Dokumentuaren akzioak
«Inor baino gehiago arriskatzen den bikotea gara»
Elkarrekin dantzan hasi zirenean pentsatu ere egingo ez zuten arren, hiru aldiz jarraian irabazi dute Segurako txapelketa, eta Nestor Basterretxeak diseinaturiko azken garaikurra eskuratu dute. Txapelketen munduaz harago, euskal dantzaz, estereotipoez eta kulturaz aritu dira.
Denbora pixka bat pasatu da Segurako txapelketatik eta, distantzi horretatik, nola ikusten duzue lorpena?
Idoia Besada: Sinesten dugu, baina oraindik ez, aldi berean. Hirugarren garaipen hori lortzeko izan dugun presioa desberdina izan da: helburu hori geneukan, eta lortu dugu. Eta, hain justu, horregatik, ez duzu sinesten gorenera iritsi zarenik.
Xabi Artola: Denborarekin etorri den helburu bat da, hasiera batean geure buruari proposatu ez geniona. Horren zain geunden, entsegu asko eginez eta, bat-batean, irabazi egin dugu. Baina gehiago da lorpen pertsonal bat, beste ezer baino. Ikusten duzu, egindako lan guztiak merezi izan duela, sari bat izan duela.
Urtebete barru, beharbada, lorpena errekonozituko diozue zeuen buruari.
X.A.: Posible da, bai. Seguran bertan ere esan nuen: urte asko ziren halakorik lortu gabe eta, orduan, badira goren-gorenean dauden bikoteak, Azpitarte eta Parrondo anai-arrebak, adibidez. Eta, bat-batean, gu biok pare horretan gaude, ustez; haiek lortu zutena lortu dugu behintzat. Horiek bikote historikoak dira eta guk, Xabik eta Idoiak, horra iritsi eta gauza bera lortu dugu.
I.B.: Nik gogoan dut txikitan txapelketa guztietara nola joaten nintzen, ahizpa txapelketetan aritzen zelako; garai hartan, aizpitartetarrak nire idoloak ziren. Orain, nik ez dut neure burua horien parean ikusten.
Zenbait umerentzat idolo izango zara, beharbada.
X.A.: Niretzat ere hala zen berarekin bikote moduan hasi baino lehen, pentsa.
I.B.: [Barreak]
X.A.: Egia da, nire ustez Idoia erreferentzia bat da, duen dantzakeragatik: oso garbia da, oso fina da eta, teknikoki, nik ez dut bera baino hobea den inor ikusten.
I.B.: Beno, beti dago akatsen bat, eta beti dago zer hobetua. Uste dut adituak garela geure alde txarrei begiratzen, eta oso kritikoak gara geure buruarekin.
Akaso horregatik findu duzue hainbeste zuen dantzakera?
X.A.: Bai, argi dago baietz. Bideoak grabatu, ikusi eta hobetu beharrekoak segituan identifikatzen ditu norberak.
I.B.: Hala ere, asko hobetu izanagatik, ez dago, Xabik bezala, hiru-lau urtean halako helburu bat lortu duen inor. Zerotik hasi ginen urtarrila inguruan eta, lehen txapelketara iritsi, eta irabazi egin genuen. Orain, atzera begiratuta, niri sekulakoa iruditzen zait. Eta, hor, ikusten da lana, gogoa eta sekulako gaitasuna daudela. Izugarria da lortu duzuna, eta hori beti esango dut.
X.A.: Bai, baina lortu dudana Idoia Besadarekin lortu dut, ez edozeinekin.
Ia lau urteren ondoren, elkarri loreak botatzen ari zarete. Denbora horretan guztian, aldatu al da bikotea?
I.B.: Hasieran, nik nekiena irakatsi nion Xabiri; nire estiloa. Hori izan zen abiapuntua, baina, geroztik, saltoak txertatu ditugu gure fandango eta arin-arinean eta, uste dut, hori dela gure indargunea. Indar handia dugu, eta salto egiteko gaitasuna.
X.A.: Bai, konfiantza hartu dugun heinean, pausoak eraldatzen joan dira. Gorputzaren goialdea ere asko landu dut, nik bereziki; Segurako lehenengo urtetik bigarrenera alde handia nabaritu nuen. Eta jauziei begira lan handia egin dugu. Dena den, iruditzen zait ez dugula hori bakarrik: uste dut beste inor baino gehiago arriskatzen den bikotea garela. Ondo ateratzen denean, zoragarri; kontrara, ordea, akats bat egiten baldin badugu, oso garbi ikusten da. Azken finean, hau guztia ez da lortzen, arriskatu gabe.
I.B.: Xabik besoak aipatu ditu eta, bai, entseguetan landu daitezke besoak. Gero, ordea, hara heldutakoan, bukatzeko indarra behar duzunez, buruak hanketara bidaltzen du indarra, inkontzienteki. Askotan, Segurako bideoak-eta ikusten ditudanean, akats hori ikusten dut nabarmenen: gorputzaren goiko zatia gehiago mugitzeko beharra.
