Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ipuin dantzatua

Dokumentuaren akzioak

Ipuin dantzatua

'Léonce et Léna'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2012/05/22
Lotura
Berria

Leonce und Lena (1836) testu satiriko/politiko legez sortu zuen Georg Büchner alemaniar pentsalari eta sortzaileak, eta harrez geroztik hainbatetan eszenaratu da. Katalunian, adibidez, Teatre Lliureko kideek Leonci i Lena antzeztu zuten beren garai mitikoenetan Lluis Pasqualen bertsioan, eta orain ballet garaikide bihurtuta etorri zaigu Christian Spuck koreografoaren eskutik.

Jatorrizko libretoaren espirituari fidel izanik, pantomima kutsu nabaria hartu du proposamenak bere planteamendu eta garapen osoan, eta ugariak izan dira umore ukituak, hala mugimenduaren diseinuan nola Emma Ryotten dekoratu eta jantzi ederretan. Spuckek, bestetik, ederki jakin du garai hartako kritika soziala guztiz iraungita dagoela gaurkoan, eta ipuin gozagarri moduan eratu du kontakizuna, alde erromantikoari etekin ona ateraz eta lanaren estiloa antzerki musikalaren ildotik bideratuz.

Arestian esan bezala, Ryotten eremu eszenikoak protagonismo handia hartu du osotasunean, eta alde horretan aipatzeko modukoa izan da agertoki erdiko horma kurbatu birakaria, eszena aldaketa arinak ahalbidetzeaz gain, denboraren iragatea iradoki baitu, metaforikoki. Soinu-bandari dagokionez, ordea, nahasmena izan da nagusi, Martin Donnerren jatorrizko musikarekin batera, Delibes, Strauss, Mozart, Beethoven eta beste konpositore askoren musika-zatiak erabili baitira —batzuetan bere hartan eta noizean behin beste zerbaiten osagarri moduan— oinarrizko kontakizuna girotzearren. 

Bide horretatik, soinu-bandak kutsu programatiko nabarmena hartu du askotan, eta orduan bazirudien mugimenduaren diseinua partituren inflexioak betetzeko sortua zela. Beste batzuetan, ordea, kontrakoa zirudien, hau da, kontakizunak aurrera egin zezan musikaren bat behar zuela, eta beharrizan horren pean sortua zela konposizioa. Horrek, jakina, ezinbestean baldintzatu du proposamenaren sakontasuna, baina tartean edertasun handikoak izan dira ideia asko —tronuaren tamaina neurrigabea, tabernako disposizio eszenikoa…— eta, dantza hutsaren alorrean, bikaintasunera heldu dira Leonceren lagunaren pertsonaia eta, zelan ez, bi maitaleek lo-atorra jantzita interpretatu duten pas de deux garaikide zoragarria.

Dokumentuaren akzioak