1973. urtea, Gasteiz. Frankismoa bere azken hatsean zegoen, arabar talde batek Arabako eta Euskal Herri osoko ohiturak dantzen bidez aztertzeari, kontserbatzeari eta erreproduzitzeari ekin zionean. Horrela jaio zen Indarra Euskal Kultur Elkartea, eta azken bost hamarkadetan ehunka arabar igaro dira taldetik, Euskal Herriko zazpi lurraldetako euskal dantzak berreskuratuz.
Lehen urteetan, herriko jaietan edo urte amaierako ospakizunetan, Ilargi Betea bezalako jaialdiak antolatu zituzten. Lan horri zein euskal dantzen arloan egindako zabalkundeari esker, 1978an Urrezko Zeledon saria jaso zuen Indarrak. Gasteizko herriak euskal folklorea zabaltzeko eta berreskuratzeko egindako lan guztia eskertu nahi izan zion horrela. Halaber, 1993an, Arabako Foru Aldundiak talde gasteiztarrari eman zion Kultura Saria.
50 urte hauetako lanaren emaitza nagusietako bat abuztuaren 5ean Andre Maria Zuriaren omenez dantzatzen den Gasteizko Zortzikoa da. Hainbat iturriren arabera, XVIII. mendean zehar dantzatu zen, baina gero, uneren batean, tradizioa galdu zen; 1988. urtean Indarrak berreskuratu zuen arte. Gaur egun, ekitaldi hori urtero egiten da Gasteizko jaietako egun handian.
"Folklorea zabaldu, irakatsi eta jaioterrira itzuli, hau da, herrira itzuli", horixe da Indarra Kultur Elkarteak bost hamarkadaz bizirik mantendu duen helburua, eta asmoari eutsiko diote etorkizunean ere.
50. urteurrena
50 urteko ibilbidea ospatzeko urtea izango da 2023, eta urtean zehar antolatutako jarduera guztien berri ematen joango dira. Indarratik igaro diren dantzari historikoek ere parte hartuko dute ikuskizunetan, eta emanaldi bereziak antolatuko dituzte urte osoan zehar.
Oraingoz, lehen hitzordua Inauterien bezperan izango da, taldeak ospakizun horrekin izan duen lotura historikoa baliatuz. Izan ere, Indarrak antolatu zuen Gasteizko lehen inauteri-konpartsa, 1979an, hiriko kaleak musikaz eta dantzak bete nahi zituelako. Esan eta egin, gaur egun arte. Gainera, 2005. urteaz geroztik, inauteriak animatzeko ikuskizunak eskaini ditu Indarrak urtero: besteak beste, Godaleta, Sasi guztien gainetik, Naturaren indarra, Indarteriak eta Gora inauteriak!
Otsailaren 17an, ostiralean, Gasteizko Plaza Berrian aurkeztuko duten Topagure ikuskizun bereziarekin. 20:00etan, Indarrako talde guztiak elkartuko dira: fanfarrea, gaitariak, txistulariak, dantzariak... Baita urteetan zehar Indarraren ikuskizunetan agertuz joan diren pertsonaiak ere. Ikuskizunaren oinarria euskal dantzak, euskal folklorea eta euskal mitologia izango dira.