X.A.: Hori gainerako bikoteek egiten duten proposamenagatik ere badela uste dut; lehen ez ziren besoak hainbeste mugitzen. Orain, berriz, badirudi hori dela joera. Guk ez dugu bide hori hartu, beharbada gehiago eutsi nahi izan diogu bion irudiari.
I.B.: Eta zehaztasunari. Dantzatzen dugunean, elkarri hankak bilatzera joaten gara, altuera bera harrapatzera, eta horretan asko laguntzen digu biok altuera bertsukoak izateak; bestela askoz ere zailagoa litzateke.
Batek esperientzia izateak eta bestea hasiberria izateak, lagundu dizue oreka lortzeko?
X.A.: Txapelketen munduan Idoia jende guztiak ezagutzen du, onerako eta txarrerako, baina ni ez, eta hori positiboa dela uste dut.
I.B.: Xabirekin dantzan hasi aurretik, nik beldur bakarra nuen: txapelketak txapelketa bakarrik izatea, eta lehen postua helburu bakar izatea. Baina, Xabirekin dantza eginez, dantzan gozatzea lortu dut. Horrekin ez dut esan nahi lehen gozatzen ez nuenik. Baina Xabik asko lagundu dit horri buelta ematen, eta beste ikuspegi bat izaten; azken lau urteok desberdinak izan dira niretzat. Irabazten ez badugu ez da ezer gertatzen eta, garaipena lortuz gero, noski, oso gustura hartzen da.
X.A.: Adinak ere izango du zerikusirik, guztia erlatibizatzeko.
I.B.: Bai, adinarekin tenplea eta dedikazioa irabazi ditugu. Ez dagoen tokitik ateratzen dugu denbora.
Hain zaila zirudien hori lortu duzue: hiru jarraian. Eta orain, zer?
I.B.: Oraindik ez dugu ezer erabaki. Txapelketa amaitzea benetako bizitzara bueltatzea izan da, norbere lanera eta norbere ikasketetara, eta ez dugu astirik izan hitz egiteko ere.
X.A.: Nik neuk oso argi daukat dantza taldean jarraituko dudala, eta Idoiarekin gustura dantzatuko dudala; sueltoan aritzeko taldeko norbait aukeratu beharko banu, hori Idoia litzateke, ordu asko pasatu ditugulako elkarrekin. Baina, hortik aurrera, bikotearekin ez dakit zer gertatuko den. Momentuz, beste lehentasun batzuetara bideratu nahi dut orain bizitza; ikasketak bukatzera eta, ahal bada, lanpostu bat lortzera.
Txapelketak lehia dira, finean.
I.B.: Bai. Beti izaten da besteek beren lana oso ondo egin eta norbera baxuago aritzearen beldurra; bai, behintzat, txapelketa garrantzitsuenetan. Baina hori edozein kiroletan edo lehiatan gertatzen dela esango nuke.
Dantza txapelketetan, ordea, pertsonek epaitzen dute zuen lana. Nola daramazue hori?
X.A.: Argi dago subjektibotasun horretan gako handienetako bat dagoela. Eta, ahobizarrik gabe esango dut: nire ustez, zenbait epailek ez dute nahikoa gaitasun postu horretan egoteko. Epaile batzuk ez dute ikusten ikusi behar dena, edo azken 40 urtean ez dira dantzan aritu. Txapelketetan epaile lanetan aritzen diren gazteen artean, berriz, zein aritu da sueltoan buru-belarri? Nerea Vesgaren izena bakarrik bururatzen zait. Noski, hau nire iritzia da, eta beharbada jendeari ez zaio ondo irudituko, baina uste dut norbaitek zerbait ona den edo ez ebaluatzeko, pertsona horrek puntu horretara iritsi behar izan duela noizbait. Alegia, epaileek dantzariek bezainbesteko ezagutza garatuta izan beharko luketela, dantza sueltoan. Gipuzkoanoko dantzen txapelketetan, kontrara, egin beharrekoak arautuago daude sueltoan baino. Sueltoan ia ez dago araurik, irizpide batzuk baino ez daude, eta askok hutsuneak estilo edo dantzakerekin azaltzen dituzte; baina dena ez da estilo kontua.
Zer da, orduan, epaimahaiak baloratzen duena?
I.B.: Ni gaztetxoen txapelketetan epaile lanetan aritzen naiz, eta lau atal daude: zailtasuna, pausoen zehaztasunei begiratzen dien atal bakarra; gorputzaren goialdeko mugimendua; erritmoa eta alaitasuna, dantzariek oholtzatik transmititzen dutena. Nire ustez, alaitasuna eta gorputzaren goialdeko mugimendua oso lotuta daude. Horrek, ordea, ez du esan nahi besoak mugitu behar direnik. Lehen gerria eta ipurdia mugitzen zuten dantzan, eta orain besoak mugitzeko joera handia dago. Baina, esandakoa: arautu gabeko esparru bat da dantza sueltoarena.
