Dokumentuaren akzioak
Inurria txarra eta txitxarra ona zenekoa
La fontainek idatziriko 'Cigale' alegiaren berrirakurketa egin du Thierry Malandain koreografoak, eta etzi eta igandean estreinatuko du Biarritz Baletak Gare du Midi antzokian
Henry Cain koreografoak alegiaren egokitzapen libre bat egin zuen 1904an, eta koreografia horretan oinarritu eta «ikuspegi humanistikoan sakonduz» irakurketa berria egin du Thierry Malandain koreografoak Biarritz Baletarekin. Malandainen inurriak «gizarteko indibidualismoa» agertzen du, eta txitxarra «benetako aingeru» bihurtzen. Cigale-ren ekoizpen berria Miarritzeko Gare du Midin estreinatuko dute, etzi 21:00etan eta igandean 17:30ean. Aurretik, Fauno baten loaldia (Claude Debussyren musikarekin) eta Zisnearen heriotza (Camille Saint-Saensen musikarekin) dantzatuko dituzte.
Iluntasunean Nathalie Verspecht dantzari belgikarra agertokiaren erdian fetu itxuran bildua dagoela hasten da Cigale. «Cigale-ren koreografia egiteko enkargua eman zidatenean Jules Masseneten musikarekin egin nuen lan etxean; 'plum-plum' kolpeak entzuten nituen musikan, eta Nathalierekin landuz joan nintzen hasiera eta garapena», azaldu zuen Malandainek, herenegun Egiako Gazteszenan jendez lepo zegoen aretoa egin zuten jendaurreko entseguan. Dantzaria, txitxarra, kolpeka hasiko da fetuaren posturan. Lirikoa da musika, sinplea izango da dekoratua. Alaitasun handia iradokitzen dute Cigale obrako lehen pausoek. Udaberria da. Alai jasotzen du hanka txitxarrak inurriari labetik atera berri duen opila eskaintzean. Gustura hartzen du txitxar lagunak emandako musua. Bi txitxarrek bat egingo dute. Gorputzak hautsi beharrean tolestu, eta zein noren hanka den ezin asmatuko du ikusleak, korapilaturik biak. Obra, ordea, «erraztasun handiz» pasatuko da komediatik dramara. Negua da bigarren emanaldian. Hotzak dator txitxarra gauerdiko mezatik, babesteko xal bat besterik ez duela, elurretan. Ongi estalita iritsi da inurria etxera, txitxarrak atea jo dion arren, inurriak leihotik burua atera eta udan egin duen bezala dantza egiteko gomendatuko dio haserre eta maltzurkeriaz txitxarrari. Hotzak, gosez, elurretan, hilko da txitxarra. Tristura iradokitzen dute dantzariek. Goibelaldia, iluntasuna. Nola alaitasuna hala goibelaldia keinuen esajerazioarekin taularatu du Malandainek: «Zinema mutuaren garaian sortu zen baleta, eta keinuek betetzen zuten hitzen hutsunea, horregatik gehiegizko keinu horiek». Inurri zikoitz zurrak eta txitxar onak ordezkatzen dituzten bi munduetatik haratago «jolas moduan» hartu du alegia Malandainek: «Istorio pedagogikoa bere horretan kontatu beharrean, balet eder bat egiteko baliatu dut La Fontaineren alegia».
Duela mende batekoa, baina gaurkoa
Ia mende bete igaro da Henry Cainek La Fontaineren txitxarra eta inurria dantzan jarri zituenetik. Hala ere, alegiari fantasia dario oraindik. Gaurkotasuna emateko oinarrizkora murriztu dute eszenografia, eta alegiaren argumentua sinplifikatu.
Inurria interpretatzeko gizon bat aukeratu du Malandainek, «testu originalean bezala». Txitxarrak, ostera, «ugaldu» egin dira, eta dozena inguru dira. Jatorri ugaritako txitxarrak dira oholtza hartuko dutenak. Italiarrak, suitzarrak, belgikarrak, espainiarrak, kolonbiarrak eta euskaldunak. Txitxar txiroaren rola Rosa Royo bilbotarrak egingo du, une batean txitxarraren maitalearekin elkartuko dena. Royoren arabera Biarritz Baleteko kultura eta hizkuntza mestizaiak «asko aberasten du» koreografia.
Dokumentuaren akzioak