Dokumentuaren akzioak
Inprobisazio lehiaketan dantza eta umorea lagun
Ikusleek ikustaldiz ikustaldi talde hoberenari botoa eman ahalko diote
Garazi Philantropik Orchestrak joko du musika, eta epaileak edo ikusleek emandako gai eta legeekin, dantzariek taldeka, binaka edo bakarka dantza bat inprobisatu beharko dute.
Lehiaketak hamar zati ditu, eta bakoitzak minutu baten eta hiru minuturen artean iraungo du. Gaia ematen zaien mementotik hogeita hamar segundo izango dituzte pentsatzeko, eta behin talde bakoitzak dantzaldia aurkeztu eta gero, ikusleek epaitu ahal izango dute. Horretarako, sarreran ikusle bakoitzari kartoi urdin bat eta gorri bat emango dizkiote, eta zati bakoitzaren bukaeran gehien gustatu zaion taldearen kolorea erakutsi beharko du.
Umorea bi aldetatik etorriko da. Chimeres antzerki taldeko Jean-Marie Broucaret ikuskizunaren gidaria izango da eta ohitura duen bezala, giroa ederki berotuko du. Legeek kutsu berezia emango diete dantzaldiei. Pantxika Telleria dantzari eta koreografoak ezarriko ditu lege horiek, eta mementoaren arabera, besoak mugitu gabe dantzatzeko eskatuko die artistei, hip-hop estiloan aritzeko edo orduan burura etortzen zaion gisan. Gainera, futbolean bezala, zerbait gaizki egiten duenari kartoi horia ateratzeko eskubidea izanen du.
Dantzariak inguruko konpainietakoak izango dira. Biarritz Balleteko Cedric Godefroid-ek eta Gaël Domenger-ek hartuko dute parte. Donibane Lohizuneko EliralE konpainiak Aurelie Genoud eta Cyril Geeroms dantzariak utziko ditu. Landetako Androphyne konpainiatik Anne Cecile Massoni eta Pierre-Johan Suc bertaratuko dira, Mutine konpainiako Muriel Barrarekin eta Laurence Katz-ekin batera. Garazi Philantropik Orchestraren energia eta umoreak, musikaren bitartez, giro berezia emango dio lehiaketari. Antolatzaileek orkestrako taldekideekin ikuskizunari eman nahi dioten estiloa landu dute.
Ideia Biarritz Cultureko zuzendari Laurence Pekar-ena izan da. Antzerkian sarritan egiten dituzten inprobisazio lehiaketak dantzan ere egitea pentsatu zuen. Hasieran, dantzari amateurrekin egitea pentsatu bazuten ere, lehenengo aldia izanik eta zer emaitza duen ikusi arte, profesionalekin egitea erabaki zuten aurten.
Berritzailetzat jo dezakegun diziplina horretan dantzariek senari, imajinazioari eta gorputzari jarraitu beharko diete, baita kanpoko elementuek markatutako oinarriei ere. Inprobisazioko lehiaketa hori Udal Kasinoan eginen dute gaueko bederatzietan.
Dokumentuaren akzioak