X.A.: Eta, akatsek, nola eragiten dute bada?
I.B.: Epaile bakoitzaren araberakoa da hori. Berez, lau atal horietako puntuak normal eman behar dira, eta akatsek beste atal bat osatzen dute; amaieran, akatsetan pilatutakoa beste puntuazioari kendu behar zaio. Dena den, ez dakit nora goazen, txapelketen moldea ere aldatzera baitoa.
Nola?
X.A.: Batetik, dantzek sei pauso izango dituzte, gaur egungo zortzi pausoen aldean. Horrez gain, beste bi proba egin beharko ditu bikote bakoitzak: fandangoko bi pauso, gorputzaren goialdeko mugimendua baloratzeko, eta arin-arineko bi pauso baldosa baten gainean. Garai bateko graziarekin dantza egiteko ohitura berreskuratu nahi dute.
Hainbat zaleren arabera, txapelketek dantzakera homogeneizatu dute. Hori horrela baldin bada, ez al da kontraesana txapelketek eurek plazako dantzakera berreskuratu nahi izatea?
I.B.: Oso kontraesankorra da, baina, egiazki, ez dakigu zein den aldaketa honen helburua ere. Dantzari guztiok harrituta gaudela uste dut.
X.A.: Garai bateko grazia hori berreskuratu nahi dute, baina errealitatea oso bestelakoa da. Batetik, txapelketak dira: oholtzan zerbait dago jokoan eta, ondorioz, zailagoa da alaitasuna transmititzea. Eta, bestalde, txapelketek, onerako eta txarrerako, garapen bat izan dute; txapelketek eta, oro har, euskal dantzek.
Hori txapelketek ekarri dutela uste duzu?
X.A.: Hein handi batean bai, txapelketek beste zenbait dantza estilotako eragina jaso izan dutelako. Euskal dantzak herri bakoitzeko festetako ekitaldiak ziren eta, gerora, dantza taldeak homogeneizatu egin dira, eta talde jakin batzuek eragin nabarmena izan dute eraldatze horretan. Aldaketa hori ez da txapelketek bakarrik sortua izan.
Txapelketek eragin dute dantzariak horretan erabat zentratu, eta beren proposamena gero eta hobea izan dadin lanean jarraitzea. Horregatik, orain hanka askoz ere gehiago altxatzen da, buelta bakarra eman beharrean batzuk bi ematen dituzte, eta abar. Gorputza mugaraino eta dantza perfekzioraino eramatera iritsi gara.
Dena den, uste dut badirela dantzakera propio horri eusten dioten taldeak, Tolosan edo Legazpin, adibidez.
Biok txikitatik ari zarete euskal dantzetan. Zein etorkizun ikusten diozue?
I.B.: Kanpo korronteekin batera garatzen ari da, eta aldaketak izango dira, ziur. Gero eta gutxiago dira tradizioa mantentzen duten taldeak, eta ez dakit talde horiekin zer gertatuko den. Iruditzen zait, antzeko zerbait gertatuko dela dantza taldeetan erabiltzen diren jantziekin ere; gaur egun, gero eta emanaldi gehiago ikus daitezke, bere garaian Aukeran dantza konpainiak proposatu zuen janzkera soinean dutela. Noski, Aukeran konpainia bat da, baina hori zabaldu egin da, baita dantza taldeetara ere. Hala ere, nik beti esango dut, oso gustuko ditudala dantza konpainiak eta beti ikusten ditudala haien emanaldiak.
Gakoa, akaso, konpainiaren eta dantza taldearen arteko desberdintasuna da? Alegia, kultur tradizio baten gainean sorkuntza eta artea garatzea, edo sorkuntza hori tradizioa balitz bezala erreproduzitzea?
I.B.: Bai. Euskal Herriko konpainia handiek sortzen dutenaren atzean lanketa eta mamitze handia dago.
Nolabaiteko abangoardia bat ere beharrezkoa da, beharbada, euskal dantzak iraun dezan.
I.B.: Bai, argi dago tradizioaren moldeek ezin dutela betiko funtzionatu edo saldu. Baina jakin egin behar dugu zeintzuk diren gure erroak, eta horiek mantendu egin behar ditugu. Gainerakoan, garapenaren garapenaz, iritsiko da benetako dantza zein zen ez dakigun momentu bat. Edo jada gertatzen da. Iztueta irakurriz gero, gaur egungo Gipuzkoanoko dantzek ez daukate zerikusirik berak deskribatzen duenarekin: guztia bal0letera lerratu da.
