Dokumentuaren akzioak
Ingurutxoaren ohitura berrituko dute Bedaioarrek
Bihar arratsaldean, herri kirolak eta gero, ikusleen aurrean dantzatuko dute bertakoek
Egun, festetan bakarrik egiten dute Ingurutxoa, baina garai batean maiz dantzatzen zuten. «Igande arratsaldeetan erromeria egiten zen: Juan Antonio Sarasolak txistua jo, eta plazan elkartzen ginenek dantza egiten genuen. Dantza soltean aritzen ginen, eta txistulariak Ingurutxoa jotzen zuenean, hura ere dantzatzen genuen», dio Jauregik.
«Bedaioko Ingurutxoa noiztik dantzatzen den ziur ez dakigu, baina gure aurrekoek ere dantzatzen zutela gogoratzen dut; haiengandik ikasi genuen», dio dantzari izandakoak. Jatorriari buruz, bat datoz biak. Jon Balerdiren iritziz, «Nafarroatik sartutako dantza mota dela uste da. Gipuzkoan, Bedaion eta Ugarten izan ezik, beste inon ez da dantzatzen».
Nafarroako herrietan dantzatzen dutena eta Bedaioko ingurutxoa ez dira berdinak. «Herri bakoitzeko Ingurutxoak ezaugarri jakin batzuk ditu. Tokian tokiko berezitasunak hartzen ditu», dio Jon Balerdik.
Valentina Jauregiren arabera, «festetan, meza nagusiaren ondoren ere dantzatzen zen Ingurutxoa. Baina hark bazuen berezitasun bat: bi bikote bakarrik aritzen ziren».
Bedaioarrek igandero dantzatzen zuten urte haietan osasuntsu mantendu zen Ingurutxoa. Gero, ordea, baxualdia izan zuen. Bedaioko plazak hogei urte inguru eman zituen, Ingurutxorik gabe. «Gure belaunaldikoek ezagutzen genuen, baina geldialdi hura zela eta gazteagoak ikasi gabe gera zitezkeela ikusi genuen», azaldu du Jauregik.
Hamazazpi urte, berriro ekin ziotenetik
Ingurutxoa galtzen uzteko altxor baliotsuegia zela ikusita, herriko hainbat laguni deitu eta berriro dantzan hastea proposatu zien Valentina Jauregik. «Orain hamazazpi urte ekin genion berriro jendaurrean dantzatzeari. Hamabi bikote elkartu ginen orduan», dio. Hasiera hartan hogei bikote hasi baziren ere, azken urteetan zortzi edo bederatzi bikote inguru ateratzen dira dantzan.
Bedaioko Ingurutxoan gizonak emakumearen parean jarri eta atzeraka egiten du dantza. «Garai batean gizonak bere bikotearen aurrean abilezia erakutsi nahi izaten zuen; horretarako, atzerakako dantzan belaun eta gerri mugimenduak egiten zituzten. Dantzarako orduan, Elizaren eragina ere nabaria zen; hortik, gizon-emakumeek, elkarri helduta ez, baizik eta zapi bat tarteko dutela dantzatzea» dio Belokik.
Ingurutxoa dantzatzen bertatik bertara ikusteko aukera izango da, bihar, herri kirolen ondoren, Bedaioko plazan. Urte osoan gordeta duten trebetasuna jendaurrean azalduko dute, beste behin, Bedaioko dantzariek.
Dokumentuaren akzioak