Dokumentuaren akzioak
"Inoiz amestu baino urrutiago iritsi naiz; esker oneko naiz"

Hogeita zortzi urteren ondoren, agertokiei agur esan die Itziar Mendizabal Escribano ballet dantzari profesionalak. Munduko eszenatoki eta konpainia ospetsuenetan dantzatzeko aukera izan ondoren, egindako ibilbideaz «harro eta asebeteta» agertu da.
Agertokietatik erretiroa hartzea erabaki duzu. Zerk eraman zaitu erabaki hori hartzera?
Poliki-poliki hartzen joan naizen erabakia izan da. Banekien aurten ez bazen, hurrengo urtean erretiratuko nintzela. Nire ideia hurrengo urtean erretiratzea zen apirilerako programatua dagoen ballet batekin, baina eskolako plaza atera zen —klaseak ematen ibili da azken urteetan The Royal Balleten—, eta horiek ez dira maiz ateratzen. Nire burua aurkeztea erabaki, eta plaza eman didatenez, erretiroa pixka bat aurreratzea erabaki nuen.
Behin betiko pausoa ematea ez da erraza izaten. Erretiroa aurreratu eta munduari helaraztea… Nola kudeatu dituzu emozio horiek guztiak?
Hasiera batean, plaza atera zenean, sentimendu kontraesankorrak izan nituen. Alde batetik, prest sentitzen nintzen; baina beste alde batetik, handik sei astetara izango zen aldaketa. Orduan, izan nuen halako momentu bat ez nekiena ziur hartutako erabakia egokia ote zen ala ez. Behin erabakiaren gaineko gogoeta egin nuenean dena pixka bat lasaitu egin zen.
Eta egia esan, azken ikuskizunak oso politak izan ziren. Ballet polit batekin bukatu nuen, gauza asko lotu ziren, eta oso positiboa izan da bukaera hau. Ez dut behartua izan denaren edo azkarregi izan denaren sentsaziorik izan. Alderantziz, oso naturala sentitu dut.
Eta jendearen partetik zer nolako erantzuna jaso duzu?
Sekulakoa izan da. Mezu pila jaso nituen, batez ere, The Royal Ballet eskolak jakinarazi zuenean aurrerantzean irakasle gisa arituko nintzela. Ondoren, gure konpainiak esan zuenean erretiroa hartzera nindoala, beste hainbeste jaso nituen. Dena koordinatuta zegoen. Oso hunkigarria izan da Alemanian dantza egin nuen dantzarien mezuak jasotzea, eta noski, familiarenak, senideenak, lagunenak, Hondarribiko jendearenak… Eromena izan zen. Hainbeste mezu jaso nituen, hurrengo egunetan atzera egin behar izan nuela poliki-poliki begiratzeko nork idatzi zidan. Oso berezia izan zen. Laino baten barruan egon nintzen egun horietan.
Besteak beste Alemanian, Suitzan, eta Ingalaterran aritu zara lanean. Asebeteta geratu zara izandako ibilbidearekin?
Bai, espero nuena baino askoz gehiago egin dut. Beti izan dut dantza egiteko ilusioa, baina nire helburua ez zen inoiz izan bakarlari edo Royal Balleteko dantzari izatea, edo munduko konpainiarik onenean dantzatzea. Gauzak poliki-poliki igaro dira, horraino iritsi naiz. Dantzatu ditut ballet batzuk inoiz espero ez nituenak. Espero ez nuen bezala ere Royal Balletean, munduko konpainia onenetariko batean, lehen dantzari printzipala izatea. Badaude zenbait momentu zure karreran esaten duzunak: «Nola iritsi naiz honaino?». Inoiz amestu baino urrutiago iritsi naiz, eta esker oneko naiz horregatik.
Erretiroak zure ibilbidea errepasatzeko aitzakia eman du. 4 urterekin hasi zinen dantzan Elvira Ubiernarekin. Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek?
Maitasun handiz. Elvirarekin, gainera, oso harreman polita izan nuen, baita kanpoan izan nintzenean ere. Beti mantendu genuen harremana. Dantzaren benetako funtsa eta oinarri bikaina eman zizkidan. Hori gabe ez nintzateke egongo nagoen tokian. Balletarekiko errespetua, lanarekiko errespetua, diziplina… Baina baita dantza maitatzea eta sentimenduekin disfrutatzea ere. Ateak ireki zizkidan mundu oso polit batera, eta aldi berean, behartu ninduen mundu honi ematera. Elvira gabe gauzak oso ezberdin izango lirateke, ziur.
