Dokumentuaren akzioak
Inoiz baino dantzari gehiago aritu ziren atzo Errenterian Erromeria Egunean
Dantza plazara irten zen Ereintza taldeak seigarren urtez antolatu zuen festa egun arrakastatsuan
Inoiz baino jende gehiago bildu zen atzoko Erromeria Egunean eta Zumardia txiki ere geratu zen une batzuetan hain baitzen handia multzoa, batzuk dantzan eta besteak musikari soinu txikia, panderoa, dultzaina edo alboka hartuta. Zerua kopetilun egon zen egun osoan, eta saio nagusia bete-betean zenean euri tanta batzuek antolatzaileak gora begira jarri bazituzten ere, eguraldia portatu zen eta bereari eutsi zioten dantzariek. Haiek nahikoa zuten fandango eta arin-arinekin eta asko ez ziren konturatu ere egin euri tanto bakan haietaz.
Ekitaldi nagusia arratsaldean egin zuten Zumardian, eta azken urteotan Euskal Herrian egiten diren erromeria gehienetan bezala Patxi Perez lapurtarra izan zuen protagonistetako bat, berak lortu baitzuen "Hari Gorri" ikuskizunarekin dantzariak eta trikitilariak elkarrekin aritzea, plaza eta oholtzaren arteko tartea gaindituta. Une batzuetan taula hutsik utzi eta dantzarien artera jaisten ziren trikitilariak eta beste memento batzuetan gora igotzen.
Orain arte inoiz egin ez den moduan eman zieten hasiera egunari, herria esnarazi zuen diana baten bidez. Goizeko hamarretan abiatu ziren kalez kale trikitilariak, albokariak eta dultzaina jotzaileak, tartean Laja eta Landakanda, Juan Mari Beltran eta Ibon Koteron. Taldeka, ilaran atera ziren, batzuen eta besteen artean tartea utziz, doinuak elkarrekin nahas ez zitezen.
Atzoko emaitza ikusita esperientzia berriro egiteko asmotan dira Ereintza dantza taldekoak. «Oso ondo atera da, eta hurrengo urtean ere egingo dugu. Goizean goizetik jai giroa sor zedin nahi genuen, eta halaxe izan da», zioen pozik Juantxo Mayak, antolatzaileetako batek.
Esmalteria plazan ogitarteko bat jan, eta Patxi Perezen aginduetara Muxikoak ikastera abiatu ziren dantzariak. Musikariak, oraingoan talde bakoitza bere aldetik, kalejiran abiatu ziren. Ikastaroa izan zen atzoko beste nobedadeetako bat eta ezin hobeto atera ziren gauzak Mayaren ustez: «Dantzari askok parte hartu du, batez ere helduek», azaldu zuen.
Antolatzaileek izan zuten beste lan bat ere, 500 pertsonentzat bazkaria antolatzea kiroldegian. Baina aurretik, ordu batean Zumardian elkartu ziren guztiak, agertoki gainean batzuk, behean besteak.
Guztien artean Pedro Sorzabalbere irundarra zen dantzan ari zen nagusiena. 73 urte dituela ez zion seguruenik inork antzeman, ez behintzat bere bizkar tentea ikusita. Pozik igo zen taula gainera, lagunekin arin-arina eta fandangoa dantzatzera, eta ondoren adi-adi egon zen gainerako dantzarien saioa ikusten.
Sorzabalberek alboan Josefina Indakoetxea zubietarra zuen, 61 urterekin taldeko gazteena. Gogoan du jaioterrian, Zubietan, plazan dantzan aritu ondoren anaiak nola pasatzen zuen txapela trikitilariei ordaintzeko. Nekane Lasa, berriz, 97 urteko ama senitarteko batekin etxean utzi «hemen balitz irrintzia ere botako luke», zioen, eta gustura zebilen, hankak arin eta bihotza alai, gazte zireneko festa giroa gogoan. Guadalupera, Oiartzungo Txiki-Erdira eta Anakako Txorruara joan ohi ziren igandeetan dantzara, eta nahigabea sentitzen du erromeria giroa galdu dela ikustean. «Orain gazteek guk baino dantza gehiago dakite, guk geure kasa ikasi baikenuen, baina ez dute egiten», aitortu zuen.
Urtero joan dira Erromeria Egunera eta «arrastaka ere» etorriko liratekeela zioen. «Taldeko lagun batek hankeko mina izaten du, baina gaur dena joan zaio», azaldu zuen irrifarrez.
Bitartean, Pedro Sorzabalbere Galdakaotik joan ziren dantzariei begira zegoen, askoz gazteagoak haiek. Arratiako dantzak dantzatu zituzten, Erromeria Egunean bildutako gehienentzat ezezagunak. «Lehen Gipuzkoan ere egiten zen dantza hau, baina galdu egin zen. Gu Kepa Artetxerekin hasi ginen ikasten eta erakustera etorri gara hona, horixe baita polita, nork bere dantza estiloa egitea, lehiaketetan eta egiten den dantza akademikoa albo batera utzita», esan zuten Alex Garcia eta Asier Balentziak.
Iritzi berekoa da Juantxo Maya: «Dantza ezin da txapelketetan bakarrik oinarritu, kalekoa, herriarena da eta gaur horixe islatzen da hemen gaineratu zuen Ereintza dantza taldekoak. Gure kulturaren zati da, gainera, eta horrek presentzia izan behar du gure kaleetan». Dantza saioak berriz suspertzeko ahaleginak
Euskal Herrian erromerien gainbehera ikusita, hainbat ahalegin ari dira egiten han-hemenka dantza saioak suspertu nahian. Errenteriako Ereintza dantza taldea izan zen lehenengoetakoa, baina ez bakarra. Euskal Dantzarien Biltzarrak ere bi urtetik behin antolatzen du erromeria lehenengoa Bergaran egin zuten 2002an, eta Berrizen bigarrena duela aste batzuk eta Zerainen ere urte osoan ospatu dituzte antzeko festak. Aian ere, Aristerrazun, lan handia egin dute.
Dokumentuaren akzioak