eta emakumezkoek arropa propioa erabiltzeko joera dago euskal dantzan gaur egun ere. Horri ere bira eman nahi izan diote. «Gogoeta horretan ateratako gauza bat hau izan zen: Ezpata dantza-n gizonezkoentzat egindako jantziekin aterako gara? Orduan erabaki genuen jantzi bat sortzea, emakume zein gizonezkoentzat, hemen ere, inolako bereizketarik egin gabe, generorik gabe», azaldu du Bengoetxeak.

Zientoka eta zientoka oholtza zapaldu dituzte Kemeneko kideek bost hamarkada luze hauetan. Orain, baina, bertatik jaisteko apustua egiten ari direla kontatu du bikoteak. «Oso ezberdina da kalean egitea, jendetik oso gertu gaude, parez pare. Jendeak ere ezberdin bizitzen du, barrutik», dio Calbetek. Horregatik, haien dantza plaza eta kaleetara jaisten ari dira, «aspaldian kaleetatik oholtzara egindako bideari buelta eman eta berriz ere dantzak berezko duten gune naturalera ekartzeko» asmoz. «Herrikoiagoa da kalean egitea», erantsi du Bengoetxeak.

Mende erdia behar bezala ospatzeko egun handi bat antolatu dute biharko, baina ez dute ospakizuna egun bakar batera mugatuko. Azaro-abendu inguruan taldearen ibilbidea errepasatzen duen erakusketa bat inauguratuko dute, eta urte bukaeran emanaldi oso berezia egingo dute. Belaunaldi guztiak elkartu nahi dituzte, oraingo honetan, agertoki berean ari daitezen denak.

Dantzari berri bila
Ehunka eta ehunka izan dira Kemeni esker euskal dantza ikasi eta gozatu dutenak. Familia askotan belaunaldiz belaunaldi igaro da dantza egiteko ohitura, baina azken urteetan beherakada sumatu dutela kontatu dio bikoteak, bereziki pandemiak astinduta. 50 bat kide dira gaur egun, eta Adaxkan, haien haurren taldean, 60 bat daude. «Lehen 200 bat ziren, pandemiaz geroztik beherakada etorri da». Beraz, erronka hori izango du aurrerantzean Kemenek, haur eta gazteak erakartzea. «Sumatzen da dantzari izan diren gurasoek hautu hori egiten dutela, lekukoa pasatzen dietela seme-alabei. Baina dantzari izan ez direnei ere tokia egin nahi diegu. Eta ez bakarrik haurrei, sekula dantzarik egin ez duten helduak ere anima daitezela!», erantsi dute.

Familia bat da Kemen, hori oso argi dute. «Sekulako giroa dugu, balio asko ikasi ditugu hemen, bestelakoetan agian ikasten ez direnak, edo hain agerikoak ez direnak. Familia handi bat osatzen dugu», nabarmendu du Bengoetxeak.

Ospakizunetatik harago, urteurren biribil honetan ere omenaldi berezia egin nahi izan diete Kemeneko nagusiei. Hasieran aritu zirenei aitortza hunkigarria eskaini berri diete dantzari gazteek. Oiasso museoko kanpoaldean, Bandera dantza dantzatu diete, estreinakoz. Bertan, besteak beste, Pili Murua eta sortzaileetako asko izan dira. «Ederra da ikustea taldetik pasatu den familia oso bat etorriko dela bihar. Pili sortzaileetako bat izan zen, haren alabak monitore izan dira, eta orain haien semeak gurekin aritzen dira. Hiru belaunaldi elkartuko dira bihar, horrek irudikatzen du zer den Kemen, eta zer izango den etorkizunean», erantsi du Calbetek.

Biharko egitaraua

  • 12:00. Kemen, 50 urte dokumentala proiektatuko dute Uranzu pilotalekuan.
  • 12:30. Kalejiran abiatuko dira taldeko musikari eta dantzariak, Uranzu pilotalekutik.
  • 14:30. Bazkari herrikoia egingo dute Uranzu pilotalekuan. Txartelak 20 euroan eskura daitezke, 686 87 22 07 telefono zenbakira deituta.
  • 17:00. Gabenara erromeria, Uranzun.
  • 20:30. McOnak taldearen kontzertua, Uranzun.
  • 00:00ak arte. Musika eta festa Uranzun.

 

Dokumentuaren akzioak