14 urterekin joan zinen Madrilera. Badirudi oso gaztetatik zenekiela dantzaria izan nahi zenuela. Zer zen balleta momentu horretan zuretzat, eta orain, beste perspektiba batetik ikusten al duzu?
Momentu horretan balleta zen dena, eta ez zegoen beste ezer nire aurrean. Zaldiei alboetara ez begiratzeko jartzen dizkietenak bezala, hala nengoen balletarekin. Gogoan dut nola aitak behin edo behin esan zidala: «Kontuz, balleta ez da guztia bizitza honetan». Eta eskerrak. Zure pentsatzeko era zabaldu behar da. Baina Madrilgo une horretan balleta zen dena.
Hala ere, egin behar den zerbait dela uste dut. Azkenean, gora iristeko momenturen batean zure dedikazio guztia horretara joan behar da. Baina gero ere egia da, urteekin, eta batez ere semea eduki dudanetik, lehentasunak aldatu egiten direla. Balantza aldatu egiten da, eta dantza osagarri bat bihurtzen da. Gainera, asko disfrutatu dut nire semeari nire bizitzaren pusketa hori erakutsi diodalako.
Aldi berean, pauso hori eman ahal izanak babes sare handia izan zenuela erakusten du.
Beti izan dut. Bai gurasoak, senideak eta hemengo lagunak [Hondarribikoak] ere beti izan dira nire ondoan, beti izan dut babes hori. Eta uste dut babes horri esker mantendu ditudala hankak lurrean. Burbuila moduko zerbait bihur daiteke dantzaren mundua. Eta niri garrantzitsua iruditzen zait hortik kanpora ateratzea eta ez txoratzea. Momentu zailetan ere ondoan izan dira. Orduan, ez naiz inoiz bakarrik sentitu, nahiz eta urruti egon.
Madrilgo ikasketak bukatu eta Suitzara joan zinen, Zuricheko Balletera. Nolatan eman zenuen jauzia?
Victor Ullaterekin aritu ondoren iritsi zen momentu bat artistikoki hedatu nahi nuena. Zazpi urte neramatzan Madrilen, eta egia da Victorren konpainiak koreografia asko egiten zituela, baina gero eta klasiko gutxiago egiten zituen, eta geroz eta kanpoko koreografia gutxiago ekartzen zituen. Beste gauza batzuk probatu nahi nituen. Gainera, Victorren konpainiak ez zuen antzoki propiorik. Hemen ez da ohikoa dantza konpainiek beren antzokia izatea. Lan egiteko sistema bera ere pixka bat ezberdina da, eta lan baldintzak ere ez dira askotan onenak. Ez genuen ordutegirik. Orduan, iritsi zen momentu bat probatu nahi nuena zer sentitzen zen beste konpainia batean, beste koreografo batzuekin lan eginez eta antzoki batean dantzatuz. Zurichera salto egin nuen eta beste esperientzia bat izan zen, beste herrialde batean, beste hizkuntza batekin. Ezberdina, baina dantzatik harago, bizitza esperientzia bat izan zen.
Ondoren, Leipzigeko balletera (Alemania) joan zinen, bakarlari gisa hasieran eta geroago lehen dantzari gisa. Nolako esperientzia izan zen hori?
Beti esaten dut Zurichetik Leipzigera joatea izan zela nire karreran egin dudan aukeraketarik onena. Audizioa egin nuenean ikusi nuen zuzendariak [Paul Chalmer] benetan potentzial handia ikusten zuela nigan, eta hasieratik esan zidan konpainian nahi ninduela, eta gauza asko zituela buruan niretzako. Eta halaxe izan zen. Iritsi eta hilabete gutxira Zisneen lakua dantzatu nuen lehen dantzari bezala. Hurrengo urteetan klasiko guztietan egin nituen rol printzipalak. Eta poliki-poliki, hari eskerrak, ni naizen dantzaria eta artista finkatu genuen. Hedatzen asko lagundu zidan, eta han egindako lanak ateak ireki zizkidan gero Royalera joateko.
Handik zuzenean joan zinen The Royal Ballet konpainiara. Han geratu zinen hamabost urtez. Zer izan da Royal Ballet zuretzat?
