Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Intentzioak ditu beti zentzua eta eraginkortasuna ematen»

Dokumentuaren akzioak

«Intentzioak ditu beti zentzua eta eraginkortasuna ematen»

Arantxa Lannesek (Uztaritze, Lapurdi, 1987) bere burua entzuteko sintonia atzeman du, eta, harekin lerrokatua izateko, margolaritzak, kantuak eta dantzak ematen dizkiote bidea eta ogibidea. Orain arte bereiziak bazituen ere, hiruren arteko harmonia atzeman berri du, Alabadena elkartea sortu baitu, hiru arloetan libreki sortzen jarduteko, sentitu bezala.
Egilea
Ainize Madariaga
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/08/12
Lotura
Berria

Zein izan da zure bizian murgiltzen lehena: dantza, kantua edo ilustrazioa?

Baxoan hautan hartu nituen arte plastikoak, eta Bordelen lizentzia lortu nuen. Ondotik, arte ederren eskolan sartzeko azterketa prestatzen hasi nintzen Baionan. Hartua izan nintzen, baina dantza ikustaldi batean ere onartu ninduten Tolosan [Okzitanian].

Bi bortetatik bakarra ireki behar...

Kolpe batez izan zen: «nahi dut dantzatu». Bestalde, arte plastikoak ikasi bai, baina asko irakaskuntzara dedikatzen dira. Alta, nik ez nuen hori sentitzen, sorkuntza nahi bainuen. Forma fisiko ona behar duzu hiru urteko ikasketa intentsiboetarako. 21 urte nituen orduan... Gaztea izanki, hobe. Adinak zuen hautua egin. Baina, nonbait, ebidentzia bat zen. 

«Hitzek erran ezin dutena sorkuntzen bidez erraten dut. Behar bat da. Erraten dit nola naizen bizian, inguruarekin»

Arantxa Lannes

Gaztea baino gazteagoa izan behar dea dantzarako?

Zenbait koreografok erran zidaten berantegi zela dantzari profesionala izateko, ikasteko denbora behar baita, eta 30 urterekin jada dantzariaren karreraren bukaera kontsideratzen baita. Arrazoi izan dut kasko gogorra izatea. Ez zekiten gorputza prest nuela. Behar dena da mugimenduaren inteligentzia bat eta determinazioa, arte guzietan bezala. Uste dut pertsonen araberakoa dela berant hastea edo ez. Gainera, emazteentzat den arlo horretan ere emazteentzat zaila da, anitz baikara eta toki guti. Aise eman dezakezu amore.

Nola borrokatu zenuen?

Garai hartan ez nintzen ohartzen [21 urterekin], baina oraindik arras moldagarria da gorputza, eta fisikotasuna maite nuen, gorputza prest nuen. Kontziente nintzen gaitasunak nituela, eta banekien horretara dedikatuz gero zerbait aterako nuela. Arantxa Iturralde lagunak ere akuilatu ninduen: baietz, posible zela, baina determinazioa behar zela. Zahartu ahala, beldur gehiago dugu; alta, esperientzia ere handiagoa dugu! Beldur gara gure gaitasunez eta arriskuak hartzeaz, biluztea galdegiten baitu.

Kolpez dantzatu nahi zenuela, baina aritua zinen, ez dea hala?

Gimnastikan eta Uztaritzeko Izartxo dantza taldean ibilia naiz ttipitatik, eta parada ukan dut dastatzeko afrikar dantzak, baita garaikidea ere; horrek dit piztu zinez dantzatzeko enbeia. Hartzaro festibala kari, Burrunka taldearekin bi muntatu genituen, Ufaka zanpaka eta Hartza iguzki. Baina ez nuen sekula irudikatu hortaz bizi zitekeenik.

Arantxa Lannes

Noiz ikusi zenuen arlo bat baino gehiago jorra zenezakeela?

Arte plastikoetarako prestaketan performerrak aurkitu nituen, eta ezin asea den gose bat piztu zidaten. AEBetako koreografoak ikertu genituen, eta diziplinartekotasun kontzeptua landu.

Dantza ikasketen ondotik?

Euskal Herritik kanpo mugitzeko gogoa banuen ere, Elirale konpainian hartu ninduten. Presaz nintzen lanbide batean aritzeko. Orduan zitzaidan hirugarren atea zabaldu: kantuarena.

Ezezagunena dea zugan?

Familiatik dut zaletasuna, Anje Duhalde otto baitut. Xabier Amilibia lehengusuarekin bigarren saria irabazi genuen haur kantu txapelketan. Orduan nintzen lehen aldiz atera jende aitzinera kantatzera. Baina bazter utzi dut kasik hamar urtez. Harik eta H ikusgarria prestatzen hasi ginen arte, Kriztof Hiriart ari izan zen Pantxika Teilleriarekin elkarlanean; soinuetatik partitzea zen ideia, eta ahotsa lantzea. Erran zidan: «Zoaz kontserbatoriorat, entzunaldia pasatu eta ahotsa landu».

