Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Intxixu eta Sorginak iritsi dira herrira

Dokumentuaren akzioak

Intxixu eta Sorginak iritsi dira herrira

Atzo, bandera igoerarekin Ihote festa hasi zen

Inauteriak baino astebete lehenago iritsi ziren atzo Sorginak eta Intxixuak Doneztebe plazara. Bereziak dira Oiartzungo Ihoteak. Bertan ez da ohiko desfilerik ikusten eta Intxixuak eta Sorginak dira protagonistak, herritarrekin batera. 1991ean ospatu zituzten lehen aldiz, Francoren diktaduraren ondoren, eta indartu dira ordutik.
Egilea
Goizarin
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2013/02/02
Lotura
Diario Vasco

Hortaz, atzo hasi ziren Ihoteak Oiartzunen. Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, Haurtzaro ikastolako eta Elizalde eskolako dantzariek Azeri-dantza eta Sorgin-dantza eskaini zuten festaren hasiera modura. Gero, Aiako Harriko Kataxulotik zetozen Intxixuen eta Sorginen bila joan ziren denak, irrintzika eta oihuka, mitologiak eta gizarte zibilizatuak bat egiteko.

Doneztebe plazara iritsi hala, Ihoteetako aurkezleen hitzek ongietorria eman zien: «Zahar rak eta gazteak, otiak, otsuak eta larrak: joan zaigu jenerazio txit perrua eta heldu zaigu jenerazio sanua, jentila bezain humanua! Intxixu eta Sorginak herria hartu eta anabasa nagusituko da Oiartzungo bailaran! Har dezagun plaza eta egin dezagun dantza! Atera dezagun orrua, astin dezagun larrua!».

Suaren inguruan dantza egin zuten gure Intxixu eta Sorginek. Jarraian, auzoetako banderak igo zituzten udaletxeko balkoira. Une zirraragarria izaten da, inondik ere. Lehenengo Sorgina; gero, Intxixua. Segidan, Ihote baltsak ere ez zuen huts egin eta anabasa ederrean dantzatu zuten guztiek. Baltsa hori Jose Mendizabal «Txistu» zenari esker berreskuratu zuten, garai batean Oiartzunen dantzatzen zena, eta gaur egun dantzatzen dutena Intxixuek sorginekin batera. Azkenik, herritarrak elkartu zitzaizkien eta denek dantza ugari egin zuten suaren bueltan: Arratiako arin arina (Sorginek dantzatzeko, albokariek lagunduta), Zazpi jauzi, Petiri dantza (Satan dantza), Lantzeko zortzikoa, Luzaideko Bolant dantza (Xoxo dantza), Fandangoa, Arin-arina…

Zein dira Intxixuak?

Intxixuak garrantzi berezia du Oiartzungo mitologian. Bailaran horretan bakarrik ezagutzen den pertsonaia horrek bizirik iruteaz gain, garrantzi berezia hartu du azken urteotan Inauteriei esker. Nolanahi ere Intxixuaren jatorria, izaera eta itxura zein den ez dago batere argi eta behin baino gehiagotan eztabaidatu izan den gaia da. Pello Añorgak, Ihoteen taldeko partaideak, dio «Intxixua Oiartzunen kokatuta dagoen jeinua da, ia-ia jentila, eta batzuen arabera, sorginaren gizona.

Gauetan ateratzen omen zen, Arditurriko zuloetatik, Aiako Harrian dauden meategietan barrena. Horregatik, ez da batere harritzekoa, gau ilunetan batik bat, soinu arraroren bat gertatuz gero etxearen kanpoko aldean, edota txakurraren zaunkak adituz gero, esatea jendeak: ‘Hara, gaur ere Intxixua atera duk kanpora!’. Dena den, oso zaila omen zen ikustea intxixua, ia ezinezkoa. Alde batetik, arrunt betizua zelako, esan nahi da zeharo basatia; eta, beste aldetik, lotsati amorratua. Ordea, esaten dute zaharrek, orain dela denbora dezente, Oiartzungo mendiko guarda batek aurkitu zuela intxixu bat Arditurriko zuloetan, eta parte eman zuela Udaletxera. Betizuen tankerako pertsona arraro bat omen zen!

Esanak esan, bada Oiartzunen beste ustea, aski zabalduta dagoena: harrespilak egiten zituztela. Eta zertarako egiten zituzten? Bertan lurperatuak izateko (hilobiratuak).

Eta Oiartzunen ezin dugu ahaztu, badagoela makina bat harrespil edo mairu-baratze Oienlekun, Egiarren, Errengan, eta hainbat lekutan. Sinismenaren arabera, horietan denetan omen daude lurperatuak intxixuak».

Eta Sorginak?

Oso garrantzitsua da Sorginen atala Oiartzungo Ihoteen barruan. Hala, gertutik ikusi eta behatu daiteke daramatzaten tresnak ez direla apaingarri gisa aukeratutakoak, ezta ausaz hartutakoak ere. Mendetan zehar haraneko sorginen eta euskal sorginen tresnarik esanguratsuenak izandakoak irudikatzen dituzte, eta orain erabiliak dira berriro dokumentazio historiko zaharraren azterlanari, eta ahozko tradizioak utzitako testigantza eta istorioei esker, iraganeko emakume haien eta gaur egun ordezkatzen dituztenen arteko lotura denboran nolabait irudikatuz.

Gaur Kuestazioa

Gaur goizean Oiartzungo auzo bakoitzean talde bat ibiliko da baserrietan eta etxeetan dantzan, trikiti soinua lagun dutela. Neskak poxpolinez jantzita ikusiko ditugu; mutilak, berriz, galtza eta alkandora zuriarekin eta gerriko eta txapela gorriekin; guztiek alpargata zuri zinta gorridunak jantziko dituzte oinetan. Taldekide guztiek zinta bat edukitzen dute besoan lotuta, bere auzoaren adierazgarri (Ugaldetxo: morea; Iturriotz: urdin argia, Altzibar: arrosa; Karrika: gorria; Ergoien: lila; Gurutze: berdea; Arragua: horia; Elizalde: zuria).

Baserrietakoek eta etxeetakoek dirua edo janaria emango diete (odolkiak, txorizoa, intxaurrak, arrautzak…). Talde bakoitzak trikitilariak eta bandaduna edukitzen ditu, bai eta erratza, saskia eta burruntzia ere. Jasotakoarekin eguerdian auzoetako elkarteetan bilduko dira bazkari legea egitera. Gero, denak herriko plazan bilduko dira, arratsaldeko 18:00etan. Festak ez du etenik izango. Ez horixe!

Dokumentuaren akzioak