Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Indartsuak, baina ez horren finak

Dokumentuaren akzioak

Indartsuak, baina ez horren finak

Maskaradetako dantzariak

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Tokia
Urdiñarbe
Mota
Albistea
Data
2006/02/10

Urdiñarben (Zuberoa) azken 50 urteetan dantzatu dituzten aitzineko puntuak berberak direla dio Jean Pierre Bordagaraik. «Guk ikasi genituen puntuak erakutsi ditugu. Basaburuan izan da puntu berriak sortzeko joera. Urdiñarben ez dugu horrelakorik izan».

Urdiñarbeko maskaradetan bai arizale gisa eta bai prestaketa lanetan laguntzen jardun den Marxel Bedaxagar ere bat dator Jean Pierrerekin, eta bide batez Urdiñarbeko dantza maisu handia izan zena ekarri nahi du gogora. «Erramun Tartaxu, Urdiñarbeko dantza maisuarekin ikasi ditugu aitzineko puntuak. Erramun Tartaxu 1949. urteko maskaradetan dantzatu zen, eta hari esker ikasi dugu dakigun guztia. Zor handia dugu gizon horrekin. Urdiñarbeko dantzariek gaur egiten duten guztia Tartaxuk irakatsi ziguna da».Aurrera begira, Zuberoako dantzen etorkizunaz galdeturik, itxaropentsu ageri dira bai Jean Pierre Bordagarai eta bai Marxel Bedaxagar. «Beti biziko dela pentsatzen dugu», dio Bedaxagarrek. «Ikusi ditugu mutiko oso onak Ligin, Larrainen... Lehengoak baino hobeak dira dantzari batzuk orain». Bordagarai ados da, baina garai batean ere dantzari bikainak zeudela gogorazi nahi du. «Etxebest bezalakorik ez dut ikusi. Larraineko taldean aritzen zen Ligiko dantzaria. Oso fina eta dantzari osoa».Gaur egungo dantzariak fisikoki oso indartsuak direla uste du Marxelek. «Indar handikoak dira, baina urrats finetan galdu egin da. Lurrean, ez dago Jean Pierre Bordagarai bezala dantzatzen denik». Lotsatuta irribarre egiten du Bordagaraik, «Goitik dantzatzeko indar nahikorik ez izanik azpitik egin behar!».

Dantzari onaren dohainak

Zeintzuk dira bada dantzari onaren dohainak? «Biak», erantzun du azkar Marxel Bedaxagarrek, «behar da indarra eta baita estetika ere. Dantza hori da, ez bakarrik indarra. Estiloan galera dago orain. Lehen ere gutxi ziren onak, hau da, antrexatak eta frexat ederrak egin, eta lurrean ere eder dantzatzen zirenak gutxi ziren».

Urdiñarbetarrak pozik ageri dira, maskaradak plazaratzearen ondorioz, dantza utzita zuten zenbait mutil itzuli direla ikusita. «Luzerako izan daiteke», diote itxaropentsu biek. Izan ere, azken urteotako joera garbia da Zuberoan mutilek gero eta gutxiago heldu diotela dantzari. Jean Pierre Bordagaraik oso garbi du neskei esker eutsi zaiola dantzari. «Neskengatik ez balitz, Zuberoako dantzak galduko ziren. Neskek atxiki dute». Marxel Bedaxagar ados da, baina horrek izan duen ondorioaz ohartarazi nahi du. «Neskak dantzan hasi direlarik, mutilek pentsatu dute dantza nesken afera dela, eta orain mutilek ez dute dantzatu nahi».

Modu batera edo bestera, dantzaren etorkizuna ziurtatuta ikusten dute Urdiñarbeko dantza maisuek, baina bada hori baino gehiago arduratzen dituen auzia. «Dantza bai, baina hizkuntza? Ondoko urteetan zailtasun handiak izango ditugu mintzairarekin», azaldu dute kezkati.

Egutegia

Otsailaren 12an: Pagola
Otsailaren 18an: Maule
Otsailaren 19an: Mitikile
Otsailaren 26an: Atharratze
Martxoaren 5ean: Altzürükü
Martxoaren 12an: Larraine
Martxoaren 19an: Muskildi
Martxoaren 26an: Arrokiaga
Apirilaren 2an: Idauze
Apirilaren 9an: Hoki
Apirilaren 16an: Barkoxe
Apirilaren 23an: Altzai
Apirilaren 30ean: Eskiula

Dokumentuaren akzioak