Berriz ere eskolarat, beraz?

Lau urtez kantu lirikoa ikasi dut. Elirale konpainian lanean ari nintzen bitartean, aldi berean, koreografo gisa ere aritu naiz sorkuntza batzuetan: Buruz behera Uztaritzen, Eate Baigorriko Arrola taldearekin, Ixtante Garaztarrekin eta Uztaritzeko kabalkada. Sei urtez topera ibili naiz!

«Maite duzunetik bizitzeak ekartzen du erruduntasuna: baloratua baita lanean sufritzea; plazerik ez hartzea»

Arantxa Lannes

Kantuz nahi bizi?

Kantua dut gutien garatu, gauza gehiegi nituelako. Baina Doctor Mephisto taldean korista gisa aritu naiz. Utzi dugu, baina talde berria sortzen ari gara, zeina profesionala izanen baita. Country-rock kantuak arrahartuko ditugu. Pianoari lotu natzaio duela urtebete. Bahez emazte talde zuberotarrean ere parte hartzen dut.

Dantzari gisa, arizale izanez hasi, eta ariarazle ere bilakatu zara, ez?

Dantza irakasteko diploma lortu nuen, 2019an; geroztik, Iparralai elkartean irakasten hasi naiz, Garazin. Baina Covid-19arengatik frustragarria izan da biziki, zeren eta ene egiteko manera bilatzen hasia nintzenean dena eten baita. Urte hondarrean Elirale konpainia utziko dut, ene baitatik hasiko bainaiz.

Zure kontu jarriko zara, baina zein diziplina jorratuko duzu?

Alabadena elkartea sortu dut; alabaina da, baina ene euskalkian. Maite dut anbiguotasun hori: jakin gabe zertan ariko naizen, dantzan, margolaritzan edota kantuan.

Ainize Madariaga
Ainize Madariaga. Patxi Beltzaiz

Nola bizitzen duzu diziplina bakoitzean sorkuntzarainoko barne prozesua?

Hiruren arteko puntu komuna gorputza dut. Gauza fisikoa da gertatzen: margotuz jestua da, kantuan ene gorputz guzia engaiatzen da, sentitzen eta bizitzen baitut gorputzean. Dantzan zer erranik ez. Dantza eta izateko manera bata bertzearen miraila dira. Borondatea ez da aski. Bizitu, digeritu eta gorpuztua duzularik, orduan bai.

Kantuan ere gauza bera da: zenbat eta borondate gehiago eman, orduan eta okerrago ateratzen da, borondatea ez baituzu kausitzen indarrarekin. Intentzioak ditu beti zentzua eta eraginkortasuna ematen. Oso zaila da hori onartzea, kanporatu behar baituzu zerbait justua ateratzeko. Funtsezkora jo behar duzu, eta ariketa zaila da; xumetasuna erakusten dizu.

Tinduan ere berdin da: alimaleko ideia ukan dezaket, baina ikaragarriko kaka aterako zaizu. Onartuz kaka bat dela, hasten zaizu zerbait interesgarria ikusten, hori dut garatzen. Orduan, naizen horrekin lerrokatua ikusten dudalarik, obra bukatua da.

Zer desberdintasun ikusten dituzu diziplina horien artean?

Dantza efimeroa da, uneko bizipena da, esperientzia bat. Dantza bera izanik ere, aldiro esperientzia desberdina da. Margolaritzan, aldiz, obra bukatua delarik egoten da, eta batzuetan ez gara gehiago akort berarekin. Joan-jinak dira. Kantuaren kasuan, grabatua delarik ere gauza bera gertatzen da. Objektu bat gelditzen da. Horri esker, halere, emaitza erakusten duzu jendaurrean, eta kanpoko begiradak erakusten dizu zuk ikusi ez duzuna; eta ohartzen zara ez duzula deus menperatzen! Eta gisa horretan aitzinatzen zara. Terapia bat da.

Horregatik ez dut ulertzen arte terapia, edozein gauza kontzienteki praktikatuz terapia forma bat baita. Aldiz, kontsumituz egiten baduzu, ez; ez zaizu deus gertatuko, salbu eta zainak libratuko dituzula, edo justu uneko plazera hartuko.

Zer ematen dizu bakoitzak?

Enetzat, hitzek erran ezin dutena horien bidez erraten dut. Behar bat da. Horrek guziak erraten dit nola naizen bizian, inguruarekin. Anitz ikasten dut ene buruaz, eta laguntzen dit izaten. Baina desafio bat da aldiro. Zailtasunak ere badira. Bada alimaleko barne kalapita. Gertatzen zait negar egitea deus ez dudalarik lortzen.

