Dokumentuaren akzioak
Ipar Poloa odolusten
Izarren odola lan berria estreinatu du Biarritz baletak Maitaldia jaialdiaren baitan. Thierry Malandain koreografoak Ovidioren Metamorfosiak eta Ipar Poloari buruzko ikerketa bat uztartuz osatu du ikuskaria.
Baina pieza handi bat sortzeko ildo sendoago bat behar zuela eta, Ovidio poeta latindarrak (43 k.a.-17 k.o.) idatzitako Metamorfosiak izeneko poema narratiboa aintzat hartzea erabaki zuen sortzaileak. Bertan munduaren sorreratik Zesarren garairainoko hainbat elezahar, itxuraldaketa mirarizkoei buruzkoak, kontatzen dira.
Izar artean betiko
Ovidioren idazkiak, kapituluetako batean, Hartz Nagusia izeneko konstelazioaren sorrerari buruzko legenda mitologikoa azaltzen du, eta legenda hori izan da, hain zuzen, Balet Biarritzen azken sorkuntza osatzeko balio izan duena.
Mito honen arabera, Artemis jainkosak Calisto ninfa hartz bilakatu zuen, Zeus jainkoarekin seme bat izan zuela-eta jeloskor. Calisto eta Zeusen seme ehiztaria basoan bere hartz ama hiltzen saiatu zen ordea eta, ondorioz, Zeusek ama eta semea izar bilakatzea erabaki zuen, arrisku guztietatik urrun. Hala sortu omen ziren Hartz Nagusia eta Hartz Txikia konstelazioak. "Azken finean edozein gizaki betiereko bilaka daitekeela iradokitzen du legendak. Eta hala pentsatzen dut nik ere, gizakiari betiko izaten eragozten dion gauza bakarra bere burua baita", dio Malandainek. Itxuraz zeharo ezberdinak diren iturrietatik edanda sortu da, hortaz, Biarritz baletaren azken ikuskizuna: Izarren odola, Bilboko Arriaga antzokia eta Reimseko antzokiarekin batera ekoiztutako lana.
Konpainiak 1998.ean sortu zenetik izan duen arrakasta dela medio, irailaren 4 eta 5ean Miarritzeko Gare du Midin eginiko estreinaldian lepo egin zuen antzokiak. Dantza kritikari, programatzaile eta herritarren artean ikusmin handia eragin zuen konpainiaren lan berrienak.
Oihala zabalduta Biarritz baleta osatzen duten hamalau dantzari gazteek Strauss, Mahler, Waldteufel, Lanner eta Minkusen musikaz ikuskizun dinamikoa eskaini zuten 70 minututan zehar. Teknikoki oinarri klasikoa izanda ere, dantza berritzaile bat proposatzen du Malandainek sorkuntza honetan ere, jada konpainiak oso bereak dituen pauso eta moldeak guztiz alboratu gabe. Konpainiak jada marka propioa baduen arren, koreografoak definizioetatik ihes egiten du.
Intuizio eta gogoetaren artea
Pieza guztiek naturari ez ezik egungo gizarteari ere erreferentzia egiten diote etengabe. Esaterako, dantzariek vals musikaren erritmora dantzatzen duten bakoitzean gizakien manikeismoa eta baldarkeria islatzen dira. Valsez gain, polkak eta martxak dantzatzen dira.
Obrako mugimendu guztiek badute beren zioa, baina ez beti gogoetatik sortutakoa, askotan intuizioz jokatzen duela onartzen baitu koreografoak: "Calistoren haurdunaldia adierazteko, esaterako, nire burua haurdun irudikatu nuen. Eskuak sabelera eraman nituen modu intuitibo batez eta aurrera zein atzerako mugimendu bat egiten hasi nintzen eskuekin. Mugimendu horixe egiten dute dantzariek orain oholtzan".
Konpainiaren aurreko lanetan bezalaxe, honetan ere eszenografiak ez du inolako elementurik. Eszena gainean lur eta horma zuria besterik ez dira ageri arreta guztia dantzarien mugimenduetan bildu asmoz: "Ezin dut jasan oholtza gainean dantzariak ez beste ezer ikusterik. Nik gorputzak ikusi nahi ditut". Ikuskarian zehar Jean-Claude Asquiék eginiko argi diseinuaren bidez sortzen dira espazio eta giro ezberdinak. Jorge Gallardorenak dira jantziak.
Ikuskaria sorpresaz beteta dago, batez ere obraren azken partea, bertan hartz zuriz mozorrotuta agertzen baitira hamalau dantzariak. Hasieran lau hanketan eta ondoren zutik, dantza koreografia hunkigarria burutzen dute. Estreinaldiaren egunean behintzat bati baino gehiagori irribarreak ihes egin zion.
Hamabost eguneko atsedenaldiaren ostean Izarren odola Frantziako zenbait herrietan eskainiko dute lehenik eta, ondoren, urtarrilean Bilboko Arriaga antzokian emango dute. Kritiko eta programatzaileen iritzien zain gelditu behar, ordea, ikuskariak zein etorkizun izango duen jakiteko.
Mikel Irurzun, Biarritz baleteko dantzaria: Dantzari sentitzen naiz goitik behera
Dokumentuaren akzioak