Nire etxea izan da. Beste konpainietan oso esperientzia ona izan dut, baina egia da Royalen hainbeste urte egon ondoren, zure identitatearen pusketa bat bihurtzen dela. Historikoki oso berezia izan den instituzio baten parte zara, eta horrek zama bat dakar, baina baita harrotasuna ere. Hamabost urteren ondoren Royal Balleteko dantzaria naizela barruan daramat, eta nire identitatearen zati bihurtu da.
Zure eguneroko errutina faltan botatzen duzu? Agian goizegi da, ezta?
Bai, oraindik goizegi da. Uste dut konpainia bera ere ez delako lanean hasi oraindik, abuztu erdian hasiko dira beraiek. Egia da atzo izan nuela momentu bat esaten nuena: «Jada ez dut entrenatzera joan beharrik». Orduan, egongo da momentu bat nire lankide zirenak… Arraro egiten zait zirenak esatea ere, duela aste batzuk arte oraindik nire lankideak zirelako [barrez]. Beren erritmora hasten ikusiko ditut, eta ni beste aldean egotea arraroa egingo zait. Baina prest nago. Azken txanpa horretan gauzak aldatu egin ziren, eta bazen garaia niretzat.
Nolakoa zen zure errutina?
Normalean operara 10:00ak aldera iristen nintzen. Egunero genuen klasea 10:30etik 11:45era arte. Teknika landu, barra eta zentroa, gure balleteko entrenamendu klasikoa zen. Gero, 12:00etatik 18:30era arte entseguak izaten genituen, eta ikuskizuna balego, 17:30ean entsegua bukatu eta 19:30ean hasten zen ikuskizuna. Hori zen gure egunerokoa astelehenetik ostiralera. Askotan, larunbatean emanaldiak zeudenan, goizean lanean izaten ginen eta arratsaldean emanaldia izaten genuen.
Zein uste duzu izan dela gakoa hainbeste urte goi mailan mantentzeko?
Galdera horri erantzutea zaila da. Lana ondo egitea esango nuke. Basea eta gorputzaren kolokazioa deitzen dioguna ondo mantentzea eta jakitea noiz bultzatu %100era, eta noiz ez. Zure mugak ezagutzea gorputza ez gehiegi behartzeko, lesioak ekiditeko… Gauza asko daudela esango nuke. Genetikoki, adibidez, zortea izan dut nik. Izan ere, izan ditut lesioak normala den bezala, baina ez dut erraz lesionatzen den gorputz bat. Bestalde, klaseak, adibidez, ez ditut inoiz falta izan. Egunero joaten nintzen entseguetarako prest iristeko, elikadura ona nuen… Hau da, diziplina. Gustura egotea ere ezinbestekoa da. Ez baduzu zerbait gustura egiten esfortzua askoz ere handiagoa bihurtzen da. Denetarik dago: zure lana, eta zortea ere bai.
Dantzari izatea oso lan bokazionala dela esan daiteke, eta aldi berean, zure burua hobeto ezagutzea ahalbidetu dizu.
Bai, guztiz, eta koreografo ezberdinekin lan egiteak ere bai. Askotan ballet ezberdinak dantzatzeak eta pertsonaia ezberdinak dantzatzeak zure barruko ikerketa bat egitera behartzen zaitu, sentimenduak aurkitzeko. Dantzaren bidez askotan zure burua ezagutzen duzu. Horregatik esaten dut askotan dantzariak oso helduak direla emozionalki. Hortik dator. Paper ezberdin askotan sartzen zarelako eta saiatzen zarelako ulertzen pertsonaia bakoitza zergatik iritsi den puntu horretara. Horrek heldutasuna ematen dizu, besteen ikuspuntua ikusteko eta zure buruaren mugak ezagutzeko.
Oso lan diziplinatua eta gogorra da. Alde horretatik, alderdi psikologikoak ere garrantzia al du balletean?
Bai, izugarria. Duela lau urte beldur eszenikoa izan nuen bat-batean ikuskizun baten aurretik. Inoiz ez zitzaidan halakorik gertatu nire karrera osoan. Psikologoarekin horri aurre egiteko estrategiak landu behar izan nituen.
Oso desatsegina da hori gertatzea. Goizean oso ahul esnatzen zara, gorputzetik kanpo bazina bezala, eta hala ere, aurre egin behar diozu ikuskizunera iritsi arte, prestatu arte. Eta 2.500 pertsonen aurrean jarri behar zara. Zure nahia da korrika egin, gela ilun batean sartu, eta ihes egitea. Baina zorionez badugu laguntza. Nire kasuan oso berandu heldu zitzaidan, baina beste zenbaiti lehenago iristen zaie; beste zenbaiti, inoiz ere ez.
