Dokumentuaren akzioak
Indartsu hasi da
Antzerki feria
Indartsu hasi da Antzerki Feria. Lehen sorpresa Tangos y tragedias lanarekin etorri da. Porto Alegreko (Brasil) Nico Nicolaiewsky eta Hique Gomes biolina eta akordeoia jotzen agertu ziren. Nico Bela Lugosiren itxura beldurgarriarekin azaldu zen. Zoro baten moduko orrazkera zeraman eta zoro-begirada itzelekin zulatu zitzaigun denbora guzti-guztian. Hiquek, ordea, Gardelen garaiko pelikula batetik ihes eginda zirudien.
Emanaldian zehar musikari bikainak izateaz gain, primerako antzezleak ere bazirela erakutsi ziguten. Izan ere, publikoa lehen unetik poltsikoratzen jakin zuten eta Sbornia beren ustezko aberritik ekarritako istorio absurdoetan bilduta aurkeztu zuten musika, aretoko hall-ean amaitu arte.
Txalo zaparrada artean ere amaitu zen Ballet Biarritzeko emanaldia. Errusiar Baletei egin omenaldian XX. mendeko hasierako lau pieza aurkezten dira, Thierry Malandain koreografoak era batean edo bestean moldatuak dantza moderno eta garaikidearen parametroen arabera. Emanaldiko lau piezetan ageri-agerian geratzen da Biarritzekoen prestakuntza fisiko eta estetikoa, balet handien guztiz parekoa dena. Lauretatik balio handienekoa Pulcinella da, eta ez bakarrik Comedia dell'Arte-ren zapore ukaezinarengatik, edota zoragarria delako Pergoleseren ustezko musika Stravinskyk orkestratua entzutea, baizik eta guztiz txalogarria delako oraingo estetikara hurbiltzeko ahalegina. Protagonismorik gabeko talde kohesioa, ausardia estetikoa eta zintzotasuna dira balet honen bertute nagusiak.
Dantzarekin jarraitzeko, zerura begira egon ginen Mirando al cielo ikuskarian. Izan ere, Konstituzio plazan jarritako muntaiari esker, dantzariak gure buruen gainean aritzen dira hamar minutuko emanalditxotan. Berez, koreografiak ez dira beste munduko gauza, baina burutzapena guztiz txukuna da eta oso irudimentsua.
Super Rawal. Izen horren atzean Bartzelonako Raval auzo baztertua izkutatzen da, eta antzezlanak hango gazteen bizimodu antzua jasotzen du, ederki jaso ere. Emanaldian zehar etengabe galdetzen nion neure buruari «benetako antzezleak ote dira, ala bertako jendea aktore bihurtuta?», hain ziren naturalak egoerak, solasaldiak eta jarrerak. Nik espero dut laster ikustea Euskal Herriko antzoki guztietan ekoizpen kementsu eta eredugarri hau, behar den moduan komentatu ahal izateko. Guztiz pozgarria deritzot Kataluniako antzerki konprometitu eta interesgarri honi.
Dokumentuaren akzioak