«Gaizki ikusia da norberak bere burua entzutea; alta, badu zentzu anitz, zaila bada ere. Balio dit hiru diziplinetarako»

Arantxa Lannes

Usu, ene mugengatik neroni preso sartzen naiz, ez besteengatik. Baina hortik bizitzeak ekartzen du etengabeko erruduntasuna, baloratua baita lanean sufritzea, plazerik ez hartzea, pasioz bizitzea. Ez naiz gehiago pasioan. Esperientzia hau haratago doa: desira bat da. Alta, ez du irauten; bikote harremanean bezala da, gorabeherak baitaude. Ohartu behar da lanbide bat dela gurea, besteak ez bezalakoa; ados, baina ez du erran nahi beti erraz eta arina denik. Erruduntasun horrek pusatu nau gehiago egitera.

Are, diziplina aniztasun hori gaizki ikusia da, bekaizkeria sortzen baitu, eta badelako ustea lana azaletik egina dela. Iruditzen zait iruzurra naizela; baina ez dut halako pretentsiorik, bakarrik arlo horretan dabilenaren ber heina dudala. Lotua da ere berant kontzeptuarekin. Besteen maila harrapatu behar dudala.

Dantzan taldeka ari zara. Kantuan ere bai. Margolaritzan, berdin gutiago...

Margolaritza arras esperientzia pertsonala da, eta behar du intimitate hori. Talde lanak ere maitatu ditut, baina haien esperientzia hain da intimoa, non koadroa markatu beharra baita, batak besteari intrusiorik ez egiteko.

Dantzan, taldean ari izan naiz gehienetan, nahiz bakarka ere batzuk eman izan ditudan. Dantzari gisa, talde batean sentitzen duzu zeure burua, baina eramaile gisa, bada bakardade forma bat. Eta kantuan, lirikan adibidez, taldean lantzen duzu, baina bakarkako kurtsoak hartu ditut. Kasu guzietan entzumena duzu landu behar. Isiltasunean zure baitakoa entzuten duzu.

Lanbidean hori dut ikusten: haurrek badutela entzuteko arazoa, orokorrean gizartean. Gaizki ikusia baita norberak bere burua entzutea. Alta, entzumenak badu zentzu anitz, nahiz ariketa zaila den. Diziplina guzietarako balio dit.

Arantxa Lannes
 

Diziplinak elkarren artean nahasi izan dituzu?

Orain arte ez, baina une batez sentitu dut beharra elkarren artean nahas daitezen ene proposamenak sortzeko. Ene artista nortasunean baieztatzeko beharra sentitu dut. Iaz lehentze erakutsi nuen Oihanean proiektua. Hartan, margolan anitz egin nituen, eta hortik abiatu nintzen ipuina idazteko Xan Errotabehererekin. Trama bilakatu da. Joan-jinak izan dira, arlo bakoitza besteari erantzunez. Materia sortu dut obra batetik, bi kantu, konparazione. Banuen beharra baieztatzeko. Aztarnak proiektuan, zuzenean ariko naiz margotzen. Konplexua da hiru diziplinen arteko uztarketa, ez da sistematikoa izan.

Baduzua diziplina baten beharrik bertze baten egiteko?

Hiru hizkuntza ikasi ditut, eta hirurak beharrezkoak nituen. Baina, batzuetan, beste hizkuntzaren hitz bat erabiliko duzu, egokiagoa baita. Hor ere arlo bat erabiliko dut, ahal bezain justu izateko erran nahi dudanarekin. Oihanean lanean, adibidez, hiru diziplinak orekatu ditut. Baina teknikoki konplikatua da. Horregatik ez dut uste sistematikoki interesgarria denik. Hurrengo proiektuan nahiago dute arlo bakar bat hautatu, eta une jakin batean erabiliko dut beste arloren bat; azukre pixka bat ematea bezala da.

«Diziplina aniztasun hori gaizki ikusia da, bekaizkeria sortzen baitu, eta badelako ustea lana azaletik egina dela»

Arantxa Lannes

Gaiak errepikatzen direa hiruretan?

Ez dut hautatzen; heldu denarekin egiten dut, inprobisatuz, zeharkatzen dudanaren arabera. Sinpleki ari naiz. Batzuetan gaia badut, baina ez da deus ateratzen. Horregatik entzumena da landu behar. Konfiantzaz ekin behar zaio sentitzen denari.

Hiru alorretako zeinetan zara askeen sentitzen?

Arte plastikoetan oso libre sentitu naiz, bakarrik ari bainaiz; baina gero urduri naiz. Dantzatzeko arrunt lasaiago naiz, baina behar duzu gero eta gehiago aritu, eroso sentitzeko. Kantua zait deserosoena, hor baitut gutien ezagutzen ene burua. Beldur handia dut. Estres hori ona da, baina ahalak galarazten ahal dizkizu. Azkenean, erakusten dizu zeure burua ez seriosegi hartzen, batzuetan ahanzten baitzait arina dela egiten dudana. Erran nahi dut seriosa dela, baina arin gelditu behar duela. Bada kontraerran hori. Funtsean, onartu behar da arlo guzietan gauzak eskapatzen direla eta ez dela hain larria.

Dokumentuaren akzioak