Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iparragirre Rework aurrera egiteko

Dokumentuaren akzioak

Iparragirre Rework aurrera egiteko

Biopic baterako proposamena egina du Gorka Bereziartuak, Urretxuko bardoaren “rockstar” bizitza kontatu asmoz bere jaiotzaren 200. urteurren honetan. Morgancrea konpainiak, bere musika berrasmatzeko lana egin du, zortzi pieza batuz abangoardia eta tradizioaren hari finean.
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2020/12/20
Lotura
Argia
Argazkia: Morgancrea
Argazkia: Morgancrea

Carlos Rodríguez eta Asun Lasartek sortu eta zuzendu dute ikuskizuna eta Alberto Lizarralderen musika gidaritzapean dream team ederra elkartu da. Pianoa, ganba biola, ahotsa: Sorkunde Idigoras. Gitarra, biolina, mandolina, koruak: Arkaitz Miner. Saxo baritonoa eta sopranoa: Josetxo Silguero. Nyckelharp, biolina, koruak: Xabi Zeberio. Abeslariak: Beñat Axiary eta Lide Hernando. Dantza: Amaia Elizaran.

Saioa Elizaran dantzariak irekiko du –baita itxi ere–musikarien konpainiaz. San Telmoko bobeda  bezain dotoreak diren arkuak eskaini dizkigu, mugimendu pausatuak eta espasmoak nahastuz. Musikaren erritmoan hazten da, zuhaitzaren igoera irudikatzera iritsiz. Gernikako Arbola ikus daiteke atzeko planoan, baina zuhaitzetik harago Elizaranek eskuak zabalago eskaini dizkigu, dotoreziaz borobilduz.

Iparraguirre 7
Noiz: azaroak 22.
NoN: Donostiako San Telmo museoa.

Anbientalagoak diren musiketatik lehen bertsiora igaro da banda osoa, Gora Euskera! zortziko zoragarrian eskainiz. Mundu osotik beat modernoak inportatzen ari garen honetan, gurean urte luzeko tradizioa duen erritmo dantzagarri eta frenetiko bat eskaini dute.

Dagoeneko badakigu ez gatozela Iparragirreri gorazarre egiteko ekitaldi soil batera. Minerrek gitarra distortsionatuekin egingo ditu atmosferak, Silgerok saxoarekin pianoren sokak mugituko ditu, Idigorasek biolarekin baxuak aterako ditu eta Zeberiok ukitu tradizionalagoa bermatuko du. Musikarien artean Silgeiroren melodiak gainontzekoen gainetik nabarmendu dira, indarrez eta edertasunez betez aretoa. Baina Silgeirok askatasun hori eduki zezan gainontzeko hiruen oinarria ezinbestekoa izan da. Sotilak eta finak.

Ahotsetan Axiaryren inprobisazio basati eta neurtuek hunkituko gintuztela gauza jakina zen aldez aurretik. Euskal tradizioa eta abangoardiaren iparrorratza dugu donapaleutarra, eta nahiz eta beharko lukeena baino onarpen txikiagoa izan, maila soberan duela erakutsi da.

Bere ondoan musikarien artean gazteena den Lide Hernandok paper zaila jokatu du erraldoien ondoan. Bere ahotsaren indarra ezagun zaigu Liher musika taldean, baina oso bestelakoa da eszena hau. Bada, ahoa bete hortz utzi gaitu, beti bezala. Axiary txiki uztera iritsi da Zibilek esan naute bezalako pieza hunkigarrian. Saio bakoitza ezberdina izango da, baina hemen hobeto ezin da egin.

Hutsune bat jartzekotan ekitaldiari, formatua izan da. Batezbesteko adina hirurogei urteren bueltakoa izango da, proposamenaren berrikuntza estetiko eta musikalarekin ez oso koherentzian. Saio gehiago izango dira, eta agian beste publiko mota batengana errazago iritsiko da horrela. Iragana etorkizunean proiektatzeko saiakera ederra baita. Oteizaren arraunlariak oroituz: atzera begira, aurrera egiteko.

Morgancrearen argazkiak:

 

Dokumentuaren akzioak