Konpainiak beren artean oso ezberdinak al dira?
Bai, baina kontuan hartu behar da garai ezberdinetan izan nintzela horietan. Adibidez, Victor Ullaterekin 1990eko hamarkadan hasi nintzen. Pedagogia ez zen gaur egungoa. Gu tratatzen gintuzten modua gaur egun ez litzateke egokia izango. Zurichen ere zuzendariarekin arazoak zeuden dantzariak tratatzen zituen moduagatik. Eta horrek, dantzarien artean ere, giro nahastua sortzen zuen. Madrilen asko sumatu nuen hori. Inbidiak, maltzurkeriak… Leipzigen lasaiagoa izan zen dena, konpainia txikia zen. Eta Royalen oso giro polita dago. Beti daude gauzatxoak, baina dantzariak hain maila altukoak dira, errespetua dagoela bata bestearekiko. Giro oso polita eta oso profesionala dago, eta hori zuzendaritzatik dator.
Azkenean giro on horrek eragiten du bertan geratu nahi izatea. Irakasle gisa jarraituko duzu bertan. Nola ikusten duzu hurrengo etapa?
Gogo handia dut. Duela hamar urte atera nuen irakasle izateko diploma, eta Frantzian gaitasunak erakusten dituen diploma bat ere atera nuen. Ordutik hainbat ikastaro eta klase eman ditut, eta ordezkapenetarako deitu izan didate. Irakaskuntzaren arlo hori garatzen joan naiz azken urteetan, eta asko disfrutatzen dut. Gurasoak, biak irakasleak ziren erretiratu arte, eta beti esan izan dut dantzaria izan ez banintz irakaslea izango nintzela. Gainera, egokitu zaidan klaseko ikasleak ezagutzen ditut jada, aurten ordezkapen bat egin dudalako haiekin. Oso trantsizio natural eta polita izan da. Bizi izan dudana transmititu ahal izango diet eta beren ametsa betetzeko prestatu.
Hondarribian gazte asko daude balletean dabiltzanak. Horietako zenbait Parisko Operan eta Royal Ballet School-ek eskaintzen dituzten udako ikastaroetan ere egonak dira. Horiei zer esango zenieke?
Batez ere disfrutatzeko eta momentu bakoitza bizitzeko. Mundu zaila dela, baina ilusioz eta lana eginez aurrera egiteko, ahal eta nahi dutenera arte. Dantzak zerbait itzultzeko dantzari eman egin behar zaiola esango nieke ere, eta gero, zortea ere behar dela. Zorterik onena opa diet. Espero dut beraiek ere beren ametsak bete eta iritsi nahi duten tokiraino iristea.
Nola ikusten duzu egun balletaren mundua? Osasuntsu al dago?
Bai, eta eskoletan lan asko egiten ari da. Royal Balleteko eskolan bertan, adibidez, lan asko egiten da umeen babeserako. Kirol zientzia asko erabiltzen ari dira lesioak ekiditeko eta kudeatzeko, eta pedagogiari dagokionez, orain askoz ere borobilagoa da dantzaren heziketa, ez baita soilik gorputz bati begira egoten, baizik eta pertsonari begira, ikasle bakoitzaren beharrak kontuan hartuz. Zenbait behar fisikoak izango dira, beste zenbait psikologikoak.
Aldaketa handia gertatu da dantzaren munduan. Zenbait ikasle punta-puntara iritsiko dira, beste zenbait ez. Baina pertsona bezala munduan ondo, pozik eta osasuntsu aurrera egitea da nahi duzuna. Zuzendaritzako jendea lan handia egiten ari da alde horretatik, eta gogo handia dut horren parte izateko.
Atzera begiratuta, baduzu gogoan duzun momentu berezirik?
Azken ikuskizuna, garbi daukat hori. Ama gaixo dugu, ELA eritasuna du, eta pentsatua nuen bezala hurrengo urtean erretiratu izan banintz agian Londresera joatea ezinezkoa egingo litzaioke. Oraingoan etorri ahal izan da. Beti imajinatu izan dut ama bertan, nire azken ikuskizunean. Oso berezia izan zen bera, ahizpa eta ilobak ere azken emanaldi horretan izan zirelako, baita bikotekidea eta semea ere. Momentu borobila izan zen urteetako lanari bukaera emateko. Hori da oraintxe azalaren gainean dudana.
Dokumentuaren akzioak