X.A.: Uste dut euskal dantzak beti iraungo duela; osasun ona ikusten diot. Baina, horrez gain, uste dut oso garrantzitsua dela norberak bere identitatea argi izatea. Alegia, guk, Udaberri dantza taldean, badakigu ez dugula eskainiko konpainia batek egiten duena; badakigu zer egiten dugun. Gure nortasuna hori da, eta gu ondare bat gara. Udaberri dantza taldeak egiten duena dantzaren ondarearen zati da, eta beste dantza talde batek egiten duena beste zati bat izango da ondare horretan, noski. Uste dut horrela ulertu behar dugula. Eta, gure lana izango da, euskal dantzen transmisioan dantza horiek mantentzea.
Hizkuntzarekin gertatzen den bezala, uste duzue dantzaren tradizioa eraberritzearen adar bat lotuta dagoela konplexuekin? Agurra bizikleta gainean, Shakirarekin euskal dantzak,...
I.B.: Ez dakit. Nik uste dut berritze nahia dela, eta sekula ikusi gabeko gauzak etengabe sortzeko gogoa. Eta, horren aurrean, iritziak eta iritziak daude.
X.A.: Bere garaian Aukeranek hartu zuen bideak arrakasta handia izan zuen, eta horrek olatu moduko bat ekarri zuen: talde ia denak berritzen hasi ziren. Eta, noski, berritze horrek ere baditu mugak eta, momentu jakin batean oso zaila da aurrez egin gabeko zerbait sortzea. Eraldatze hori gertatu da, eta oso zaila da proposamen erabat desberdin bat egitea. Kukai dantza konpainiak, adibidez, Oskara proposatu zuen, eta dantza garaikidera erabat bideratu zuen proposamena. Ordea, lan hori egin beharrekoa da; eraberritze horretan aurrera egin behar da.
Zerbait bizirik dagoenaren seinale, ezta?
X.A.: Hori da. Horregatik, iruditzen zait, jendea itzuliko dela sustraietara, edo jendeak ez dituela ahaztuko. Inork ez du gustuko erromeria batean dantzatu gabe geratzea, eta jende asko etortzen da gure helduen ikastaroetara, inbidia sanoaz, fandangoa eta arin-arina ikasi nahi dituelako. Gure ohituren parte da, eta lehengo erromeriak eta oraingoak ez dira berdinak, baina funtsa bera da.
Dantzarekin zerikusirik ez duen esparruetan ari zarete lanean edo ikasten. Gazteagok zinetenean inoiz pentsatu zenuten dantzan modu profesionalean aritzen saiatzea?
X.A.: Niri burutik pasa izan zait, Kukaiko formakuntzetan aritu ginenean-eta. Baina gerora oinak lurrean jarri ditut, eta orain ez nuke unibertsitatean ikasitako guztia alde batera utzi nahi, dantzan erabat aritzeko. Dantzari bizitzak muga bat du, gainera.
I.B.: Gorputzak dauka muga. Eta, horrez gain, dantzari ordu eta urte asko eskaintzen ari gara honezkero.
X.A.: Bai, baina beste helburu batekin. Ideala litzateke, ikasketekin lotutako lana eta dantza uztartu ahal izatea. Baina, gaur egun, dantzariek ezin dute aukeratu: konpainiako jarduna lan bilakatu, baliabide ekonomikoak daudenean edo, bestela, konpainia batean aritu, baina beste lan bat izanda.
I.B.: Horrez gain, gizonek aukera handiagoa izaten dute bide profesionalari heltzeko.
X.A.: Gainera, oso mundu estereotipatua dela iruditzen zait.
Edertasun kanonek zeresan handia dute dantza konpainietan?
I.B.: Noski baietz. Dantzari oso-oso onak geratu izan dira lehen lerroetatik kanpo, eta argi dago konpainiek emakume dantzari eredu bat bilatzen dutela, oro har: hanka finak eta gorputz fina.
X.A.: Eta altuak, eta gerri fina dutenak. Gizonezkoen kasuan, eredu garbi hori ez da hain nabarmena, dantzari gutxiago daudelako.
I.B.: Gizonezkoen kasuan potentzia lehenesten da, nire ustez; emakumeen kasuan, dantzaz gain, itxura fisiko jakin bat.
Diozuenaren arabera, beraz, konpainia batean sartzeko antzeko gaitasunak dituzte bi emakume baldin badaude, kanon estetiko horiek betetzen dituena sartuko da?
Biak: Bai, bai.
X.A.: Zalantzarik gabe.
I.B.: Posible da ballet konpainietatik datorren zerbait izatea. Estereotipo hori betetzen zuten neskak aukeratzen zituzten, eta horrek joera bat sortu du dantzaren munduan, oro har, baita euskal dantzan ere.
Dokumentuaren akzioak