Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ikasleei nire obran inprobisatzeko aukera ematea erronka izan da»

Dokumentuaren akzioak

«Ikasleei nire obran inprobisatzeko aukera ematea erronka izan da»

Hilde Kochen lehen koreografia, 'Torque', izango da ikusgai asteartean Kursaalean, Dantzaz konpainiaren eskutik. Bere estraineko koreografia da konpainiaren estraineko obran.

Egilea
Erik Gartzia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/06/28

Torque sortu duen lehen koreografia da, eta Dantzaz konpainiaren 1.01 ikuskizunaren hiru piezetako bat da. Ekaina hasieran eraman zuten oholtzara lehen aldiz Kursaalean. Oso kritika onak jaso zituen. Hau da Agus Perezek BERRIAn 1.01-i buruz idatzi zuena: «[Torque] Lauretan bikainena izan da (...) Mugimendua, isiluneak eta musika, dena zetorkigun zatika, baina pieza aurrera joan ahala bat egin dute elementu guztiek, denak hartu du zentzua Arvo Parten partitura inguratzailearen pean, dantzariek erritu estrainio eta perfektu bat gauzatu dute eta dantzaren misterioan murgildu gara guztiok (...)». Asteartean agertoki berera eramango dute, dFERIAren egitarauaren barnean. Artelekuko entseguan eten bat egin du Kochek galderei erantzuteko.

Zure lehenengo koreografia da Torque. Nola sortu zen egiteko aukera?

Iaz Miarritze eta Donostia artean mintegi bat egin genuen. Bertan lau konpainia junior elkartu ziren. Nik ere parte hartu nuen. Esperientzia polita izan zen, eta denak oso pozik geratu ziren. Esan zidaten: «Zergatik ez zara ausartzen konpainiarentzat koreografia bat egiten?». Egia esan, betidanik eduki dut ideia hori, baina errespetu handia diot. «Zer daukat esateko?», galdetzen diozu zeure buruari. Urteetan hainbat estilorekin arriskatzen zara. Ez zara koreografo bilakatzen koreografia bat egin duzulako. Urte asko ikasten, ikertzen, gailurrean, hondoak jota... pasatzen dituzu. Azken finean, bilaketa bat da. Esperientzia asko behar da, ezin zara zerotik hasi.

Zure ibilbide osoaren eragina dago pieza horretan?

Bai, argi dago. Horretatik elikatu naiz, eta hortik ikasi dut. Dantza hizkera berria aurkitzea ia ezinezkoa da, mundu guztiak norbaitengatik jaso baitu eragina... Markatu zaituzten erreferentzia garrantzitsuak eduki behar dira, azken finean ez baituzu zeure burua erabat askatzen zure influentziengatik. Ikusten duzu koreografoak koreografoetatik ateratzen direla, eta urteen poderioz garatzen zoaz -edo hala beharko luke behintzat- eta gutxinaka zure esparru pertsonalean sartzen joaten zara. Esfortzu handia da, eta eguneroko lana eskatzen du.

Arvo Parten musikarekin egin duzu koreografia. Zergatik?

Abesti pila entzuten hasi nintzen, eta gero baztertzen, zuri gehien egokitzen zaizuna topatu arte. Arvo Parten obra deigarria iruditu zitzaidan, biolina eta pianoa soilik dituelako. Obra minimalismoaren barnean koka daiteke, baina ñabardura asko ditu, kolore asko. Gainera, bederatzi zatitan banatuta dago, eta hori primeran zetorkidan obra egituratzeko.

Lehen dantzari, orain koreografo. Aldaketa handia al da?

Dantzariaren aldean eta irakaslearen aldean zaude uneoro. Mugitu egin behar zara urratsak irakasteko, baina aldi berean ahalik eta ikuspuntu objektiboena izan behar duzu beste aldetik. Izan ere, gauza bat urratsak dira, beste bat kontzeptua, musikalitatea...

Askatasuna eman diezu ikasleei...

Hori bientzako erronka izan da, bai ikasleentzat baita niretzat ere. Nik esaldi koreografikoak ematen nizkien. Batzuetan, hala ere, inprobisatzeko lan pixka bat ematen nien, horrela askatasuna zuten, mugatua bada ere. Ulertzeko: esaldi batek «A», «B», «C», «D» eta «E» baditu, hartu urrats horiek eta egin «E», «B» edo nahi duzuna, betiere batasun edo koherentzia bat mantenduz. Ezin da edozein modutan inprobisatu, beti eduki behar du obrarekiko lotura bat. Bestela ideiarik gabe geratzen zara, eta ez dakizu nondik jo!

Ikasleak obra dantzatzen hasi ondoren helduagoak direla uste al duzu?

Bai, askoz helduagoak dira. Lan honek helduago egin dituztela onartzen dute eurek. Dena egina jasotzen ohituak daude, eta exekutatu besterik ez dute. Torque-n zati batzuk eginak zeuden, eta besteak denon artean egin ditugu: «Nik ematen dizut, baina zuk ematen nauzu»; nuen ideia bat dantzari batek beste era batera egiten badu, nirea baztertu eta hori hartuko dut... Ate horiek zabalik uztea arriskutsua zen niretzat, baita eurentzat ere, baina arriskatu gabe, ez dago ezer. Bi aldeontzako aberasgarria da hori. Horrela aritzea ez da gauzarik erosoena, uneoro jarri behar baitituzu helburu eta eredu berriak.

Bukaeraraino inprobisatu al duzue?

Ia estreinu eguneraino egon gara horrela. Bezperan ukitu gabeko materiala eta sortutakoa zein den banatu genuen. Noski, inprobisatutakoa landu behar genuen, bestela eskuetatik alde egin dezake... Orduan finkatu egiten dugu. Behin finkatuta, ikasle batzuek uste dute dena egina dagoela. Hori ez da horrela. Beti goardian egon behar da. Dantzatu behar zituzten zatiak aldatzen nizkien, besteek egiten zutena ikusteko eta «hara! Hori gustatzen zait» -ala ez- esateko eta bere egiteko. Izaera kritikoa lantzen dute horrela. Piezaren osotasunean gehiago pentsatzen dute, bakoitzaren buruan baino.

Zaila izan al da?

Oso. Gaztetxoak dira, batzuek oraindik ez dute dantza klasikoa atzean utzi... «Aska zaitez! Dantza egizu!» esan behar diezu, dantza askatzeko baita. Horrela lan egiten duen jendeak urte asko behar ditu. Guk, hemen, azkar egin dugu. Foie-a egiteko antzarak indarrez elikatzen dituztenean bezala. Eredu batzuk jaso dituzte, eta, espero dut, euren bizitzan horren inguruan hausnartzea.

Dantzaz haratagoko zerbaitek inspiratu al zaitu obra egiteko garaian?

Espazioek, obrek, pinturek... Adibidez, Richard Serra. Guggenheimen dauden elipse horien barnean ibili nintzen, eta gustatu zitzaidan, baita horren inguruan idazten duena ere. Ardatzetik kanpo dauden mugimendu horiek guztiak interesatzen zaizkit. Horren harira, obraren izena latinezko torquere-tik (tolestu) dator.

Disziplina artistiko moduan ahaztua al dago dantza?

Atentzioa eman dit Espainiako Dantza Konpainia aritu denean edo Dantzaz estreinatu zenean publizitate gutxi egoteak. Antzokian bertan kartelik ez zegoen. Nahiko kaskarra iruditzen zait. Jazzaldian edo Zinemaldian askoz gehiago ikusten da publizitatea, zirrara handiagoa eragiten du. Donostia, eskubide osoz, Europako Kultura Hiriburua izateko hautagaia da, baina gehiago mimatu behar lituzke horrelakoak.

Dantza gehiago bultzatu beharko lukete erakundeek?

Arlo guztietan. Ekonomikoki, baina horrez gain ekitaldietara joan behar dute. Ezin liteke zerbait lagundu zeri buruzkoa den jakin gabe. Konpromiso bat hartu behar dute, inplikazioa. Laguntza politikorik gabe ezin da kulturarik egon. Dantzaz-i dagokionez, egitasmo hobeak egin ahal izateko, dantzariei hobe ordaindu ahal izateko... dirua behar dute. Eta zer esanik ez konpainia egonkortua sortu nahi badute. Oso ondo dago laguntzea, baina azkenean hemendik alde egiten dute talentua dutenek. Ez dut esaten gaizki egiten ari direnik, baina laguntza pixka bat gehiago eman beharko lukete.

Nola ikusten duzu Dantzaz?

Konpainia gaztea da, eta motibazio handia dute. Beren lekua aurkitzeko irrika biziz daude. Oso ondo lan egiten ari dira. Jarraikortasun bat eduki behar du, eta, agian, etorkizunean konpainia finko bat egin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bezalakoa.

Dokumentuaren akzioak